Poeton udaberria, 2024ko apirilaren 4a, osteguna.

Irakurle estimatua,

poeton udaberria hemen da, eta zorioneko gu!

Poeta

Ainara Maia: «Bizitzeko, sentitzeko edo adierazteko modu bat da poesia»

‘Hatsaren poesia’ olerki bildumako 26. liburukia aurkeztuko dute igandean, Senperen. 126 poetak parte hartu dute; horietako batzuk olerkari ospetsuak dira, eta beste batzuk hasiberriak.

Urko Iridoy Alzelai

Ainara Maia, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

https://www.berria.eus/…/bizitzeko-edo-sentitzeko modu bat

https://www.berria.eus/bizigiro/bizitzeko-edo-sentitzeko-modu-bat-da-poesia_2123144_102.html?fbclid=IwAR0sQrVApktoc7HvOE0rh584-dUrDoVnybNfxjBHnHNjwHFcf7Poua0o1uc_aem_AXFPIazcSsSiHSn-qtIHnbRqwWXDSxE2n6F3A62Msm5CSsSY36kxl2_5GSKpC295IoAA67rDDrWSNJJXEtcW2Y0t

Olerkari maitea,

Poeton udaberrian, jada liburua eskuetan, eta aurtengo Sarako idazleen biltzarra iragan dela, oroitarazten dizuet APIRILAREN 7AN IGANDEAN eginen dugula liburuaren aurkezpena.

Urtero bezala, Senpereko Amotze Auzoko Larraldean 11:30etan elkartuko gara, eta 12:00etan liburuaren aurkezpen ofiziala egingo dugu. Aurtengo liburuaren sar-hitzaren egile Joseba Aurkenerenak, eta liburuaren azalaren irudigile Lander Zurutuzak hartuko dute hitza, baita Hatsaren poesiako sortzaile Auxtin Zamorak ere.

Ondoren, elkarrekin aperitifa hartuko dugu, eta elkarrekin mintzatuko gira.

14:00etan atseden hartuko dugu gorputza elikatzeko, eta bakoitzak bere bazkaria eramanik, partekatuko dugu oturuntza goxoa.

Atsedenaren ondoren, 16:00ak aldean, plazerez gozatuko dugu bazkaloste poetikoaz: bakoitzak bere borondatez bere olerkia irakurri edo kantatu dezake, eta nahi duenerako har dezake denona den mikrofonoa.

Has dezagun elkarrekin POETON UDABERRIA!

Ikusi arte!
HATSA

TTIPI TTAPA:
https://erran.eus/…/1712044422012-hatsaren-poesia…

(Argazkiaren diseinugilea: Cristina Fdez)

(Argazkiaren diseinugilea: Juan Luis Eizmendi)

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Irunen, 2024ko martxoaren 26an, asteartea… Irauteko irun!

Irakurle maitea,

https://www.berria.eus/iritzia/zuzendariari/irauteko-irun_2122700_102.html

Irauteko irun

Ainara Maia Urroz

2024ko martxoaren 24a

Zibilizazio berri bat amestuz idatzi zuen frantsesez 2002. urtean Jean Ameztoi beskoiztar sinestunak. Lehenago ere saiatu zen Joanes Leizarraga euskaraz idazten Euskal Herri osoak uler zezan, eta iragan martxoaren 10ean Beskoitzera joan ginen periferietatik injustiziaren bihotzera, erdigunera.

Non eta mugan juntatu dira Beskoitze eta Zangozako ikastolak, Balmasedako Zubizaharra, Lodosako Ibaialde, Sohütako Eperra eta Vianako Erentzun, baita Tuterako Argia eta Oiongo San Vicente ere, elkar adoretzeko eta, era berean, omenduak izateko, aitzina segitzeko bizirik euskaraz.

Zortzi ikastola eta zortzi herri desberdin eta antzeko, Euskal Herriko periferian, baina ez Euskal Herritik kanpo. Non eta mugan, herria egiteko sortu ziren ikastolak, eta ama euskarak badaki nola gu seme-alabok elkartu, batera bizitzen segitzeko. Azkenaldian hezkuntzak eta euskarak Espainiatik eta Frantziatik pairatzen dituzten trabak dira ikastolei sartutako labankadak, baina Beskoitzeko besarkadaren elkartasunak eta batasunak min denak kenduko ahal ditu!

Non eta mugan, herriek miresmenez begiratzen diote erdiguneari, eta, era berean, erdiguneek periferia idealizatzen omen dute. Gure arteko sarea indartzea eta ehuntzea da irtenbidea kanpotik datozen oldarraldien aurrean, eta aitzina segitzeko sare hori irun beharra dago etengabe. Bizirik irauteko irun besterik ez dago eguneroko lanean, irun elkarren arteko sarea, euskara den hariarekin.

Non eta mugan bildu gara, Beskoitzen, elkar adoretzeko (edo ahalduntzeko), eta iruten segitzeko, irauteko irun beharra baitago, eta Irun da orain harro herri honen bihotza, Baionara bidean gorpuztuko den ehuna, tipi-tapa hamaika egunetan, herriz herri, mugatik mugara, periferiatik erdigunera. Edo ez. Agian ez dago mugarik, eta denok gara erdigune eta periferia aldi berean, denok gara bat euskara den hari ikusezin honek ehundurik, irundurik.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Irunen, 2024ko martxoaren 1ean, ostiralean… aurrintzen ari?

Irakurle maitea,

aspaldiko partez, hona hemen nire berri, nire udaberri aurreko HITZA:

Urtatsez mukutsa, elur aurreko ihintz izoztua. Ene barneko hatsaren hots hotza botako dut, besteena ere har dezadan, eta aurten ere Senpereko Hatsaren Poesiako liburuan parte hartu nahi nuke, eta zuk ere berdin egin dezakezu. Aurten, bisurtea dugu eta iazko gauza txarrak ahantziz eta barkatuz, iazko gauza onak bikoiztu daitezela da ene desira. Baina, ez gara geure baitakoak. Hala ere, dagokidana ahalik eta ongien egiten saiatuko naiz, orain arte bezala, nahiz eta hanka sartu eta hankak putzutan sartu. Horietatik ikasi eta aurrera beti, ene aita zenak zioen moduan. Negu hotz honek udaberria ekarriko ahal du! Iluna argi eginen ahal da! Geure barneko argiak gida gaitzala, bederen, urte berrian, bisurte magikoa eta ona izan dadin.

Eguna luzatzen ari dela sumatzen dut, eguneko argi gehiago izanik, itxaropena bihotz-begietan dut, nahiz eta gauzak zail egon munduan, nahiz eta indarrez ahul sentitzen naizen. Duela lau urteko pandemia dut gogoan, eta duela lau urte hain juxtu ekin nion lanpostu berriari. Lau urte jada lan berean, eta badirudi hasiberri bat naizela, nahiz eta esperientzia zabala izan lan-munduan. 2020ko otsailaren 1ean ilusioz beterik hasi nintzen, baina lehen egunean berean ez nintzen ongietorria sentitu lankideen aldetik. Beharbada eta seguru nire irudipena izanen zen, eta nire izaera lotsati eta beldurtia, baina agian lankideek ere ez zidaten arretarik jarri.

Geroztik, pandemia bat tarteko, badirudi kosta egiten ari zaidala aurrintzen, egokitzen alegia. Tokiz kanpo nagoela sentitzen naiz, eta besteak baino gutxiago balio dudala iruditzen zait, akatsak egiten ditudalako nahiz eta saiatu ongi egiten. Saiatzea ez omen da nahikoa eta!

Azken lau urte hauetan, pandemia bat tarteko, gauza onak ere gertatu zaizkit, 2020an bertan Oroiminezko igandeak liburua argitaratu nuen, konfinamendu betean editorearekin zuzenketak egin ondoren. Lau urte hauetan beharbada ez naiz ama izan, baina ama naiz sortzen segitu dudalako, eta aurrintzen joan naiz lantokian eta beste toki guztietan, gozatuz ere bai, prefosta! Jende onaz inguratu naiz, lagun atseginez eta familia jatorraz. Lau urte hauetan sorioneku eta zoriontsu izan naiz, eta zorioneko naiz badudalako norbait aldamenean, baita Hendaian bi iloba surflari eta futbolari ere, eta esperantza dut euskaldun izaten segituko dutela, gure herria, kultura eta hizkuntza maitatuz.

Izan ere, zoriona maite ditugunen beroa ukaitea da, urrun ala gertu izan, eta lehen saiakeran (eta bigarrenean, hirugarrenean…) bihotza mila puskatan egin banuen ere, ikasi dut, eta azkenaldian badut norbait bederen puskak biltzen eta konpontzen lagundu didana, bihotzen batasunaren indarraz.

Lau urte hauetan ene Euskal Herri maitea gehiago ezagutu dut, eta Xiberotik Zorrontzara nahiz Garazitik Zarrakaztelura Bardeetan barna laketu naiz, baita aurrindu jendearekilan ere, eta naturarekin bat egin ere.

Euskal Herriko historiaz ere ikasi dut Nabarra alde horretan eta iragan igandean oroitu genuen Castejonen 1894ko otsailaren 18an Gamazoren aurrean Hego Euskal Herriko euskaldun guztiak batu zirela gure foruak edo eskubideak (eta ez pribilegioak) babesteko. Sabin Arana bera han egon zen Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako beste euskaldunekin batera, gerora sortuko zuen euskal banderaren lehen saiakerarekin eskuetan. Egun hori aldarrikatu beharko genuke agian Euzko batasunaren egun gisa, etorkizunean ere gure eskubideak elkarrekin babes ditzagun, zazpiak bat eginez!

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Donostian, 2023ko arramaiatzaren 22an, osteguna… uda on! (pausatzeko gogoz eta beharrez)

Irakurle estimatua:

Azkenaldian ez dut egunerokorik egunero behinik behin idazten, baina hona hemen OarsoBidasokoHitzan argitaratutako ene azken HITZA:

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Donostian, 2022ko abenduaren 27an, asteartea. Hitzetatik harago…

Irakurle maitea:

blog hau sortu nuenean, ene buruaz beste ez egiteko zela pentsatzen dut; atzerrian nengoen, bihotza hautsirik Euskal Herritik alde egina. Blog hau ene psikologo sentimentala izan duzu, eta batzuetan damu naiz ene benetako barneko sentimenduak publiko egiteagatik. Hitzetatik harago, ene sentimenduek itotzen ninduten, eta zuri, ezezagun (edo ezagun edo lagun), idatzi dizut.

‘Hitzetatik harago’ liburua argitaratu dugu aurten zenbait euskara-ikasle, mintzalagun eta euskaltzale, konfinamenduan sortu genuen JALGI HADI MUNDURA euskara-talde birtualak segitzen duelako ospatzeko, euskara-talde bat baino gehiago, lagun-koadrila bat dela errateko. Hitzetatik harago, sentimendu onak ditugulako.

Taldearen  bigarren urteurrena dela eta dator Hitzetik harago liburua ateratzearen ideia. Gogoz heldu zioten asmoari eta ekimenean parte hartzen dutenen euskarazko  hitz kuttunenekin,  beraien azalpenekin,  hitz bakoitzari eginiko ilustrazioekin eta hitzekin osatutako bertsoekin osatu dute liburua.

QR kode bat ere jasotzen da bertan, liburua bera PDF formatuan dago, eta YouTuben entzun ahal da egile bakoitzaren ahotsean.

Informazio gehiago hemen.

Bestalde, azaroko nire HITZA, hitza baino, Hondarribiko esamolde bati buruzkoa izan zen:

Harri koloka baino faltsuago

2022/11/10

Ainara Maia Urroz

Idazlumari jarraiki, Josu Jimenez Maiak Zuihitsua idatzi du lehenbizi eskuz eta artez, gero zuzen argitaratzeko Dakit argitaletxearekin. Zuri gainean beltz idazteko ohitura berreskura dezagun, baina grisak ere badaudela gogoan izan, baita ortzadar ere hodeiertzean. Joan Mari Irigoienek esan zuen behin hitzak sukarriak direla, eta hitzokin nik ere txinpartak sortu nahi ditut zuen gogo-bihotzetan, kontzientzia pitzarazi, eta azkarregi doan mundu honetan egon eta goait, Jean Etxepare hitz-ehiztariaren gisa, pausatu eta gure arbasoei erreparatu. Japoniako kulturan te-kikarak ezin dira xaboiez garbitu, arrakaletan gelditzen baitira historiaren istorioak, eta beraz, xafarra ditzagun gure historiaren artekak, ur berriz egia azalera dadin.

Egia azaleratzeko gezurrak alde batera utzi behar dira eta zintzoki mintzatu, ziurtasunez azaldu barnekoa. Baina egia dena da ez dela erraza gezurra dena garbi ikusten, eta beti harri beraren gainean egin ohi dugula estropezu. Tinko eta lurrari atxikia dirudien harrian pausatzen dugu batzuetan oina mendian, eta orduan erori egiten gara, egiatan ez zegoelako tinko lurrari, kolokan baizik. Orduan gogoratzen naiz behin Hondarribian aditutako esamolde batez: Harri koloka baño faltsuago da hori!

Kolokan dago gaur egun dena munduan, orok hondamendia dirudi, eta Euskal Herria den gure ontzi hau noraezean dagoela sentitzen dut. Zorabiaturik nago hainbeste albiste eta berri txarrekin, eta mugaldeko bizitzearen ajeak egunero ikusten ditut: migrazioaren afera konponezina, Euskaraldiaren asmo politak… mugaldeko bizitzak argi-ilunak izan ohi ditu, eta gaueko lanean ibiltzea ohikoa zen mugako euskal herrietan. Iragan igandean gaueko lanean ibili zirenei omenaldia egin zaie Bera eta Urruña artean, Ibardingo lepoan, gau eta egun karga bizkarrean bizitza arriskuan jarririk ibili zirenen oroitzapenez, eta orduan, Amaiurko ene aitatxi Joxe artzainaz oroitu naiz, noizean behin gaueko lanean ibiltzen zena eta bertsotan eskuaraz aritzen zena. Gau beltzaren ondoren egunsenti itxaropentsua etorriko al da?

Udazkena harri koloka baino faltsuago etorri zaigula dirudi: udaz mozorroturik agertu baitzaigu larrazkeneko jauntzi nabarrekin, eta San Simon eta San Judaren kantua faltsua iruditzen zait, ez baitakit noiz joanen den uda, neguari toki egiteko. Denek diote klima-aldaketa sakon batean gaudela, gizakiok eraginda-edo, eta ni egunero faltsua ez izaten saiatzen naiz, baina ni ere kolokan nago munduan inon ere kokatu ezinik. Gau beltz ikaragarria dator, eta nork babestuko gaitu? Urrian Maddi pastorala ikustera joan nintzen Sarara, mugaldera. Egun eguzkitsua izan zen, eta haizetsu zegoen. Azken perediküra arte gozatu nuen Xaretan egindako pastoral luzea, Maddiren tragedia. Maddiren izpiritua gure artean dabilela dirudi eta diosku: «Iratzar gaitezen! Goazen denok laguntzera! Nehongo konplexurik gabe, bizi gaitezen euskeraz!». Oroitu, irakurle maite, kulturaren iturria funtsean euskara dela, euskaldunon aberria, eta burujabetasuna dela bermatzen ahalko duena Herria eta Hizkuntzaren betiko biziraupena.

Eta urtea bukatzeko, abenduko nire HITZA ez da hiztegietan agertzen, eta horregatik idatzi dizuet hemen:

‘Ondabura’, hiztegietan ez dagoen hitz bat

2022/12/22

Ainara Maia Urroz

Udazkena harri koloka baino faltsuago etorri zaigula dirudi: udaz mozorroturik agertu baitzaigu larrazkeneko jauntzi nabarrekin, eta San Simon eta San Judaren kantua faltsua iruditzen zait, ez baitakit noiz joanen den uda, neguari toki egiteko. Denek diote klima-aldaketa sakon batean gaudela, gizakiok eraginda-edo, eta ni egunero faltsua ez izaten saiatzen naiz, baina ni ere kolokan nago munduan inon ere kokatu ezinik. Gau beltz ikaragarria dator, eta nork babestuko gaitu? Urrian Maddi pastorala ikustera joan nintzen Sarara, mugaldera. Egun eguzkitsua izan zen, eta haizetsu zegoen. Azken perediküra arte gozatu nuen Xaretan egindako pastoral luzea, Maddiren tragedia. Maddiren izpiritua gure artean dabilela dirudi eta diosku: Iratzar gaitezen! Goazen denok laguntzera! Nehongo konplexurik gabe, bizi gaitezen euskeraz! Oroitu, irakurle maite, kulturaren iturria funtsean euskara dela, euskaldunon aberria, eta burujabetasuna dela bermatzen ahalko duena Herria eta Hizkuntzaren betiko biziraupena.

Berriki pasa dugu Euskararen Nazioarteko Eguna, eta euskara gorpuzten duen kultur industriaren epizentroa igaro dugu. Onik atera gara liburu eta diskoen zurrunbilotik, eta orain ohartzen naiz argitaratutako zenbat eta zenbat sorkuntza-lan ezingo dudan gorputzean sartu. Maiatz abenduan sartzean, itxaropenez bete naiz, eta Urruñako Loraldiberri nahiz Durangoko EztanDA liburu-azoketan lagunartean eta ene sormen-lanak erakusten egon ondoren, aje literario goxoaz abenduko ilbeheran behera noa urteberrirantz.

Negua agertu zaigu jada, ofizialki ez bada ere, egitatez, eta zenbait hitz hiztegietan dauden bezala, sentitzen dugu hotza sudur-mintz eta ondaburetan. Zenbait egun egutegietan agertzen ez diren bezala, badira hitz zenbait hiztegietan ez daudenak, baina horrek ez du esan nahi ez direnik existitzen, sentitzen baititugu.

Amatxiren mintzoa darabilt bihotzetik ahora, eta ene baitan dira ene iraganeko andre guztiak. Ezin ahantz, ordea, andre horien aldamenean eta inguruan zeuden eta dauden gizonak, eta horiek ere ene baitan daude: gurasoek ondare gisa transmititu didaten herentziarik ederrena mintzo hauxe da, euskara edo eskuera. Ama-hizkuntzak erakutsi dizkit txikitatik mintzaira honen doinua eta hitza, eta inongo euskal hiztegietan ez dauden hitz horiek ditut bihotz-zokoan: ondabura edo orpoa. Malerrekatik itsasoraino Bidasoak (Ad via Oiasson) ekarritako ondare edo altxor bizia da amak niri esaten didana egunero.

Pinpilinpauxa baten gisa ni pausatzen naiz negu hotzaren atarian, neure baitaraturik. Harriaren gaineko sorgin zaharra bezala beha eta goait nauzue, Irunen Bidasoari begira autoak etengabe eta ni geldirik. Kilker-bihotzaren gisa taupaka ditut bi hots, bi begiraden arteko hotza. Hitzen hasperenek ematen diote hatsa ene bihotzari, eta Hatsaren Poesia ateratzen zait etengabe azken bi hamarkadetan amodioz eta desamodioz.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Donostian, 2022ko urriroaren 11n, asteartea. Udazken koloretan…

Irakurle agurgarria:

Urrian joan zaigu Hatsaren poeta bat: Koldo Zubeldia.

https://olerkarieneguna12.blogspot.com/2021/12/blog-post.html

2022 IRA. 18

Ainara Maia Urrotz

LUMA BERRIEN AZTARNAK

Amatasunaz eme eskuz idatzitako hitza

https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/7k/editions/7k_2022-09-18-07-00/hemeroteca_articles/amatasunaz-eme-eskuz-idatzitako-hitza

Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Politagoa zen mundua zuk ni maite ninduzularik, zu nirekin zoratzeraino maitemindurik zinelarik. Zentzua zuen munduak zu nire seme-alaben aita zinela irudikatzen nuelarik, eta irudikatu nuen zu nire barnean sartu zinelarik duela bost urteko irailean Roten Tor (Ate Gorria) aldameneko eraikin berri bateko laugarren solairuan. Mundu honetan faltan zaitut nik zu hainbeste maite zaitudalarik. Inor ez da perfektua, «ezer ez da betiko», dio kantuak, baina nire inperfektutasunean maite ninduzun; zeure askatasunaren askatasunean maite zaitut.

Ni eta zu gehiagorik ez dago; gu bat garela sentitzen dut egun euritsuetan eta eguzkitsuetan, baina batez ere ametsetan. Eta ametsak amets huts dira, «bizitza amets hutsa da», poeta hark esan zuen bezala; oharkabean pasatzen da dena. Jaiotzen garenetik bizitzan murgiltzen gara. Ziurtasunik gabeko izenekin betetzen dugu ahoa, etiketa tristez janzten gara, hitz ponpoxo anitz darabilgu egunero, bai zuk eta bai nik, munduaren argiak ozeanoaren batasuna duen arte, osotasun emankor bat, lurrin goxo bat. Izen gehiegi gordetzen ditugu geure bihotzotan, eta nik zure izana dut ene erraietan.

Badakit jendeak erraz uzten diola pertsona bat maitatzeari, eta ohartu orduko ni zurekin maitemindu nintzelarik, neureganako interesa eta lilura desagertu zitzaizun. Izan ere, hain laburra da maitasuna, eta hain luze ahanztura!

Ene bizitza osoan izan dudan bikotekiderik leialena bakardadea izan da, ez nau inoiz ere abandonatu eta ez du zuk bezala etsi, eta eutsi dio gutarteko maitasunari, bizitzaz haratago doan maitasunari. Ez bazara inoiz ere gehiago itzuliko, ongi doakizula zure bizitzan desio dut; baina, zu joanez gero, ene barneko zure maitasun-sugarra itzuliko zait gauero ene besoetara eta zu zauden tokira iritsiko naiz.

Galtzen badakit, eta badakit galtzea metodo kontua dela, baina irabaztea ere bada metodologia jakin bati jarraitzea, eta nik itzuli nahi nuke zure besoetara. Orain arte beti egia esan dizut, ene maitasunezko eskutitzetan eta olerkietan, eta poesiak salbatu nau, hitz poetikoekin aurrera joan naiz bizitzan eta ez dut neure buruaz beste egin. Ez dut neure buruaz beste egin, zure esperoan nagoelako.

Bien bitartean, zuria tinta beltzez margotzen dut, zure-zurea den nire beltz honekin. Arrosa maitasuna da eta behin bakarrik loratzen da; eta gorostia, berriz, adiskidetasuna, hurrengo negura arte negu osoa irauten baitu. Behin bakarrik loratzen den maitasuna mespretxatzen dut, eta gorostia maite dut, hurrengo negura arte irauten duelako. Nik gorostia eman dizut, eta arrosa eman diezadazun desio dut, ez bainago etsita, nik itxaropena dut noizbait elkarrekin bizituko garela.

Ene zuganako pasio isil hau zugana iristea nahi dut, eta ate gorriaren (Roten Tor) ondoan bizitu genuen gau hura gaur egitea nahi nuke, zeure egitea berriro ere. Besteek sentitzen dutena sentitu nahi nuke, baina ez da hala. Galduta nago zu gabe. Poesia nire kontsolamendua da inguratzen gaituen mundu honetan, eta entzun iezaiozu zeure bihotzari, otoi.

Ez badiogu bihotzari kasurik egiten, atzean uzten dugu maitasuna, beste gauza batzuk bezala eta kaxoi batean gordetzen dugu modaz pasatutako gauza edo objektu bilakatzen den arte, aitona-amonek eramandako trajeen antzera. Zergatik idatzi behar dizut ez baduzu irakurri behar?

Idazten dizut idazte hutsak zugana biltzen nauelako, eta besarkatzen nauzulako zureak diren ene hitz hauekin. 2017ko irailaren 16ko larunbat gau hura polita izan zen, eta neure barnean gelditu zinen; baina nik zure etxetik kanpo ihes egin nuen, nahiz eta zure besoetan gelditu nahi nuen gau osoa. Ez nekien zer erran amari biharamunean, eta horregatik itxaron nuen zuk niri zurekin ezkontzeko eskatu arte.

Ai, zenbait kalte ekarri dituen geure euskal gizartera Eliza katolikoaren hierarkia gogor maskulinoak, eta ahantzarazi horizontaltasunean eme eta goxo gelditzea!

Hori desio bainuen: zurekin horizontaltasunean besarkaturik gelditzea eta maitasuna biharamunean ere egitea, neure barnean bion hazitik bat sortzeko; ezkondu beharrik gabe. Horretaz berandu ohartu naiz, ez dudala ingurukoen esanei kasurik egin behar, eta ene bihotzari soilik entzun: ez dut zurekin ezkondu nahi, ene seme-alaben aita zarela sentitzen bainuen!

Irabaztea metodo kontua da, eta oraingoan ez dut galdu nahi; oraingoan ez dut bakarrik ene itzalarekin eta poesia idazten gelditu nahi, neure buruaz beste egiteko beldurrez. Galbidetik ikasbidea ateratzeko metodoa da, eta ikasten dugunean, beti irabazten dugu aurrerantzean galtzaile ez izateko aukera. Beharbada galtzen segituko dut, bizitzea etengabeko galera bat baita, baina oraingoan sentitzen dut merezi dudala gauzak ongi ateratzea, gutarteko maitasunak aurrera egitea, eta oraingoan sentitzen dut gu honetatik ez garela berriro ere ni bat eta zu bat izango. Hala izango al da? Irakurriko ote duzu hau? Erantzungo al didazu, zure bihotzari entzun ondoren?

Idazleari buruz…

Ainara Maia Urrotz —Ainara Maya izen-deiturez ere ezaguna— (Irunen sortua, 1976ko ekainaren 6an) euskal idazlea eta itzultzailea da. Euskal Filologiako lizentzia eskuratu zuen 2002an, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa masterra 2004an. Idazle Eskola bi urteko graduondokoa egin zuen 2006-08an. Euskara du ama hizkuntza, eta berak esana da «euskarak nau ni egiten»; horrez gain, gai da gaztelaniaz, frantsesez, alemanez, ingelesez eta txekieraz komunikatzeko.

Iturri zaharretik ur berria

2022/09/27

Eta zer ote planak edo egitasmoak biribil ateratzea? Zer ote udako oporrak planifikatu eta biribil ateratzea? Hasiera eta amaiera duen istorio zirraragarri bat bururatzea? Ilargi betea borobiltzen da hilero, eta ni berarekin batera atxoplatzen naiz. Sentiberago eta minberago nago, eta munduko min eta sentipen oro neure bihotzaren zaurietan sartzen dira. Egokitzen edo moldatzen naiz maitalea bere maitearen barnean bezala, eta andre zahar batek neskatila honi zera esaten dio: «Atxopla hadi, atxua! Mundu honek ez du eta malkoen beharrik, ez kexa, otoi, eta segi beti aitzina». Izan ere, aste honetan jakin dut atxua neskatilei esaten zaiela maitekiro, eta ez atsoa edo andre zaharrari. Atxuak nahiz atsoak maitasunaren beharra dugu, eta mutilengana inguratzeko gogo eta desira ere maitemintzen garelarik, baina maite duguna iheskor dagoelarik, egoerara atxoplatu besterik ez dugu egin behar, bizi nahi badugu behintzat.

Udako egun sargorietan ororen edertasunaren bidetik ibili gara, Orreagako, Amaiurko nahiz Hondarribiko iragan komunez oroitu gara, eta ohartu gara Elkano Getariatik mundu zabalera atera zelarik, Amaiurko gaztelua suntsitu zutela Karlos espainiar erregearen gudarosteek, eta Nafarroako Erreinua bere boterea galtzen hasi zela. Zer den on eta zer txar jakin beharko nuke honezkero bizitzan, baina jakin ere badakit zuria edo beltza baino, gure historia konplexuko heroiak eta antiheroiak grisak izan zirela askotan, eta beren garaiko gizon eta emakume. Ez ziren onenak izan agian, baina gureak izan zirenak guretzat hartu eta ez utzi kanpoko erreinu eta agintariek manipula ditzaten, gure historia gezurrez husteko.

Uda sargoriaren ondoren, badator udaren azkena edo larrazkena, eta udazkeneko haize leunaren gisa xafarratu dezagun Euskal Herriko gure historia eta belar txarrez garbitu gure arrazoibideak, argi ikus dezagun norantz joan gure iraganeko on eta txarrekin. Iparraldean eta Hondarribian bezala, xafarratu edo urberritu gaitezen, xaboiaz edo beste garbigarriren batez garbitu den zerbait ur hutsarekin berriz garbitu garbigarria kentzeko alegia.

Idazlumari jarraiki, Josu Jimenez Maiak Zuihitsua idatzi du lehenbizi eskuz eta artez, gero zuzen argitaratzeko Dakit argitaletxearekin. Zuri gainean beltz idazteko ohitura berreskura dezagun, baina grisak ere badaudela gogoan izan, baita ortzadarra ere hodeiertzean. Joan Mari Irigoienek esan zuen behin hitzak sukarriak direla, eta hitzokin nik ere txinpartak sortu nahi ditut zuen gogo-bihotzetan, kontzientzia pitzarazi, eta azkarregi doan mundu honetan egon eta goait, Jean Etxepare hitz-ehiztariaren gisa, pausatu eta gure arbasoei erreparatu.

Japoniako kulturan te-kikarak ezin dira xaboiez garbitu, arrakaletan gelditzen baitira historiaren istorioak, eta beraz, xafarra ditzagun gure historiaren artekak, ur berriz, egia azalera dadin.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Donostian, 2022ko agorrilaren 16an, asteartea astelehenez mozorroturik.

Irakurle estimatua:

Hiru asteko udako oporretan erabat deskonektatu dut, eta uda-usainez maitasuna agertu zait ene bizitzara berriro. Atxoplatu edo moldatu besterik ez dut egin neure burua errealitatera, bizi nadin, bizi dezadan bakarra den ene bizitza hauxe…

Atxopla hadi, atxua!

2022/07/22

Ainara Maia Urroz

Agur Irun, Bidasoa eta Jaizkibel artean zaudena, antzina-antzinatik, ongi zabaldua dago zure izena, baita Uranzu ere, dohain berezi alaigarriak dituena, sendatzen duzue ene bihozmina, gauza atsegina, iratzeen artean (Urantzu) aurkitu nahi nuke heriotz orduan zure inguruan. Horrelako zerbait idatzi zion Basurko poetak Bidasoa bazterrari.

Borobildu zaizkit ertzak iragan neguan, eta borobildu begiak aste honetan Errenteriako andre eta lankide bati entzun diodanean esaten «atxoplatu». Ezpainak biribilduz, harriduraz eta hunkiduraz begiratu dut nola argitzen zen Piriniotako bidea gauez, eta borobildu zaizkit begiak harriduragatik sanferminetako su artifizialak aurrez aurre ikustearekin batera.

Ez dakit segur borobildu eta biribildu bi aditz sinonimo ote diren, baina azken boladan zer pentsa eman zidan Urruñako lagun idazle batek: borobildu aditzak bolumena hartzea esan nahi du, eta biribildu, aldiz, zirkunferentzia bat marraztea. Hala, zure begiak borobildu dira agian harriduragatik, hau irakurtzean, eta langileak manifestazioan ukabilak borobildurik doaz elkarrekin; baina airearen erresistentzia gutxitzeko forma egokia duena forma biribildu bat da, edota zirkunferentzia marraztu edo forma biribil bat egitea.

Eta zer ote planak edo egitasmoak biribil ateratzea? Zer ote udako oporrak planifikatu eta biribil ateratzea? Hasiera eta amaiera duen istorio zirraragarri bat bururatzea? Ilargi betea borobiltzen da hilero, eta ni berarekin batera atxoplatzen naiz; hiztegietan ez dagoen hitza, bidenabar esanda, baina hiztegietan agertzen ez diren hitzak benetan sentitzen ditugunak bihotzean.

Sentiberago eta minberago nago, eta munduko min eta sentipen oro neure bihotzaren zaurietan sartzen dira. Egokitzen edo moldatzen naiz maitalea bere maitearen barnean bezala, eta andre zahar batek neskatila honi zera esaten dio: «Atxopla hadi, atxua! Mundu honek ez du eta malkoen beharrik, eta ez kexa, otoi, eta segi beti aitzina». Izan ere, aste honetan jakin dut atxua neska txikiei esaten zaiela maitekiro, eta ez atsoa edo andre zaharrari.

Atxuak nahiz atsoak maitasunaren beharra dugu, eta mutilengana inguratzeko gogo eta desira ere maitemintzen garelarik, baina maite duguna iheskor dagoelarik, egoerara atxoplatu besterik ez dugu egin behar, bizi nahi badugu behintzat, bizirik gauden bitartean.

AMAIUR, haurren xatar ezin bihur.
20 urte ez dira deus ere…

2022ko agorrilaren 15ean, astelehenez, Amaiurren.

Ainara Maia Urrotz

(X. Leteren “Habanera” doinuan kantatzeko)

Amaiur jaioterritik umilik haur Donostira,

Nafarroako larretik Gipuzkoako bustira,

etorri hintzen, Joxe, ta hire lagunok guztira

bagina gaueko izar, a ze nolako distira!

Suerteak tiraka ere inoiz hobe ezetz tira:

zorionean agertu hintzen Txingudi eztira;

geroko sentimenduak faltsuak izan ez dira:

amodioa hitzetan jausi zaiguk abestira.

Jaioterrian bahuen amuarrain eta mizpira;

gerora etzaik faltatu onddo-beltz, xingar, ixkira…

Bizitzak halabeharra, halabeharrak “aski da!”:

derrigor pasatu behar txuletatik barazkira…

Nahiz denok jaitsiak gauden hamalautikan zazpira,

deusek ez gaitu botako etsipenaren azpira.

Zorionez etorri haiz oturuntza-argazkira:

bihotzak gora ditzagun txanpan-toparen izpira.

(Joxe Maia gure lankideari (Txingudi ikastolakook).

Jexux Mari Mendizabal “Bizargorri”

2002-06-26

1937ko buruilaren 15ean Amaiurren.

Joxe Maya Dendarieta Gurutze egun batez sortu zen Amaiurko Itsalosko bordan, Gorramendiren altzoan.

2002ko azaroaren 21ean Irunen.

Ene aita zena duela ia 20 urte hil zen, baina nigan bere sorterriarekiko maitasuna utzi zuen.

Antxuan xuri

arlantxan gorri

defotan beltx

zer dela pents?

Hil aitzin, azken egunetan erran zautan: izan zoriontsu, ainarita, izan zoriontsu. Ez pentsa inork ez zaituenik maite, nik maite zaitut. Beti. Maitasuna maitasuna baino gehiago baita, sortzetik honatago eta heriotzetik haratago doan indar misteriotsua.

Eta ni arduratua ibiltzen nintzen gaztetan nor,

nolakoa izango ote zen

enetzat aukeratua.

Ene aitaren antzekoa

nola aurkitu galdezka,

maiteminik gabe amodio bideetan.

Egia balirudike ere

gezurra litzateke;

gezurra badirudi ere

egia izan daiteke.

 

2003

Bizitzaren udazkenean joan zinen

eta orain nabarra da gure bihotz-arima,

nabarra sentimendua.

Hilkorron bihotzotan hilezkor zara,

hilezkor bihotz guztietan.

  • Lehenik bizitza sinestezin bat, gero liburu harrigarri bat, eta orain omenaldi xume hau zuri, aita…

Nire zurekiko oroitzapenetan sentitzen zaitut:

zure akatsaren oihartzun urruna,

zure kantua ikusten dut goizean

eta irribarrea lehenengo planoan

begiak ixten ditudanean gauean.

Bakarrik nagoenean,

zure besarkadaren beroak inguratzen nau,

usaintzen dut zure hatsa eta

poesia laztantzera iristen naiz;

poesiak eguneroko berriak, bizipenak eta pozak direla

oroitarazten didazu.

Horregatik, aita, kantaidazu beti bezala belarrira:

“Ainara, ainara, polit eta gazte,

zaharrak eta gazteak dabiltza zure atze,

ile hori, begi urdin, ederra zara zu, Ainara”.

AITAREN ERRANA

Xuri ta beltxa

gibelurdin eta onddo beltxa,

xixa hori edota amuarrain!

Txindoki gainean,

Jaizkibelen barna,

Gorramendi kaskotik

zuri berde eta gorria.

Dirdira berezia irristatzen da

ahantziriko urteetan:

udaberri atseginen sasoien ibilaldiak,

udako eguzki errukigabeak,

udazkeneko euri-zaparrada eta haize-boladak,

eta neguko orduen elurrak.

Udazken koloretan landen lurrinak zeharkatzen,

hitaz oroit eta higana,

beti ere hilezkor bihotz guztietan.

Nahiz eta soinak hegan  egin

erroetaraino jautsi,

goieneraino igan,

muinak iraun dirau

gugan.

Sinisten dut bihotzez

egunen batean hilen naizela ni ere bai,

hauts bihurtuko naizela

eta gizaki-abereek nik emandako

fruituetatik bazkatuko direla.

 

ENE AITA DENARI

Sinetsi nahi dut

han goian zaudela,

baina inoiz baino hurbilago;

sinetsi nahi dut

zeruko mahaian zaudela

eta ez zaudela bakarrik,

hantxe daudela ezagunak,

lagunak eta familia.

Goraintziak denei.

Zorionak aita,

esker mila munduko aitarik onena izateagatik.

Nik ere aunitz maite zaitut, beti.

AMAIUR

Baina amaitu da ura,

iturria agortu da:

ezin dut negar gehiagorik egin,

eta lehor, idor nago, antzu.

Etorririk ez

eta joanak orain.

Joandakoak gogoan

etorritakoen faltan.

Hitzak ere ez datoz tarrapataka,

hitz hutsak, mamirik gabeko irudipenak,

azaleko irudiei so.

Jada ez dago itsasorik,

malko gaziez egindakoak.

Putzu istiltsuak, lokatza, lohia,

neure atsekabean hankak

zikindu ditut.

Hitzak.

Jada ez dute deus ere erraten,

eta ez zait hitz bakar bat ere ateratzen

ahotik.

Uholdeak aspaldiko kontuak dira,

baita hitzak ere.

Bukatu da niregan hitza.

Ez dut gehiago hitz egiteko gaitasunik,

neure gorputzak zinez sentitu nahi baitu,

eta erraietatik solastu nahi dut zintzo.

Tantaz tanta

elekatzen hasiko naiz sentimena.

Sufritzetik utzi eta alaitu nahi dut

gazteluaren altzoan

ene arbasoen besarkadaz

ene arbasoek hitz egin dezaten

isilduko naiz.

20 URTE

Ia hogei urte iragan dira

zu gabe, aita.

Zoriontsu izateko erran zenidan.

Hogei urte hauetan

oso zoriontsu izan naiz

baina oso zorigaiztoko ere bai

ia erotzeraino

ia hiltzeraino.

33 urterekin ene buruaz beste egitea ere

pasa zitzaidan burutik amodio ezagatik,

baina poesiak salbatu ninduen,

HATSA hartu eta bota nuen,

eta poema-liburu batez erditu nintzen.

Hogei urte hauetan

oso zoriontsu izan naiz,

baina oso zorigaiztoko ere bai

ez bainaiz ama izan;

haurdun gelditzeko esperantza bihotzean beti

noizbait erdituko naizela maitasunez:

enara bakar batek

uda ekarriko al du?

Kristaletik kanpora urdin,

kristaletik barnera lanbro,

bart arratseko laino meheak

ikusmira lausotzen dit.

Urdin iluna bihurtzen da

kristal ilunetik haratago begiratzean,

eta eguzkiak bero desafiatzean nau,

goizeko ihintzari aurre egiten dio.

Ekaineko eguzkiak

bere izpiekin

maiatzeko loreak jaso nahi ditu,

eta bere soineko zuriaz

begiak estali nahi dizkit.

agorril, esadazu

iragandako udazken-negu hurbila

amesgaizto izan dela,

esadazu eta

esnatuko naiz:

non gelditu dira ametsak betetzeko indarrak?

Udaberriak ikaratzen nau,

bere baitan esperantza dakarrelako,

eta agian, udazkenerako

kearen antzera

desagertuko delako.

Hostoak lurrera erortzen diren bezala,

malkoek egindako bideetatik

oroimina datorkit.

Oroitzapenek bide hori

desegiten laguntzen didate,

eta udazkeneko zuhaitzak bezalaxe

mila kolore arreko soinekoa janzten dut…

…hosto ximel batzuk erori,

baina beste batzuek tinko eusten diote

zuhaitzari, adarrari.

Agur erran genion elkarri,

bidaia hori hasi zenuenean,

eta agurra ez zen betirako,

betiko oroitzea baizik.

Oroitzea,

bidaia baten banantzearen ondoren,

agian, elkar ikusiko dugula

toki zoragarri batean,

agian ez badugu elkar ikusiko ere

noizbait ere elkartzeko itxaropenaz

beti bizituko naizela

zoriontsu.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Donostia, 2022ko ekainaren 13a, astelehena… lau egun dira eta bi lainotsu, ez ditut galtzera utzi nahi!

Irakurle agurgarria:

Gogoaren baitan dudana ateratzen aritu naiz han eta hemen, beharbada gehiegi airatu ditut barneko hitzak idatziz, eta beharbada horregatik gelditu naiz bakarrik eta maitemindurik; benetako maitasunezko hitzak, olerkiak eta eskutitzak idazteagatik. Ez dakit.

Duela astebete 46 urte bete ditut mundualdi honetan:

2022/06/06

Eskerrik asko aurten ene 46. urtebetetze-eguneko eskutitz hau

Irekitzeagatik!

15 urte pasatxo hiru aldiz bete,

eta ene ametsak bizirik

Zure laguntzarekin.

Bizipen eta bizipoz ugari ditut bizkarrean

eta jende maitagarri aunitz bihotzean,

oraindik ere banabil oinez mundu honetan.

Ene sakoneko eta betiko ametsa, ama izatea,

beteko ahal dut aurten!

eta badakit beharbada

sentitzen dudan guztia ahantzi behar dudala

eta merezi dudana oroitu agian:

Ene ametsa azkenean

Hezur-haragituko dut

eta zeinen ama ona naizen

neure buruari erran.

Amets aunitz buru-bihotzean

eta eskerrak zu hor zauden, ene lagun.

Aurten ez dut bazkaririk antolatu,

laneguna tokatzen baita ekainaren 6a

eta igandez sortu nintzenez,

Esker onezko poema hau zuretzat bihotzez.

Ainara Maia Urroz

06/06/2022

Gracias por este 46 cumpleaños,

Y gracias ¡Por abrir esta carta!

Cumplir algo más de 15 años tres veces

y mis sueños vivos

Con tu ayuda.

Tengo muchas vivencias y experiencias en la espalda

y mucha gente entrañable en el corazon,

todavía andando por este mundo.

Mi sueño profundo y eterno todavía no cumplido (ser madre…),

y sé que quizás

debo olvidar todo lo que siento

y quizás debo recordar lo que merezco:

Mi sueño al final

Necesitaré hacerlo carne y hueso

y decirme a mi misma

cuán buena madre soy.

Sueños pendientes

otros cumplidos (editar un libro…)

y menos mal que tú estás ahí, amig@.

Este año no he organizado ninguna comida.

el 6 de junio toca en día laborable

y como nací el domingo,

Este poema de agradecimientos es para ti de corazón.

2022/06/09

Ainara Maia Urroz

Biribildu zaizkit ertzak neguan, eta agondu naiz nekaturik, indarberritzeko eta berriro ere xutitzeko, zubi bat eraikitzeko hitzak erabiliz, gutarteko zubi hori osatzeko, ‘har-hitzak’ ontsa hautatzeko, gure zubiak betiko irauteko. Burdin bizia edo imana izan nahi nuke, berriro ere ene maitea neureganatzeko eta bizitza bat elkarrekin eraikitzeko. Ametsak? Beharbada amets hutsak dira horiek guztiak, baina horiek xutiarazten naute goizero, gau osoa ametsetan etzanda egon ondoren, agontzeko eta errealitateaz jabetzeko eta aitzina segitzeko. Biribildu zaizkit ertzak neguan, zuk, ene maitea, udan goxo besarka eta laztan nazazun etzanda gaudelarik errealitatetik urrun, eta gure ametsak hitzekin haragituz.

500 urte ez dira deus ere gure arteko maitasuna justifikatzeko; zer garrantzia ote bi gizaki ez-deusen sentimenduak duela 500 urteko Elkanoren balentriaren ondoan? Nor naiz ni Elkano kritikatzeko? Nor naiz ni munduari bira eman ziolako Elkano bera idolo bilakatzeko? Baina gurea da, bere argi-ilunekin, duela 500 urteko euskal pertsonaia bat.

500 urte ez dira parekatzen ahal gutarteko amodio-desamodioa azaltzeko, eta nola orekatu gutarteko desoreka? Duela 500 urte Amaiurko gaztelua suntsitu zuen milaka gaztelarren gudarosteak, ehunka euskal gudari zanpatuz. Nafarroako Erreinuak bere azken gotorlekua galdu zuen, eta euskaldunon errege-erreginak Nafarroa Beherera joan behar izan zuten frantsesekin itun bat egin asmoz eta Nafarroako Erreinua berreskuratzeko gaztelarren eskuetatik.

500 urte ez dira deus nik zenbat maite dudan ene maitea azaltzeko, baina nola dira denborak horren zailak maitasunarendako? Beharbada, borroka galdu gehiegi ditugu gure euskal historian, eta beharbada horregatik ezin nik ene maitearekin bizitza bat eraiki. Duela 500 urte Uranzu herri euskaldun zaharrean sartu ziren gaztelarrak hegoaldetik, eta Nafarroako erreginaren eskariz, frantsesak iparraldetik gure Erreinu zahar eta independentea berreskuratzeko azken saiakera egitearren. Orduko euskaldunok banatu gintuzten gureak ez ziren erreinuen artean, eta geroztik ez dugu bakerik izan, eta gainbehera etengabekoa izan dugu.

Hori dena jakinik, nola eta zergatik ospatu behar ditugu Irungo San Martzial jaiak gaur egun? Ospatzen jarraituz gero, kontziente izan behar dugu Irungo batailan galdu genuela historian Euskal Estatu independente bat izateko aukera bakarra, Nafarroako Erreinu txikia desagertuz joan zelako handik aitzina. Hori jakinik, ospatzekotan ospa ditzagun Irungo San Martzial jaiak anaitasun-ahizpatasun osoan, elkartasunez urtean behin bederen gure Uranzu herri zaharrean kantuz eta dantzan.

Agur Irun, Bidasoa eta Jaizkibel artean zaudena, antzina-antzinatik ongi zabaldua dago zure izena, baita Uranzu ere, dohain berezi alaigarriak dituena, gauza atsegina, sendatzen duzue ene bihozmina, iratzeen artean (Uranzu edo Irantzu) aurkitu nahi nuke heriotza zure inguruan. Horrelako zerbait idatzi zion Joan Basurko Ansola euskal poetak Bidasoa bere bazter maiteari.

AMAIUR

Amaitu da ura,

iturria agortu da:

ezin dut negar gehiagorik egin,

eta lehor, idor nago, antzu.

etorririk ez

eta joanak orain

joandakoak gogoan

etorritakoen faltan.


Hitzak ere ez datoz tarrapataka,

hitz hutsak, mamirik gabeko irudipenak,

azaleko irudiei so.


Jada ez dago itsasorik,

malko gaziez egindakoak.

Putzu istiltsuak, lokatza, lohia.

Neure atsekabean hankak

zikindu ditut.


Hitzak. Jada ez dute deus ere erraten,

eta ez zaizkit ateratzen.

Hitz bakar bat ere ez.

Uholdeak aspaldiko kontuak dira,

baita hitzak ere.


Bukatu da niregan hitza.

Ez dut gehiago hitz egiteko gaitasunik,

neure gorputzak zinez sentitu nahi baitu.


Tantaz tanta

elekatzen hasiko naiz sentimena.

Sufritzetik utzi eta alaitu nahi dut.

Gazteluaren altzoan

ene arbasoek hitz egin dezaten

isilduko naiz.


Ainara Maia Urroz

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Olot, 2022ko apirilaren 3a, igandea. SaHATSA bihotzean, urteko egunik ederrena gogoan.

Irakurle maitea:

hona hemen poetontzat urteko egunik ederrenaren kronika poetikoa:

2022ko martxoaren 27a, Senpere-Amotzeko Larraldean

SAHATSAREN ONDOAN

Iragan igandean eguzkia ere gonbidatu genuenez urteroko euskal poeton bilgunera elkarri hatsa emateko, hura ere agertu zen, eta egun osoz gozatu zuen gutarteko adiskidetasunaz eta poesiaz. Gutartean fisikoki ez zeudenak ere presente izan genituen, eta pittaka-pittaka biltzen hasi ginen saHATSAren inguruan… 50en bat pertsona! ETBko Iparraldeko Orena eta Euskadi Irratiko kazetaria den Irati Errandonea ere agertu zen gutartera, berak aurten parte hartu baitu HATSAREN POESIAn Bidasoko AEKko ikasle gisa. 

Egun osorako jarri genuen Iñaki Bastarrikaren 120 azieta edo platerekin osatutako margo eta aurtengo HATSAREN POESIAren partehartzaileen hitzekin osatutako erakusketa ederra; eta eguerdian hasiera eman genion 2022ko Hatsaren Poesia liburuaren aurkezpenari. Aurten parte hartu duten 122 olerkarien hitzez bustiriko orriak aberasgarri eta hunkigarri zaizkigu, eta Auxtin Zamora hasi zen solasean azaltzeko Larraldea etxaldearen babesean hazi zaigun sahatsak zergatik egon nahi zuen gure artean, eta ez duela hiru urte leku berean landatu genituen gorostiak eta mizpirak. Seguruenik, sahatsa hitzaren barnean gure hatsa aurkitzen zuelako agertu zaigu ustekabean gure landarearen poesia, gu guztioi hatsa emateko, esperantza amini bat alegia.

122 olerkari Euskal Herri osoko nahiz euskal diasporako, tartean 35 berri, eta liburua atontzeko lanak hartu ditudanez, nik Ainara Maiak, esan nizuen akatsak akats liburu honetako poema bakoitza gonbidapen bat dela hartzeko eta irakurleak bere egiteko, eta horrela irakurle bakoitzak duen olerkia argiari eskaintzeko.

Aurtengo liburuaren sar-hitza idazteko gonbita Joseba Aurkenerenari zoriz egokitu zitzaion bezala, datorren urteko liburuaren sar-hitza Peio Jorajuriari egokitu zaio, eta jada erran dezakegu abian dela 2023ko Hatsaren Poesia!

Sahatsa gure artean zoriz eta ustekabean agertu zen, eta zoriz azken urteotako 24 aleen bilduma Bidasoako AEKri egokitu zitzaion opari, eta ondoren Marisa Arruabarrena poeta oriotarrak berak egindako giltzatako bereziak oparitu zizkigun aurten bildu ginenon artean, eta Antton Kazabon poeta oiartzuarrak ere bere liburu batzuk zozketa bidez oparitu zizkigun. Eskerrik asko zuen guztien eskuzabaltasunarengatik!

Aurkezpen-ekitaldiaren ondoren, taldearen argazkia atera zigun Beronika Zamorak, eta gero jan-edanak dastatzen hasi ginen elkarrekin hitz egiteko luze eta zabal. Aperitifaren ondoren, eguraldi eguzkitsua zela profitatuz, mahai biribiletan bazkaldu genuen Larraldearen aitzinean, eta lo-kuluxkaren orduan, bakoitza bere olerkiak errezitatzen eta kantatzen hasi ginen: Alan Abeberri, Piarres Aintziart, Aitor Antuñano, Eneko Apaolaza, Marisa Arruabarrena, Joseba Aurkenerena, Mikel Babiano, Iñaki Bastarrika, Matxalen Bezos, Bidasoko eta Lezoko AEK euskaltegietako ikasle zenbait eta euren irakasle Idoia Genua, Ilazki Egibar, Nicole Etxart, Maialen Etxegoin, Lucien Etxezaharreta, Lorea Etxezarreta eta haren semea Unax, Tere Irastotza, Imanol Irigoien, Josu Jimenez, Antton Kazabon, Antton Larrandaburu, Juankar Lopez Mugartza, Asel Luzarraga, Ainara Maia, Arantza Martinez, Sabin Oregi, Andoni Salamero, Graxi Solorzano, Marikita Tambourin, Eric Traonmilin, Auxtin Zamora, Eba Zilbeti eta Lander Zurutuza.

Antton Larrandaburuk, bere musika-taldeko lagun batekin batera, hiru kantu abestu zituen, eta arratsaldea musikaz blaitu zigun. AEKko nahiz Idazle Eskolako ikasleen presentzia oso estimatzekoa izan da, eta Tere Irastortzak present ez zegoen Koldo Zubeldiaren poema irakuri zuen bezala, Imanol Irigoienek bere anaia Joan Mariren poema ere irakurri zigun. Liburuaren bukaeran iaz presentzial egin ziren hiru poesia-tailerren emaitza poetikoak daude, eta iazko suHATSAren sugarrak pizturik segitzen duelako, heldu den apirilaren 4an hasiera emango zaio Auxtin Zamoraren aluminiozko artelanez eta iazko HATSAREN POESIA liburuko hitzez osatutako erakusketa poetikoari Iruñeko liburutegi nagusian. Bertan, izanen da Miren Agur Meabe poeta omendua, eta ondorengo asteetan Amaia Lasa, Itxaro Borda eta Juan Luis Zabalaizango dira han.

Suhatsa eta sahatsa dira bizitzeko behar dugun gure hatsa eta arnasa, eta segi dezagun elkartzen horrelako egun gogoangarriak izan ditzagun hemendik aitzina ere! Izan ere, enetzat behinik behin urteko egunik ederrena “Hatsaren poesia eguna” da, liburuan parte hartzen dugun guztiok elkartzeko aukera baita eta egun zoragarri bat iragaiteko elkarrekin.

Gehiago jakiteko urteko egun politenaren inguruan, hona hemen Auxtin Zamoraren bloga:

https://olerkarieneguna12.blogspot.com/2021/12/blog-post.html

Besarkada bana eta ez adiorik! 

Maite zaituztet

Ainara Maia Urroz

IRITZI EMAILEAK. AINARA MAIA URROZ. IRUN.

Biribildu zaizkit ertzak eta agondu naiz

2022/04/28

Ainara Maia Urroz

Matelak gorritzen zaizkit mendian gora abiatzen naizelarik, mendi-mazelak astun egiten zaizkidalako, baina esperantzari leiho bat ireki nahi nioke posible eginez ezinezkoa: Jaizkibelen, Erlaitzen, Aiako Harrian nahiz Xoldokogainan, Pirinioetako Bidea elkartasun —eta askatasun— ildo zabal izan dezagun herri zapalduok heldu den uda sargoritsuan, uztailaren 2an. Erabakitzeko eskubidea denoi dagokigu, baina aspaldiko mendeetan zapalduriko herri batek merezi du berez independentzia, inolako galdeketarik gabe, agian. Nik soilik matelak gorri ditut bi begi tristeen azpian, eta irribarre leun eta lotsati bat ateratzen zait itxaropenari begira, ene etsipenean.

Itxaropenez begiratzen diot etorkizunari, joan direnak gogoan, ikastolako garai zoriontsuak oroituz, eta agondu naiz Hondarribiari begira. Izan ere, etzanda edo horizontalki egon nahi nuke beti errealitateaz ez ohartzeko, baina etzanda egonik, agondu naiz; hau da, gorputzaren goiko aldeko erdia jasotzen dut, eserita gelditzeko, agonduta. Apirila bipil hasi dugu Korrikaren indarrarekin hitzak haragituz, eta Aberri Eguna ospatu dugu. Ene ametsa litzateke Euskal Herri batu eta aske bat, eta ni jada ez naiz neska gazte bat, baizik eta emakume ausart bat oraindik bere ametsak betetzeke dituena. Ama izan nahia beti izan dut buru-bihotzean, eta maitemindu naiz ene seme-alaben aitaz. Hura, ordea, ez da ausart izan, eta nahiago du beste batekilan, edo auskalo… agian ni ez naiz haren seme-alaben ama amestua.

Nostalgiaz begiratzen diot iraganari, etorriko direnak gogoan, familia zoriontsu bat irudikatuz, eta agondu naiz, ohartzeko errealitateaz: hauxe naiz, emakume euskaldun abertzale bat. Maiatza maitearekin gereziondoaren azpian hasi nahi nuke musuka, indarrarekin hitzak eta ametsak haragituz, aberri euskaldun batean. Ene ametsa litzateke Euskal Herri batu eta aske bat, eta ni jada ez naiz neska gazte tuntun bat, baizik eta emakume ausart bat, oraindik bere ametsak betetzeke dituena, ilusioak bizi duena.

Biribildu zaizkit ertzak neguan, eta agondu naiz nekaturik, indarberritzeko eta berriro ere xutitzeko, zubi bat eraikitzeko hitzak erabiliz, gutarteko zubi hori osatzeko har-hitzak ontsa hautatzeko, gure zubiak betiko irauteko. Burdin bizia edo imana izan nahi nuke, berriro ere ene maitea neureganatzeko eta bizitza bat elkarrekin eraikitzeko.

Ametsak? Beharbada amets hutsak dira horiek guztiak, baina horiek xutiarazten naute goizero, gau osoa ametsetan etzanda egon ondoren, agontzeko eta errealitateaz jabetzeko eta aitzina segitzeko. Biribildu zaizkit ertzak neguan, zuk, ene maitea, udan goxo besarka eta laztan nazazun etzanda gaudelarik errealitatetik urrun, eta gure ametsak hitzekin haragituz.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Irunen, 2022ko martxoaren 11n, ortzirala… ernaltzeko ametsak giltzapean.

Irakurle agurgarria:

Azken zazpi urteotako ene balantza beharbada erori zait, eta balantzaka noa; balantzaka atzera begiratu dut aurrera egin dezadan, denbora gehiago gal ez dezadan, jada berantegi bada ere agian ene asmoak eta esperantzak betetzeko, baina agian ezer ez da berantegi, bizitzan ezer ez delako galtzen, ikasten (irabazten) badugu, ala?

Matelak gorritzen zaizkit, ene barneko hitzak atera behar ditudanean; izan ere, hitzak baino gehiago baita maitasuna, maite zaitut esatea baino gehiago. Maitasuna ekintza da bizitza erabat iraultzen duena, onerako zein txarrerako. Maitasuna izatea baino, egitea denez, maitasunezko eskutitzak idazten ditut matelak gorritzen zaizkidala ez ikusteko. Hala ere, alferrik dira hitzak ezer egiten ez bada, maitasunean bezala, beste edozertan, hala nola gauza bera al da ama izatea eta ama egitea? Erditu gabe ere ama izan daiteke, idatzi gabe ere maita daiteke.

Matelak gorritzen dizkit lotsak, beldurrak edo ahalgeak; ahal ezinak ematen dit amorrua, eta ezina ekinez egina esamoldea datorkit gogora. Eginez egiten dugu posible ala… ez, eta orduan dator frustrazioa eta etsipena. Orduan gorritzen zaizkigu matelak ekinaren ezinez. Inpotentziaz.

Matelak gorritzen zaizkit negu beteko bonbek erretzen eta suntsitzen dituztelarik larreak eta soroak, hiriak eta herriak, neure aberritik apenas 3.000 kilometrora gerran daudela ikustean, eta mugen gaindi den hura helezina egiten zait, ulertezina. No war in Ukraine (gerrarik ez Ukrainan) irakurri dut nazioarteko kamioi batean, eta ni matelgorritu naiz berriro, errudun sentitu naizelako gure mendebaldetasun karnabalesko honetan.

Matelak gorri, eta esperantza ahultzen zait barnean. Ernaltzeko ametsak giltzapean, eta erantzunik gabeko maitasunezko eskutitzak denbora zehaztugabe batetik zintzilik. Mugen gaindi den ura dugu Bidasoa ibaia Irunen, eta bertan itotzen dira hegoaldetik datozen itxaropenak eta ametsak; amesgaizto bilakatzen zaigu egungo errealitatea, nahiz eta Inauteriek eta maskaradek ihes egiteko aukera eman diguten maskararik gabe, sudur gorria jantzita.

Matelak gorritzen zaizkit mendian gora abiatzen naizelarik, mendi-mazelak astun egiten zaizkidalako, baina esperantzari leiho bat ireki nahi nioke posible eginez ezinezkoa: Jaizkibelen, Erlaitzen, Aiako Harrian nahiz Xoldokogainan, Pirinioetako bidea elkartasun —eta askatasun— ildo zabal izan dezagun herri zapalduok heldu den udan, uztailaren 2an. Erabakitzeko eskubidea denoi dagokigu, baina aspaldiko mendeetan zapalduriko herri batek merezi du berez independentzia, inolako galdeketarik gabe, agian. Nik soilik matelak gorri ditut bi begi tristeen azpian, eta irribarre leun eta lotsati bat ateratzen zait itxaropenari begira, ene etsipenean.

Uncategorized atalean publikatua | Iruzkin bat utzi