2011ko ilbeltzaren 30a, igandea… ene lagunik onenari eskutitza

Brnon, 2011ko ilbeltzaren 29an

NIRE LAGUN ONENARI ESKUTITZA

Ni ez naiz pikutara joango, eta joatekotan zurekin joango naiz, ez bakarrik. Ni gereziondoan geldituko naiz itxaroten eta bizitzen, itxaroten noiz loratuko eta fruituak emango, gero zuendako euskal pastel bat egin dezadan.

Ez dut ulertzen zergatik bidali nauzun pikutara, beharbada pikuak direlako gehien gustatzen zaizkizun fruituak eta pikutara gonbidatzen nauzulako? Hala bada, milesker aunitz. Nik neukan onena eman dizut beti bihotzez, Senperen ezagutu zirenetik nire begirada eta zure irribarrea. Eta zuk? Zuk ere bai, zure lehen SMS hartatik, eman didazu onena eta txarrena, lagun poeta, eta min handia egin badidazu ere, dena barkatzen dizut, hori baita hitzez sinatu ez genuen „maitasun inkondizionalaren kontratua“ . Nik dena barkatzen dizut, orain naizen guztia zuri esker ere banaizelako. Maite ditudan eta nauzuen pertsona guztiek eta nik osatu baitugu naizen hau gaur.

Ez dut ulertzen zure isiltasuna eta hitz itsusiak begietara begiratu gabe, bihotzak ez baitu ulertzen buruaren arrazoirik, baina desio dizut onena, nik bezainbeste zuk ez sufritzerik inoiz, eta espero dut gabonetan nik Olentzerori eskatutakoa laster etortzea nigana, beharbada udaberrian edo udan, neska ona izan bainaiz. Gabonetan zurekin begietara begiratuz hitz egin BEHAR nuen, beste inorekin ezin baitut hitz egin, eta urte berri hau hasi baino lehen, gauzak argitu nahi nituen zurekin, ez baitago argi deus ere. Eman diot jada hitzari bidea nire barrenean, gero barrenetik kanpora joan dadin.

Ez dut ulertzen, ez, lagun maitea, baina bihotzak inoiz ez du ulertzen arrazoiaren indarrik, eta nik soilik maite dut, nik bakarrik eman egin dut, eta benetako maitasuna, adiskidetasuna edo deitu nahi duzun bezala, askatzea denez eta ez lotzea, askatzen zaitut biotako inork sufri ez dezan gehiago. Zurekiko loturak min eman baitu. Min ematen baitit.

Ez dut ulertzen, eta barkatu beharbada, burugabekeria aunitz idatzi badut publikoki orain arte, dena bihotzez idatzi baitut, buruari kasu handirik egin gabe. Nire bizitza da kontatu dudana, ez zurea ez besteena. Nire (biz)hitza bihotzetik, eta eskutitz hau ere hala idatzirik dago; beharbada ez nukeen idatzi behar, baina idatzi dut jada batez ere zuk irakurtzeko, lagun maitea, eta irakurtzen ez baduzu ere, nire bihotzean gelditu den lagunak irakurri du jada. Oroitzen erran nizula behin, betiko sartu zinela olerkari honen bihotzean? Hala zen.

Ez dut ulertzen, ez bainaiz besteak baino okerragoa, ez eta hobea ere.  Soilik ni naiz zuk egin duzun altxor bat gehiago, neska olerkari lotsati minbera hau; zuk, zuek denok eta nik ere egin dugun gaurko olerkari mutu hau.

Ez dut ulertzen deus ere, baina Kirmen Uribek bezala, nik ere zuen bisita nahi dut, bakardade honek iraun bitartean heldu eskutik, eskatzen dizut zuri ere, lagun maitea, ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi, maitasun keinu bat besterik ez.

Mesedez, hel nazazun soilik behar dudala zuk jakitea nahi dut. Erraten ez badizut ere, eta batzuetan ezetz erran. Litekeena da momentuz ez gai izatea zuri laguntza eskatzeko, aski nahasirik bainago, baina beharrezkoa dut jakitea zu hor zaudela.

Jakin ezazu ez dudala espero zuk ni ongi sentiarazterik, ez eta nire pena hau desagetzerik ere. Momentu honetan inork ere ezin du. Nik behar dudana lasaitzen laguntzea da, nire mina onartuz eta zure ezintasuna jasanez, niri laguntzen uzten ez dizudalarik.

Ezin banauzu deitu zure mina jasan ezin izango duzulakoan edo nire mina jasan nahi ez duzulakoan, esadazu. Beste edozein aitzakia baino hobeki ulertuko dut hori. Nire haserreak uler diezazkidazun espero dut eta nire purrustadak barka. Ez zuk ez beste inork ez nauzue haserrearazten; izan ere betiko galdu dut gehien maite nuen pertsona.

Ez itzazu nire malkoak ekidin. Ni negarrez ikustea gogorra izan daiteke zuretzat, baina nire penetik pittin bat adierazteko modu osasungarri bat besterik ez da. Negar egitea ona izan da niretzat, eta horrenbeste mindu zaituzten nire maitasunezko hitz poetikoak ere pena hori adierazteko modu bakarra izan dira, eta berriro ere zure postontzian horrelako hitzak aurkituz gero irakur itzazu, arren, eta hurrengoan negarrez aurkitzen banauzu, eser zaitez nire ondoan eta utzi zure ondoan negar egiten, keinu hori oso kontsolagarri izango baitut.

Ez zaitez saia, arren, nire galera besteenekin konparatuz hobeki sentiarazten. Nire pena nirea da, eta transferiezina. Ez iezadazu erran, arren, „Jainkoak hala nahi izan duelako gertatu zen“ eta horrelako esaldi eginak, hori entzuteak ez bainau kontsolatzen, eta aldiz, nahasmena ekartzen dit bihotzera. Ez iezadazu erran, arren, „iragana iragana dela eta ezin dela harengatik ezer egin“, iraganaren emaitza baita gaurkoa, eta ez esan, arren, „gerta zitekeen onena gertatu zen“, ez baita egia. Ez erran „imaginatzen dut nola sentitzen zaren“, inork ezin du imaginatu. Edozein kasutan, mesedez, galde iezadazu gaur nola sentitzen naizen eta azaltzen saiatuko naiz. Ez eskatu „atzean uzteko dena, ahazteko eta nire bizitzarekin aurrera segitzeko“. Hauxe da nire bizitza.

Eta beharbada ez dut ulertzen deus ere, baina, arren, uler nazazu ezin badut konpartitu zuk bizi duzun momentu zoriontsua. Ahal izatea gustatuko litzaidake.

Nigatik zerbait egin nahi baduzu benetan, eskaini diezazkidazu topaketa zehatzak: bazkari bat, etxeko lan bat, ordu libre bat. Ni minduegi nago gaurtik haratago zer egin pentsatzeko edo egitarau erakargarri bat erabakitzeko ere. Dolua egiten ari naiz, badakizu, nire galera handiaren dolua. Ni izateko premia dut, eta ezin dut ez-ahaztu; bakean oroitzeko modua aurkitu behar dut soilik.

Besarka nazazun soilik eskatzen dizut, ilea uki diezadazun eta erran diezadazun zurekin konta dezakedala, ni zain nazazun eta negarrezko eta irrizko bide honetan lagundu. Negarren bidea oso bakartia izan dut, eta lagundu, arren, bidearen bukaerara iristen. Gutxi falta zait.

Azkenik, lagun maitea, nire dolua onar dezazun eskatzen dizut, bai eta nire sufrimendua oztoporik gabe onartu ere. Nik beti oroituko dut zuk eskaini didazun eta eskainiko didazun maitasun sendagarria.

ADEITASUNEZ,

IZAN ZORIONTSU BIHOTZ-BIHOTZEZ

ZURE ALTXORRA

UNIHOTEL (POKOJ 22)

CEJKOVA 21

CZ-61500 BRNO

MORAVIA

TXEKIAR ERREPUBLIKA

http://www.youtube.com/watch?v=hVqP73DQBjI

 

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s