2009ko apirilaren 18a, larunbata…

MAITATZEKO PREST?


Maitatzeko prest, maitatua izan gabe ere?

Galdera guztien erantzuna
bakarrik gelditzeari beldurra omen dela entzun dut edota erran didate, baina
nire bakardade eterno honetatik erran dezaket erantzun guztien galdera
bakardadea dela eta erantzunak aunitz.

Hainbatetan, jendeari edo
pertsonekin egoteari beldurra da bakardade horren ondorioa, erantzuna. Bertzeen
aitzinean agertu eta arriskatzearen beldur, batez ere VW berdearen leiho
keztatutik begiratu eta lausoturik 
Alanis Morissettek bizitza ironikoa ez ote den galdetu eta marihuana
urrinaz aitzinean dugunarekin maitemintzeko arriskatzearen beldur izatea.
Beldur izan ohi gara, baina hala ere egun batean maitemintzearen arriskua hartu
ohi dugu, ala?

Bertzenaz, pentsa dezagun
egun batean, furgoneta gorri baten leihoko kristal gardenetik begira, Mikel
Laboaren ahotsaz, maitemintzearen beldur, arriskua hartzen dugula, kristalean ez
baitu honako ohar hau paratzen: PELIGROSO
A(SO)MARSE.

Barnetik kanpora honetan,
irudika ditzagun bizitzeko edo maitatzeko leiho gehiago kristal hautsiekin,
hormatuekin, zikinekin, kakaztuekin, marraztuekin.

Leihoaren kristala heze
dagoela eman dezagun. Zerua urdin dakusago eta begiak erdi irekirik
ditugularik, ametsetan bezala, ez gara egunaren ertzeko zauri gordinaz
ohartzen, eta odola borborka hasten zaigu. Eta elurra mara-mara tontor
urrutietan. Baina hori guztia ez dugu ikusten eta ametsezko ortzadar gurpildun
hartan abiatzen gara bihotza taupa-taupaka.

Bihotzik ez badago, gorputza
geldirik dago, hilik. Beraz, gorputza geldirik eta bihotza taupaka. Begiak erdi
itxirik bihotza zabaltzen dugu maitatzeko prest, baita maitatuak izateko ere. Balaztada batez, aitzinean
estropezu egindako pertsonarekin maitemintzen gara eta gure bizitza gida dezan
uzten dugu, itsu-itsuan, hark atzerako ispilutik noizean behin begiratzen digun
bitartean irribarretsu, beharbada Mikel Laboa lagun. Hark zer sentitzen duen
ezin jakin, baina orduan hura da gure mundu osoa eta bakarra.

Maitemintzea da pertsona
bat maitatzeko prest egotea, lehen aldikoz sudur gorria janztearen modu
bertsuan, baina sudurra ez ezik masailak ere gorritzen zaizkigu hark kokin
begiratzean. Enamoratzen gara eta begi irribarretsu horien jabeari dugun onena
emateko prest gaude.  Balaztadaren
ondoren, azeleragailuari sakatzen dio presaren presaz udaren azkeneko egun
eguzkitsu batean, lehen aldiz sentitu dugun zirrara hura maitemintzea dela uste
dut, ala? maitemindu, mindu bai, mindu! Begiek ikusi duten distira hark barnea
inarrosiz batera, lehenago hutsik zegoen puxika bete egiten da. Maitasunez
betetzen gara.

Baina hori ez da
enamoratzea; maitemina ote? gaitz larria? Arraro
sentitzen gara geure barneko sentimenduak ateratzeko saiakeran, eta ez dakigu
hitzez nola adierazi pertsona hari sentitzen duguna, sentitzen dugun poza. Ez dakigu
nola erran hark maitasunez bete gaituela, eta hustu behar dugula hari emateko.
Ez dakigu nola erran, berriro ere sortu ginela mundura, eta biluzik hutsetik
zerbait sortu nahi dugula harekin. Bat-batean zoragarria da dena, mundua, eta  hari ez ezik mundu osoari erran nahi diogu
maite dugula.

Azeleragailua topera,
jadanik ez du atzera bueltarik, eta ez diogu ezer erran inori. Lotsa. Beldurra.
Berak bikotekidea du, hara! A ze ironia, e, Alanis? Bat-batean bizitza
zoragarri batean emakume eder bat du berekin gure bizitzako gizonak, ez al da
ironikoa? Bizitzak batzuetan guri laguntzeko modu xelebrea du, ezta?

Orduan, egun bateko
zirrara gogoangarria ordutik eta betiko izanen dugu barnean, hasierarik eta
amaierarik gabeko maitasunean murgildurik. Izan al daiteke inoiz hasi ez den
maitasun istoriorik? Izan al daiteke muxurik gabeko amodiozko istoriorik?

Gure lehenbiziko aldian,
bigarren aldian, hirugarren aldian eta enegarrenean ere nahi gabe maitemintzen
gara, eta nahi eta nahi ez eramaten dugu edonora harengandik jasotako maitasun
guztia, baina ezin eman honek mintzen gaitu!

Mindu bai, ongi mindurik,
baina kontzienteago geure bihotzaz, eta burua pixka bat alde batera utziz
bihotzari entzuten diogu gehiago geroztik, baina hain da iluna erraten diguna batzuetan!

Hala ere, hobe bihotzak
erraten diguna entzuten egotea eta ibiltzea; zoriontsu eta zenbaitetan
zorigaitzeko ere egiten gaituen maitasun bete hau gau eta egun daramagu
geurekin. Beharbada damu dugu pertsona hura ezagutu izana behin, beharbada damu
dugu isilik gelditu izana hitz egin behar zen unean, baina alferrik dira damuak,
denbora aitzina doa eta, gibelera egin nahi arren, ezin!

Azken trena pasatu da
jada.  Eta ez dago furgoneta gorririk. Ez
VW berderik ere.

Beraz, zuek ez dakit, baina ni neu hurrengo trenaren zain geldituko
naiz; edo auto urdinaren esperoan. Bizirik sentitzen naiz maite dudalako, min
dudalako, eta bai, prest nago maitatzeko beti ere. Zenbaitetan ene begietatik
jaulkitako malko gaziek irribarre gozo bat erna dezaketela pentsatze hutsak
zoriontsu egiten nau, baina beti ezusteko baten esperoan gaur eta hemen;
tximeleta nire gainean noiz pausatuko. Pinpilin pausa maiteñoa

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Entertainment atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s