Beraz, har itzazue loreak ahal duzuen bitartean, xerbeldu aitzin eta bizi oraina, une oro ezerezean gelditzen den oraina, eta hats bakoitzeko poema edo sentipen hori aurkitzen baduzue, heldu horri, hori baita Hatsaren Poesia, apirilero loratzen den lorea eta gutako bakoitzean fruituak eman ditzakeena.
2021eko Hatsaren Poesiaren dunbotsak aditzen dira: heldu den ekainaren 13an dugu poetok Senperen urteroko bilgune, Bidasoa aldeko zenbait poetok ere parte hartzen baitugu; baina bihotzak eginik, Bidasoa ibaian itotako eta etsipenak jotako etorkinengatik.
Aspaldiko kondairaren dunbotsak dio Sugaar lurraren hondotik atera zela, eta erabat haserre harriak botatzen hasi zela Aiako Harritik. Horrela, harritzarrak dunbaka-dunbaka itsasoratu ziren. Hala sortu ziren Hendaiako Ondarraiteko bikiak edo harri parea: Dunbiak. Harriek lurrarekin talka egitearen onomatopeia dugu dunba, eta hortik dator behin izan zenaren gaurko izena. Aiako Harritik jaurtitako harriek, dunba-dunba itsasorako bidean gaurko Irungo Dunboa auzoaren izena sortu zuten, eta horrela, Aiako Harri mitikotik Dunboara, eta Dunboatik Dunbietara, neure buruari galdetzen diot ni ere ez ote nabilen mundu honetan lurrari kolpeka, galdurik.
Goi-nafarreraz dunba ere ezkil handiari edo kanpaiari deritzo; dunba-belarra landare mota bat ere bada, bestalde, eta izena bere dunba edo kanpai formatik hartzen du, eta kanpai-belarra ere deritzo.
Kondairaren dunbotsak edo arrabotsak dio Hendaiako Dunbo luzea eta laburra Aiako Harritik jaurtitako harritzarrak direla, eta Lapurdiko Xoldokogainean ere erori zela dunboren bat edo beste, eta dunbo horiek lurrarekin talka egitean faila sorturik, naturak duela milioika urte Behobiako aduanatik hurbil muga natural bat ezarri zuen, Bidasoaren gaindi, bidesaririk ordaindu gabe eta nortasun agiririk erakutsi gabe. Hendaiako faila deritzo, eta natural sartzen da Gipuzkoatik barna, eta Aiako Harriaren mendigune paleozoikoa eta Xoldokogaina bere ertz triasikoa zatitzen ditu. Horregatik dira hain desberdin Aiako Harria, Xoldokogaina eta Dunboako harritzarrak.
Dunboa ere bada historiaurreko tumulua, baina gure esku dago inguruotako aurre-historiako berezitasuna ez hilobiratzea, eta Bidasoa hiltoki ez bihurtzea. Gure esku dago dunbaka ez itsasoratzea, baizik eta milaka urteko gure mendiaren gailurra argitzea eta bizia ematea Euskal Herriari. Gure esku dago dunbo batek edo bik lurpera ez gaitzaten betiko, gure euskara bizi-bizirik sentiaraztea etorkizunean. Eta gure esku dagoena egiten ez badugu, naturak egingo du bere bidea, gure esku ez dagoen gauza asko dagoelako, bidenabar errateko. Eta horrela, kondaira berriak sortuko ditugu gure itxaropenetatik eta etsipenetatik geroko euskaldunek entzun ditzaten lur honen dunbotsak.
Esan gabe doa, nekeminez eta maiteminez, baina eutsiko diodala goiari nahiz beheari, eta ez baikor ez ezkor, baina atxikiko dudala ene izaitea ahal dudan heinean.
Bi esku hauekin hori idatzi nizuen azkenekoz, eta gauza bat eta bestea garizumaldia, Aste Saindua, Aberri Eguna eta bazkoaldia ere igaro dira. Emozioa azalean eta bihotzaren taupadak indartsu, maitasun-uhinek kanporantz eta barnerantz eramaten naute. Dantza lurrean eta zerura adarrak aireratuz iritsi naiz honaino. Nire zati bakoitza laztandu dut. Gustura utzi nau eguzkiak, eta mozkortuta jarraitzen dut ilargipean. Nirekin bizi den pailazoari edo umeari esker ni neu naiz, ene jaitsiera eta igoeretan askatzen dena. Ni, zu, gu. Amalurra sentituz, norbera izanik, egunero maitasuna izan dezagula geure bizitzaren zeruertzean.
Bi esku ditut, eta bihotz bateko bi hots taupaka eskuetan. Eskuaraz, eskueraz. Ainara hau bere indarguneekin aurrera, baita bere ahulguneekin ere, eta bere ziurgabetasunekin eta itxaropenekin ere bai. Baina bihotzez eta maitasunez beti. Nik ere orainean idazten dut eskuaraz aberriaz, herriaz, nitaz, behin, duela mende batzuk, Walt Whitman poeta estatubatuarrak aldarrikatu zuen bezala Carpe diem bere poema hartan: «Har itzazue loreak ahal duzuen artean, xerbeldu aitzin, ximeldu aurretik alegia». Eta badakit Interneteko meme eta aipuek kokoteraino zaituztetela beharbada, eta ni ere nekaturik nago sare sozialekin, elkar ukitzerik ez dugun garai hauetan, gauza asko pasatzen zaizkigu oharkabean, batzuk alaiak, besteak tristeak.
Baina zu eta ni hor gaude, mundua den bezalakoa da, eta gure bizitzek ez dute jasotzen espero duguna, baina hor gaude. Hemen. Azken horrek oroitarazi dit segituan, poesia orok segitzen duela bizitzarekin grinatsu, bizitza errealari loturik, bere pozekin eta penekin. Bai, maite ditut etxe ertzeko loreak eta xerbeldu aitzin argazkiak ateratzen dizkiet udaberria ospatu nahian. Lorik egiten ez badut, unea harrapatu nahi dudalako da, ez dudalako ezer galdu nahi, egunsentiaz gozatzeko egoten naiz esna gau osoan eta frogatzeko ene buruari gaurkoa bizi dugula; baina ezinbertzean oharkabean badoa denbora, eta idazten dudan bi esku hauen hatzen artetik doa bizitza, haizea bezala. Bi eskuotan bi hots taupaka ditudalako, sentitzen dudan oro idatz dezadan.
Eta azkenik, ezinbertzean unea pasatzen utzita, iraganerako txangoa egiten dut beti, ene aita zenarengan pentsatzen dut eta izarrekin hitzordua egiten dut gauero: «Ni ez naiz sortu neuregatiko maitasunarengatik, ahazten nauten poema batzuengatik, ezer ez baita hatzen artetik doan bizitza baino gauza premiazkoagorik». Beraz, har itzazue loreak ahal duzuen bitartean, xerbeldu aitzin eta bizi oraina, une oro ezerezean gelditzen den oraina, eta hats bakoitzeko poema edo sentipen hori aurkitzen baduzue, heldu horri, hori baita hatsaren poesia, apirilero loratzen den lorea eta gutako bakoitzean fruituak eman ditzakeena.
GAUR ez dakit ilargi betea ikusiko dugun, baina SENTITU seguru
Euskaldunon egutegiaren ilargi egutegian arabera (eliza ailegatu aurretik) antolatzen zen. Urte berria udako ekinoziotik hurbilen dagoen ilberrian ospatzen zuten, eta aurten martxoak 13an da.
Gozatuuuuuuuu!!!!
Duela urtebete hain juxtu konfinatu gintuzten etxean, eta bi hilabete egon ginen etxetik lanean, etxeko bestelako lanetan, eta abar.
eta Facebook-ek gogorarazi dit duela 10 urte nuen bihotzeko ametsa, eta ohartu naiz hori dela ene ametsa oraindik… baina beharbada ez dago dena neure esku, ez dakit: Duela 10 urte Nire oroitzapenak ikusieta ene bizitzako amets handia familia handi bat izatea da ene maitearekin, hiruzpalau seme-alaba, eta maitasunez betetako etxe batean… hori da ene ametsa, bete nahiko nukeena… eta asteburu horretan negar egin dut, hilekoa, alde batetik, eta bestetik, larunbateko ilargi berria. Ilargi beterik gabeko gauean ene bakardadean negar egin nuen ia etsiturik.
ABENDUAREN HASIERA ITXAROPENAREN HAZIA Eguzkiak betetzen du ilargia egunsenti berri baten esperantzaz, eta ilargi ia beteari so aitaren irribarrea ikusi dut ene barnea argitzen heriotza hastapena baita bizitzaren ataria alegia.
Eguzkiak betetzen nau ilargiaz eta egunsenti berri baten esperantza ikusteaz bat ilargi ia beteari begira ene maite galduaren irribarrea aurkitu dut mina ez bada desagertzen ere gutarteko maitasuna ere agertzen da ilbeteoro, hilabete osoa argituz gau eta egun ilargiak argitzen baitu eguzkia ilunsenti baten esperantzaz, ni zutaz betetzeko itxaropenaren hazia baita abenduaren itxaropena.
Gaur erabakitzen dut bizitza oparo bat edukitzera, arrakastaz betea, maitasunez eta zorionez gainezka.
Bihar biharkoa, baina gaur oso sentibera eta minbera dudan arren bihotza, dudanari eusten diot gogor, “ez baikor ez ezkor, ATXIK!” gure Mattin Errekartek dioen bezala. Edo “segi beti aitzina zoriontsu, Ainarita” duela 18 urte etziko egunez zendu zen ene aitaren azken erranak. Ikasten ari naiz alde onari begiratzen, duela 5 urte utzi ninduen bikotekideak ni ttunttun bat izateagatik, baina azken 5 urteotan bikotekiderik ez seme-alabatxorik, baina hiru liburu argitaratu ditut, eta hori oso ongi dago, ezta?
gaur hemen nago, biharkoari begira, atzokoak bultzaturik…
Udazkena
Fruituek bizitza ekarri diote gizakiari; adarretatik zintzilik daude fruitu batzuk, gorriak eta jostariak dilindan, sagar batek agurtzen gaituela. Zuzentasunez jokatzen du bizitzako makilak, eta maitasuna uzten digu Jainkoak jolasaren inspirazioaz. Erakuts! Zuzenbidea irakatsi zeuen maitasuna bideratzeko; baina inspirazioak ez dizue uzten otoitzerako denborarik. Zinpeko suziria hartu, eta sinistu gizakiarengan! Hartu Maitasuna letra larritan, eta tira bertatik maite duzun hori zoriontzeko. Sorkuntza oro Naturaren artelana da. Jupiterren tronutik bertatik argi izpi boteretsua jaurtikita gureganantz hurbildu, eta mundua tiroz josten du. Lagun maiteok, bultza ezazue dena serio eta maitasunez; maitasunez berregindakoa aurrekoa baino ederragoa izan ohi da. Haurrek pilota paretara jaurtikitzen dute, eta berriz ere, haiengana itzultzen da pilota; maite dut biziki joko hori, lagunak niregana bueltan datozelako. Beti desio dut Dena, eta zuk zeuk ezin duzu Dena ukan, baina hala ere morroi bat erortzen zaizu Denetik. Iratzar zaitezte, ahul horiek, Ideala den hori gauzatzera; errespeta ezazue baita ere, jaioberri bat bailitzan, Natura. Nori sinisten diozun, adiskide, nik esan diezazuket: Bizitza sinets ezazu, liburuek eta hizlariek baino hobeki irakasten omen du… Lore guztiak joan beharrean dira (oraindik dirautenak bederen), fruituak zorionduz; loreek eta fruituek batera ematen baitizute bakartasuna. Egia penagarria! Hutsegite erabilgarritik tiraka ari naiz. Egia minatik eta sufrimendutik ateratzen da, zerbait erdietsiko duelakoan, agian… Hutsegite batez penatzen al zara? Inoiz ere ez! Baina hutsegiteko uneak berak penatzen du; bidearen amaiera (Finisterre alegia) ikusiko balitz bezala. Haur arrotzok, ez zaituztegu maite izan horrenbeste inoiz bat izanen bazinate bezala; izan ere, hutsegitea, haur bakarra bezala, geure bihotzetatik horren hurbil dago…! Hutsegiteak ez gaitu sekulan ere uzten; izan ere, hark erakartzen gaitu beharrizan zulo handi batera, beti egiaren barnera eramanen gaituen nahi dugun arima isil batekin. Ezinen luke beste inork berdin egin; izan ere, bakoitza berdina da bere gorentasunean. Nola hori egin? Norberaren barnea gainezka egiten duenean. Zergatik batzen dira horren gutxitan gustua eta genialitatea? Bakoitza Indarraren beldur da, kontuan hartu beharreko frenoa… Munduaren ugalketa oro arrazoizko diskurtsoak dira, gustukoak ez direnak; gustukoak ez diren diskurtso huts horietatik ez dator inongo artelanarik. Zein motatako irakurlea nahiko nuke? Aurreiritzirik gabe, soilik ni, bera eta Mundua ahanzten duena, eta liburuan bakarrik bizi dena. Hauxe baita ene adiskidea, nirekin batera hark nahi duelako paseatzen dena; gonbida nazazu bihar esertzera, gaur utz nazazu kanpoan. Zein sakon dagoen arima ahalguztidun hau, baliotsu bere helbururantz joaten da, eta ni neu bitartekari uzten nau. Haur baten panpinaren balioa duen txanpona gogotsu botatzen da aintzira batera; zu izanen zara Jainkoa haur guztien artean. Nola egiten du Naturak bere gorenean pertsonak elkartzeko? Pertsona bera nahikeria artean barneratzen da. Herri sentiberan ez diot ezeri inoiz eutsi; lagun txarrak kanpora botatzeko aukerak agertzen dira. Egun nahasiei tira egin behar zaie, erori arte, lasaitasun egoera berreraikitzeko. Hainbat talde desberdin mantendu behar dira, batzuk barnean, beste batzuk kanpoan ekinez; urte aunitz joanen dira, eta talde desberdin horiek bat eginen dira. Pertsona bakoitzak bere taldea osatzen du; hasierak beti izaten dira debekatuak! Baina gure taldea, libreki, berez ulertzen den izaki bat da. Ene seme maitea, nahi al duzu libre gelditu? Zuzena dena ikasiko zenuke, eta aski izanen zenuke aurrera zuzen begiratuz bizitzea… gorantz begirada bat bota gabe, edota behera nahiz aldeetara so egin gabe. Nor ote izkina bakoitzean aurkitzen den gizon noblea? Berdintasunera makurturik dagoena kanpora begiratu gabe… Ba al dakizue txiki izatea zertan datzan? Zuzenbide txikia markatzen du hark, hain zuzen ere, handiak egindako handitasunaren aztarnak segituz. Zer da saindutasuna? Arima anitz bat eginik lortzen da, eta erraza dena soilik bere barnean hartzen du, errege koroa baten moduan. Zer ote sainduetan sainduena? Gaur eta beti arimen sakonean sentitzen dena, eta beti ere bat egiten da. Zein ote gobernu edo estatuen atalik duinena? Hiritar ahula omen; forma hutsalpean lehengai baliotsu moduan mantentzen da. Zein da egiatan printzea? Betidanik ikusi izan dut hori: printzea den bakarra, hala izateko nahia duena da. Goiko ulermena falta da, baita beheko borondate ona ere; zuzentasuna gidatzen duen defentsa sutsua, eta agian, borroka batean amaitzen den bidea. Errepublikak ikusten ditut, eta hori da ene ustez erarik onena, estatuaren atal guztiak gobernatzeko… ala? Laster, soilik norbera ezagutuko gara, eta besteak balioesten ikasi, Bakea erdiets dezagun. Inork ez ditu zatiak maite, sorkuntza osoko zatiak alegia; lehengai banakoek beti eta betirako gerran egotera garamatzate. Bi eratan esan dezakegu Egia, paradoxa den egia: forma irekian Herria beti printzearen aberria izanen da. Zuk bakarrik ahots gora hori aldarrikatzean, esan beharrekoa ezkutatu egiten da; norbanakoek osatzen duten jende pila desagertzen da, amesten duzun guztiaren erdian. Orduan, zu izanen zara erregea, eta amesten duzun horregatik borrokatu ahal izanen zara; baina Itun bakoitzean estatu-gidariari deituko diozu. Argi eta zuhur, denekin mintzatuko da, gora eta behera paseatuko du bere batuta, eta ministro izaten segituko du. Zein nagusi ohoratu beharko dut orduan? Besteak baino argiago eta finago dena, oraindik ere arrazoitzen dakiena, eta jende askorentzat jatorra eta ona dena. Zu zeu argiena bazina, beren talde boteretsuan sartuko zintuzkete; baina pertsonarik mikatzena bazina, zure etxean giltzapetuko zintuzkete, arrisku publiko izatearen akusaziopean. Amets horietatik guztietatik iratzarriz gero, ez gaitzazu gu gehiago zaindu: has zaitez kantari! Kanta zure lo-kanta, amets gehiago egin ditzazun (egin ditzagun). Oraingo honetan zuk, o Udazken, soilik leunki lurreko orbela sakabana ezazu; eman diezazkidazu beste aldi batez fruituak.
ni oroiminez nauzu, duela sei urte itzuli nintzen maitearen ondotik, Uruguai eta Argentinatik, eta denbora pasatu den arren, ene ondoan ez dagoela ohartu naizen arren, zain nago, noiz bera itzuliko ene ondorat…
Gaur, udazkeneko San Martin. Hona hemen kantu eder bi: «San Martin, azken larrosa» Xabier Lete (Georges Brassen poetaren lanaren itzulpena berak eginda)
Ez dut AEBetako egoera politikoaz, COVIDaz, Armeniako egoera latzaz, Euskal Herriko egoera penagarriaz eta oro har mundua zeinen gaizki dagoen/ gauden aipatuko, ez dut gogorik horretarako, benetan, nekaturik nago.
Nik ene bihotz zauritu hau goxatu nahian nabil eguneroko gauza onekin, eta oroitzapen ederren igurtziz osatzen barnea.
Izan ere, duela sei urte ene bizitzako bidaia egin zuen Añara honek, maitasunagatik joan baitzen Montevideora, maiteak gonbidaturik, eta 10.000 km zeharkatu nituen bakarrik hegan ozeanoaz bestaldera. Badakit dela ene bizitzako gizona, eta etorkizuneko ene seme-alaben aita, baina onartu behar dut bere nahia, lehen onartu nuen bezala zoriontsu, nitaz maitemindurik zela… beharbada ez da benetan maite duten horietakoa, ez dakit, baina elkarri hutsegin genion FAKEBOOK eta internet gure kalterako…
ez dago errudunik, ez nuen bera galdu nahi inola ere ez, saiatu nintzen berari ez huts egiten… bakoitzak gure ardurak ditugu, bai, maitasunezko harremanean, eta horietatik ikasiko ahal dugu biok ere! Nik behintzat kolpez ikasi dut berriro ere eta bera galdu nuen, beste baten besoetan dago, eta nik bere falta badut ere, bere niretzako maitasunezko hitzak eta olerkiak bihotzean iltzaturik ditut, eta horiek bizi naute; OROITZAPEN EDERREK BIZI NAUTE ETA BERA BEHIN BEDEREN ERABAT ZORIONTSU EGIN IZANAK KONTSOLATZEN NAU AMINI BAT….
Eguneroko gauza onei eutsi… ez dakit, maitea, bihar biziko naizen, guretzat beste egunsentirik izango ote den, izan ginen hura izango ote garen, behin banatu eta bizitzak hondatu arren, patuak noizbait batuko ote gaituen!!!
2020 urte bitxi honek ez dakit zer onik ekarri didan, baina egia da neure buruarekin egoteko aukera eman didala, familia eta lagunak gehiago estimatzeko. Egia da nere lehen eleberria argitaratzeko aukera izan dudala aurten eta lorpen hori bada poztekoa, ala?
nola erran zenbat eskertzen diodan Orioko Marisa Arruabarrenari iragan konfinamenduan bere poema-bilduma niri bidali izana, eta olerki sentikor horiek irakurri ondoren, eni hitzaurrea egitea eskatzea?
Nola eskertu bere hitzak eta nahi badut bere iritzia ukan dezakedala jakitea?
Iragan urriaren 24an larunbatean aurkeztu zuen Marisa Arruabarrena oriotarrak bere herrian bere lehen poema-liburua, eta izan dadila beste askoren aitzindari!
zer nahi duzue kontatzea? aspaldian ez dudala idazten hemen, eguneroko gisa sortu zen blog honetan. Azken boladan etsiturik dago ene bihotza, esperantzak ahul… eta behin ene maiteak esan zidanaz oroitzen naiz elkarrekin hasi ginelarik 2014an: “Uste nuen gaurgero bakarrik geldituko nintzela mundu honetan, bikoterik gabe”… eta azkenean ni geldituko al naiz bakarrik berarekin maitemintzeagatik?
NOLA NAGO? TRISTE BAINA POZIK… Nola nagoen ez dakit baina triste nago pozik ere bai erdiminez nagoelako erdipozik dago, erdizka hala ere. Nola nagoen ez dakit triste nago baina pozik erantzuten dut irribarre batez triste bihotzez, esperantzarik ez maiteminez eta erdiminez aurrera segitu behar dudala erran didalako lagun batek idazten segi, otoi! Ez gal itxaropena, merezi duzuna jasoko duzu aspalditik itxaro dudana. Aspaldian hitzeman zidana.
(Ainara Maia Urroz)
Horrela sentitzen naiz, barrutik triste, ene maite hura gabe, bigarren aukerarik…?
baina pozik maite nauen jendeaz inguraturik nagoelako hala ere, eta nire literatura estimatzen duenik ere badelako. Uda honetan nire lehen eleberri laburra argitaratu dut eta udazkenaren hasieran, irailaren 23an egin genuen liburuaren aurkezpena Donostian:
Ainara Maiaren lehen eleberria da hau, eta etxetik lehen aldiz irtengo den Kattalin Landaburu du protagonista. 19 urte ditu, eta Alemaniara doa urtebeterako, alemana ikastera. Harako bidean beste bost neska ezagutuko ditu, eta herrimina, bestelako kultura bat, ordutegia, ulertua ez izatea eta beste biziko ditu.