Irakurle estimatua:
Hiru asteko udako oporretan erabat deskonektatu dut, eta uda-usainez maitasuna agertu zait ene bizitzara berriro. Atxoplatu edo moldatu besterik ez dut egin neure burua errealitatera, bizi nadin, bizi dezadan bakarra den ene bizitza hauxe…
Atxopla hadi, atxua!
Agur Irun, Bidasoa eta Jaizkibel artean zaudena, antzina-antzinatik, ongi zabaldua dago zure izena, baita Uranzu ere, dohain berezi alaigarriak dituena, sendatzen duzue ene bihozmina, gauza atsegina, iratzeen artean (Urantzu) aurkitu nahi nuke heriotz orduan zure inguruan. Horrelako zerbait idatzi zion Basurko poetak Bidasoa bazterrari.
Borobildu zaizkit ertzak iragan neguan, eta borobildu begiak aste honetan Errenteriako andre eta lankide bati entzun diodanean esaten «atxoplatu». Ezpainak biribilduz, harriduraz eta hunkiduraz begiratu dut nola argitzen zen Piriniotako bidea gauez, eta borobildu zaizkit begiak harriduragatik sanferminetako su artifizialak aurrez aurre ikustearekin batera.
Ez dakit segur borobildu eta biribildu bi aditz sinonimo ote diren, baina azken boladan zer pentsa eman zidan Urruñako lagun idazle batek: borobildu aditzak bolumena hartzea esan nahi du, eta biribildu, aldiz, zirkunferentzia bat marraztea. Hala, zure begiak borobildu dira agian harriduragatik, hau irakurtzean, eta langileak manifestazioan ukabilak borobildurik doaz elkarrekin; baina airearen erresistentzia gutxitzeko forma egokia duena forma biribildu bat da, edota zirkunferentzia marraztu edo forma biribil bat egitea.
Eta zer ote planak edo egitasmoak biribil ateratzea? Zer ote udako oporrak planifikatu eta biribil ateratzea? Hasiera eta amaiera duen istorio zirraragarri bat bururatzea? Ilargi betea borobiltzen da hilero, eta ni berarekin batera atxoplatzen naiz; hiztegietan ez dagoen hitza, bidenabar esanda, baina hiztegietan agertzen ez diren hitzak benetan sentitzen ditugunak bihotzean.
Sentiberago eta minberago nago, eta munduko min eta sentipen oro neure bihotzaren zaurietan sartzen dira. Egokitzen edo moldatzen naiz maitalea bere maitearen barnean bezala, eta andre zahar batek neskatila honi zera esaten dio: «Atxopla hadi, atxua! Mundu honek ez du eta malkoen beharrik, eta ez kexa, otoi, eta segi beti aitzina». Izan ere, aste honetan jakin dut atxua neska txikiei esaten zaiela maitekiro, eta ez atsoa edo andre zaharrari.
Atxuak nahiz atsoak maitasunaren beharra dugu, eta mutilengana inguratzeko gogo eta desira ere maitemintzen garelarik, baina maite duguna iheskor dagoelarik, egoerara atxoplatu besterik ez dugu egin behar, bizi nahi badugu behintzat, bizirik gauden bitartean.


20 urte ez dira deus ere…
2022ko agorrilaren 15ean, astelehenez, Amaiurren.
Ainara Maia Urrotz
(X. Leteren “Habanera” doinuan kantatzeko)
Amaiur jaioterritik umilik haur Donostira,
Nafarroako larretik Gipuzkoako bustira,
etorri hintzen, Joxe, ta hire lagunok guztira
bagina gaueko izar, a ze nolako distira!
Suerteak tiraka ere inoiz hobe ezetz tira:
zorionean agertu hintzen Txingudi eztira;
geroko sentimenduak faltsuak izan ez dira:
amodioa hitzetan jausi zaiguk abestira.
Jaioterrian bahuen amuarrain eta mizpira;
gerora etzaik faltatu onddo-beltz, xingar, ixkira…
Bizitzak halabeharra, halabeharrak “aski da!”:
derrigor pasatu behar txuletatik barazkira…
Nahiz denok jaitsiak gauden hamalautikan zazpira,
deusek ez gaitu botako etsipenaren azpira.
Zorionez etorri haiz oturuntza-argazkira:
bihotzak gora ditzagun txanpan-toparen izpira.
(Joxe Maia gure lankideari (Txingudi ikastolakook).
Jexux Mari Mendizabal “Bizargorri”
2002-06-26
1937ko buruilaren 15ean Amaiurren.
Joxe Maya Dendarieta Gurutze egun batez sortu zen Amaiurko Itsalosko bordan, Gorramendiren altzoan.
2002ko azaroaren 21ean Irunen.
Ene aita zena duela ia 20 urte hil zen, baina nigan bere sorterriarekiko maitasuna utzi zuen.
Antxuan xuri
arlantxan gorri
defotan beltx
zer dela pents?
Hil aitzin, azken egunetan erran zautan: izan zoriontsu, ainarita, izan zoriontsu. Ez pentsa inork ez zaituenik maite, nik maite zaitut. Beti. Maitasuna maitasuna baino gehiago baita, sortzetik honatago eta heriotzetik haratago doan indar misteriotsua.
Eta ni arduratua ibiltzen nintzen gaztetan nor,
nolakoa izango ote zen
enetzat aukeratua.
Ene aitaren antzekoa
nola aurkitu galdezka,
maiteminik gabe amodio bideetan.
Egia balirudike ere
gezurra litzateke;
gezurra badirudi ere
egia izan daiteke.
2003
Bizitzaren udazkenean joan zinen
eta orain nabarra da gure bihotz-arima,
nabarra sentimendua.
Hilkorron bihotzotan hilezkor zara,
hilezkor bihotz guztietan.
- Lehenik bizitza sinestezin bat, gero liburu harrigarri bat, eta orain omenaldi xume hau zuri, aita…

Nire zurekiko oroitzapenetan sentitzen zaitut:
zure akatsaren oihartzun urruna,
zure kantua ikusten dut goizean
eta irribarrea lehenengo planoan
begiak ixten ditudanean gauean.
Bakarrik nagoenean,
zure besarkadaren beroak inguratzen nau,
usaintzen dut zure hatsa eta
poesia laztantzera iristen naiz;
poesiak eguneroko berriak, bizipenak eta pozak direla
oroitarazten didazu.
Horregatik, aita, kantaidazu beti bezala belarrira:
“Ainara, ainara, polit eta gazte,
zaharrak eta gazteak dabiltza zure atze,
ile hori, begi urdin, ederra zara zu, Ainara”.
AITAREN ERRANA
Xuri ta beltxa
gibelurdin eta onddo beltxa,
xixa hori edota amuarrain!
Txindoki gainean,
Jaizkibelen barna,
Gorramendi kaskotik
zuri berde eta gorria.
Dirdira berezia irristatzen da
ahantziriko urteetan:
udaberri atseginen sasoien ibilaldiak,
udako eguzki errukigabeak,
udazkeneko euri-zaparrada eta haize-boladak,
eta neguko orduen elurrak.
Udazken koloretan landen lurrinak zeharkatzen,
hitaz oroit eta higana,
beti ere hilezkor bihotz guztietan.
Nahiz eta soinak hegan egin
erroetaraino jautsi,
goieneraino igan,
muinak iraun dirau
gugan.
Sinisten dut bihotzez
egunen batean hilen naizela ni ere bai,
hauts bihurtuko naizela
eta gizaki-abereek nik emandako
fruituetatik bazkatuko direla.
ENE AITA DENARI
Sinetsi nahi dut
han goian zaudela,
baina inoiz baino hurbilago;
sinetsi nahi dut
zeruko mahaian zaudela
eta ez zaudela bakarrik,
hantxe daudela ezagunak,
lagunak eta familia.
Goraintziak denei.
Zorionak aita,
esker mila munduko aitarik onena izateagatik.
Nik ere aunitz maite zaitut, beti.
AMAIUR
Baina amaitu da ura,
iturria agortu da:
ezin dut negar gehiagorik egin,
eta lehor, idor nago, antzu.
Etorririk ez
eta joanak orain.
Joandakoak gogoan
etorritakoen faltan.
Hitzak ere ez datoz tarrapataka,
hitz hutsak, mamirik gabeko irudipenak,
azaleko irudiei so.
Jada ez dago itsasorik,
malko gaziez egindakoak.
Putzu istiltsuak, lokatza, lohia,
neure atsekabean hankak
zikindu ditut.
Hitzak.
Jada ez dute deus ere erraten,
eta ez zait hitz bakar bat ere ateratzen
ahotik.
Uholdeak aspaldiko kontuak dira,
baita hitzak ere.
Bukatu da niregan hitza.
Ez dut gehiago hitz egiteko gaitasunik,
neure gorputzak zinez sentitu nahi baitu,
eta erraietatik solastu nahi dut zintzo.
Tantaz tanta
elekatzen hasiko naiz sentimena.
Sufritzetik utzi eta alaitu nahi dut
gazteluaren altzoan
ene arbasoen besarkadaz
ene arbasoek hitz egin dezaten
isilduko naiz.
20 URTE
Ia hogei urte iragan dira
zu gabe, aita.
Zoriontsu izateko erran zenidan.
Hogei urte hauetan
oso zoriontsu izan naiz
baina oso zorigaiztoko ere bai
ia erotzeraino
ia hiltzeraino.
33 urterekin ene buruaz beste egitea ere
pasa zitzaidan burutik amodio ezagatik,
baina poesiak salbatu ninduen,
HATSA hartu eta bota nuen,
eta poema-liburu batez erditu nintzen.
Hogei urte hauetan
oso zoriontsu izan naiz,
baina oso zorigaiztoko ere bai
ez bainaiz ama izan;
haurdun gelditzeko esperantza bihotzean beti
noizbait erdituko naizela maitasunez:
enara bakar batek
uda ekarriko al du?
Kristaletik kanpora urdin,
kristaletik barnera lanbro,
bart arratseko laino meheak
ikusmira lausotzen dit.
Urdin iluna bihurtzen da
kristal ilunetik haratago begiratzean,
eta eguzkiak bero desafiatzean nau,
goizeko ihintzari aurre egiten dio.
Ekaineko eguzkiak
bere izpiekin
maiatzeko loreak jaso nahi ditu,
eta bere soineko zuriaz
begiak estali nahi dizkit.
agorril, esadazu
iragandako udazken-negu hurbila
amesgaizto izan dela,
esadazu eta
esnatuko naiz:
non gelditu dira ametsak betetzeko indarrak?
Udaberriak ikaratzen nau,
bere baitan esperantza dakarrelako,
eta agian, udazkenerako
kearen antzera
desagertuko delako.
Hostoak lurrera erortzen diren bezala,
malkoek egindako bideetatik
oroimina datorkit.
Oroitzapenek bide hori
desegiten laguntzen didate,
eta udazkeneko zuhaitzak bezalaxe
mila kolore arreko soinekoa janzten dut…
…hosto ximel batzuk erori,
baina beste batzuek tinko eusten diote
zuhaitzari, adarrari.
Agur erran genion elkarri,
bidaia hori hasi zenuenean,
eta agurra ez zen betirako,
betiko oroitzea baizik.
Oroitzea,
bidaia baten banantzearen ondoren,
agian, elkar ikusiko dugula
toki zoragarri batean,
agian ez badugu elkar ikusiko ere
noizbait ere elkartzeko itxaropenaz
beti bizituko naizela
zoriontsu.
