POESIA
DESIRA
PLAZER 68/08 EUSKAL POESIA EROTIKOAREN ANTOLOGIA
Txalaparta
262 or
nireak zugan, zureak nigan
Gogorra izan da maiteminez
eta bakarrik poema sentsual eta erotiko hauek irakurtzea. Polita izango da
poema bakoitza maite dudan horrekin
irakurtzea!
Antologia bat da poema-bilduma hau. 1968tik 2008ra bitarteko zenbait olerki erotiko
hautatu dituzte Igor Estankonak, Edorta Jimenezek eta Josune Muñozek, tartean
eurenak ere bai. Nirerik ez.
Olerkari lagunen eta ezagunen poemak irakurriz, gelditu
naiz, atzera egin eta aurrera egiteko. Geratu. Eta Karmele Igartuaren azken
poemak xuxurlaka itzali ditu liburuaren hasierako ene grinak. Eta orain, zer
geratzen zait? Olerki erotiko bat idaztea? Eguneroko magiaren plazer txikiez
bustitzea? Hiru gehi lau ez da beti zazpi, batzuetan sei ere izan daiteke edo
bi edo bat. Hiru eta lau elkarturik hogeita hamalau urte magiko, eta urteko hilabete
bakoitzak bere egunerokoa idatzi dit gainean, orrialde bakoitzeko olerkiak
azala laztandu didan bezala. Eguneroko plazer txikiek eta olerkiek biziarazi
naute orain arte, eta orain, zer?
Etxepare leunki gainean pausatu zait lizun, eta Joxe
Azurmendi ez da gutxiago izan. Amaia eta Mikel Lasa ere bero etorri zaizkit,
eta Jon Casenavek aitortu dit nitaz maitemindu dela. Oraino ez zait inor
aitortu eta hunkitu naiz!
Tere Irastortzaren presentzia ausentziatik sentitu dut,
eta Xabier Montoiak loa galdu du nirekiko elkartasunez. Arrietak elur-maluta
bakoitzeko oroitzapen bat ekarri dit, eta urruti dagoenaren hurbileko musu
bustiak neure gorputzean sentitu ditut. Bosgarren solairuko sabai zaharreko
sagar usainak mozkorturik kontten ere paratu nau, eta urruti dagoen horren oihartzun
isil lotsati hori hurbildu zaidalarik, ene ohe gaineko gorputz biluzian haren
musu bustiak sabaiko iluntasunean ikusten ditut oraindik.
Eta arrapaladan banan-banan beste guztiak sartu zaizkit
barrenean: Agirre, Olasagasti, Solbes, Setien, eta zergatik ez? Hitzik entzun
ez zenidan txistu lotsati hori neure bihotzean zaudela betiko ohartu naiz. Eta
bat-batean Tere behin eta berriz dardaraka ene burmuinean. Eta mutu irakurri
ditut poemok, batzuetan hotz besteetan bero, hozbero askotan, Josu Landak
amodioaz hitz egitea debekatu baitio ainara honi, behingoagatik habia egin
dezan ausar dadin. Eta aurkitu dut Otamendi, eta Barandiaranek neure flana
probatu nahi omen du!
Sssh klack! Ene bihotza itxi dut batzuetan, ene maitea
jelostu ez zedin. Itxaro Bordak erran dit bizitza badoala eta probexteko
aukerak, Patri Urkizuk deitzeko erraten badit, deitzeko eta kitto! Ez
pentsatzeko gehiago maite ez nauen tipo horrengan, baina bihotza beti
tartekatzen da. Omar Nabarrok alkoholizaturik utzi nau, eta eskerrak Tere
berriro sartu zaidan barruraino kontsolatu asmoz, hobe baita manta on bat
amante txar bat baino.
Eta nigan daude denak goxo, aipatu ditudanak, eta ez
aipatuak maiteago, agian. Neure poro guztiek euren lurrina dute, eta orain ez
naiz gehiago bakarrik oheratzen. Besarkaturik, babesturik sentitzen naiz
zurekin, nirekin ez egon arren, maitea. Eta lasai negar egin dezaket, poeta
ofizioa ez baita erraza, poesia odolezko izerdia dela erran baitit
Sarrionandiak. Ados nago. Emakume independentea naiz, Estankona! Nire bular
elurtuek zure eskuetan urtuz, maitea, hustu ginen bosgarren solairuan. Eta
orain, zer, udaberrian? Zertarako bakarrik egon?
Negar
eta barre egin dut denetariko poema-liburu honekin, maitasunak auskalo zein
substantzia askatzen duelako, maitasuna da soilik azken batean estaltzen
gaituena, Markuleta. Ni naiz lilia, zu poeta. Edo alderantziz? Edo biak?