Irakurle maitea:
hona hemen poetontzat urteko egunik ederrenaren kronika poetikoa:

2022ko martxoaren 27a, Senpere-Amotzeko Larraldean
SAHATSAREN ONDOAN
Iragan igandean eguzkia ere gonbidatu genuenez urteroko euskal poeton bilgunera elkarri hatsa emateko, hura ere agertu zen, eta egun osoz gozatu zuen gutarteko adiskidetasunaz eta poesiaz. Gutartean fisikoki ez zeudenak ere presente izan genituen, eta pittaka-pittaka biltzen hasi ginen saHATSAren inguruan… 50en bat pertsona! ETBko Iparraldeko Orena eta Euskadi Irratiko kazetaria den Irati Errandonea ere agertu zen gutartera, berak aurten parte hartu baitu HATSAREN POESIAn Bidasoko AEKko ikasle gisa.
Egun osorako jarri genuen Iñaki Bastarrikaren 120 azieta edo platerekin osatutako margo eta aurtengo HATSAREN POESIAren partehartzaileen hitzekin osatutako erakusketa ederra; eta eguerdian hasiera eman genion 2022ko Hatsaren Poesia liburuaren aurkezpenari. Aurten parte hartu duten 122 olerkarien hitzez bustiriko orriak aberasgarri eta hunkigarri zaizkigu, eta Auxtin Zamora hasi zen solasean azaltzeko Larraldea etxaldearen babesean hazi zaigun sahatsak zergatik egon nahi zuen gure artean, eta ez duela hiru urte leku berean landatu genituen gorostiak eta mizpirak. Seguruenik, sahatsa hitzaren barnean gure hatsa aurkitzen zuelako agertu zaigu ustekabean gure landarearen poesia, gu guztioi hatsa emateko, esperantza amini bat alegia.
122 olerkari Euskal Herri osoko nahiz euskal diasporako, tartean 35 berri, eta liburua atontzeko lanak hartu ditudanez, nik Ainara Maiak, esan nizuen akatsak akats liburu honetako poema bakoitza gonbidapen bat dela hartzeko eta irakurleak bere egiteko, eta horrela irakurle bakoitzak duen olerkia argiari eskaintzeko.
Aurtengo liburuaren sar-hitza idazteko gonbita Joseba Aurkenerenari zoriz egokitu zitzaion bezala, datorren urteko liburuaren sar-hitza Peio Jorajuriari egokitu zaio, eta jada erran dezakegu abian dela 2023ko Hatsaren Poesia!
Sahatsa gure artean zoriz eta ustekabean agertu zen, eta zoriz azken urteotako 24 aleen bilduma Bidasoako AEKri egokitu zitzaion opari, eta ondoren Marisa Arruabarrena poeta oriotarrak berak egindako giltzatako bereziak oparitu zizkigun aurten bildu ginenon artean, eta Antton Kazabon poeta oiartzuarrak ere bere liburu batzuk zozketa bidez oparitu zizkigun. Eskerrik asko zuen guztien eskuzabaltasunarengatik!
Aurkezpen-ekitaldiaren ondoren, taldearen argazkia atera zigun Beronika Zamorak, eta gero jan-edanak dastatzen hasi ginen elkarrekin hitz egiteko luze eta zabal. Aperitifaren ondoren, eguraldi eguzkitsua zela profitatuz, mahai biribiletan bazkaldu genuen Larraldearen aitzinean, eta lo-kuluxkaren orduan, bakoitza bere olerkiak errezitatzen eta kantatzen hasi ginen: Alan Abeberri, Piarres Aintziart, Aitor Antuñano, Eneko Apaolaza, Marisa Arruabarrena, Joseba Aurkenerena, Mikel Babiano, Iñaki Bastarrika, Matxalen Bezos, Bidasoko eta Lezoko AEK euskaltegietako ikasle zenbait eta euren irakasle Idoia Genua, Ilazki Egibar, Nicole Etxart, Maialen Etxegoin, Lucien Etxezaharreta, Lorea Etxezarreta eta haren semea Unax, Tere Irastotza, Imanol Irigoien, Josu Jimenez, Antton Kazabon, Antton Larrandaburu, Juankar Lopez Mugartza, Asel Luzarraga, Ainara Maia, Arantza Martinez, Sabin Oregi, Andoni Salamero, Graxi Solorzano, Marikita Tambourin, Eric Traonmilin, Auxtin Zamora, Eba Zilbeti eta Lander Zurutuza.
Antton Larrandaburuk, bere musika-taldeko lagun batekin batera, hiru kantu abestu zituen, eta arratsaldea musikaz blaitu zigun. AEKko nahiz Idazle Eskolako ikasleen presentzia oso estimatzekoa izan da, eta Tere Irastortzak present ez zegoen Koldo Zubeldiaren poema irakuri zuen bezala, Imanol Irigoienek bere anaia Joan Mariren poema ere irakurri zigun. Liburuaren bukaeran iaz presentzial egin ziren hiru poesia-tailerren emaitza poetikoak daude, eta iazko suHATSAren sugarrak pizturik segitzen duelako, heldu den apirilaren 4an hasiera emango zaio Auxtin Zamoraren aluminiozko artelanez eta iazko HATSAREN POESIA liburuko hitzez osatutako erakusketa poetikoari Iruñeko liburutegi nagusian. Bertan, izanen da Miren Agur Meabe poeta omendua, eta ondorengo asteetan Amaia Lasa, Itxaro Borda eta Juan Luis Zabalaizango dira han.

Suhatsa eta sahatsa dira bizitzeko behar dugun gure hatsa eta arnasa, eta segi dezagun elkartzen horrelako egun gogoangarriak izan ditzagun hemendik aitzina ere! Izan ere, enetzat behinik behin urteko egunik ederrena “Hatsaren poesia eguna” da, liburuan parte hartzen dugun guztiok elkartzeko aukera baita eta egun zoragarri bat iragaiteko elkarrekin.
Gehiago jakiteko urteko egun politenaren inguruan, hona hemen Auxtin Zamoraren bloga:
https://olerkarieneguna12.blogspot.com/2021/12/blog-post.html
Besarkada bana eta ez adiorik!
Maite zaituztet
Ainara Maia Urroz
IRITZI EMAILEAK. AINARA MAIA URROZ. IRUN.
Biribildu zaizkit ertzak eta agondu naiz

Matelak gorritzen zaizkit mendian gora abiatzen naizelarik, mendi-mazelak astun egiten zaizkidalako, baina esperantzari leiho bat ireki nahi nioke posible eginez ezinezkoa: Jaizkibelen, Erlaitzen, Aiako Harrian nahiz Xoldokogainan, Pirinioetako Bidea elkartasun —eta askatasun— ildo zabal izan dezagun herri zapalduok heldu den uda sargoritsuan, uztailaren 2an. Erabakitzeko eskubidea denoi dagokigu, baina aspaldiko mendeetan zapalduriko herri batek merezi du berez independentzia, inolako galdeketarik gabe, agian. Nik soilik matelak gorri ditut bi begi tristeen azpian, eta irribarre leun eta lotsati bat ateratzen zait itxaropenari begira, ene etsipenean.
Itxaropenez begiratzen diot etorkizunari, joan direnak gogoan, ikastolako garai zoriontsuak oroituz, eta agondu naiz Hondarribiari begira. Izan ere, etzanda edo horizontalki egon nahi nuke beti errealitateaz ez ohartzeko, baina etzanda egonik, agondu naiz; hau da, gorputzaren goiko aldeko erdia jasotzen dut, eserita gelditzeko, agonduta. Apirila bipil hasi dugu Korrikaren indarrarekin hitzak haragituz, eta Aberri Eguna ospatu dugu. Ene ametsa litzateke Euskal Herri batu eta aske bat, eta ni jada ez naiz neska gazte bat, baizik eta emakume ausart bat oraindik bere ametsak betetzeke dituena. Ama izan nahia beti izan dut buru-bihotzean, eta maitemindu naiz ene seme-alaben aitaz. Hura, ordea, ez da ausart izan, eta nahiago du beste batekilan, edo auskalo… agian ni ez naiz haren seme-alaben ama amestua.
Nostalgiaz begiratzen diot iraganari, etorriko direnak gogoan, familia zoriontsu bat irudikatuz, eta agondu naiz, ohartzeko errealitateaz: hauxe naiz, emakume euskaldun abertzale bat. Maiatza maitearekin gereziondoaren azpian hasi nahi nuke musuka, indarrarekin hitzak eta ametsak haragituz, aberri euskaldun batean. Ene ametsa litzateke Euskal Herri batu eta aske bat, eta ni jada ez naiz neska gazte tuntun bat, baizik eta emakume ausart bat, oraindik bere ametsak betetzeke dituena, ilusioak bizi duena.
Biribildu zaizkit ertzak neguan, eta agondu naiz nekaturik, indarberritzeko eta berriro ere xutitzeko, zubi bat eraikitzeko hitzak erabiliz, gutarteko zubi hori osatzeko har-hitzak ontsa hautatzeko, gure zubiak betiko irauteko. Burdin bizia edo imana izan nahi nuke, berriro ere ene maitea neureganatzeko eta bizitza bat elkarrekin eraikitzeko.
Ametsak? Beharbada amets hutsak dira horiek guztiak, baina horiek xutiarazten naute goizero, gau osoa ametsetan etzanda egon ondoren, agontzeko eta errealitateaz jabetzeko eta aitzina segitzeko. Biribildu zaizkit ertzak neguan, zuk, ene maitea, udan goxo besarka eta laztan nazazun etzanda gaudelarik errealitatetik urrun, eta gure ametsak hitzekin haragituz.