2009ko apirilaren 17a, ostirala!

Kaixo, zer moduz?

erdi-oporretan egon naiz… Alemanian egon naiz lagun batek gonbidatuta eta gero Pragan euskal literaturako irakasle bati ongietorria egitera, baita oporretara zetorren lagun bati ere. Orain hemen nago berriro ere, lantokian, idazten… baina zalantzan nengoen idatzi ala ez idatzi, izan ere nire hotmaileko kontua itxi didate, itxi dit internetek.

Beharbada ez naiz zoriontsu, baina hemendik aitzina besteok zoriontsu egitea izanen da neure helburua, neure zoriona…


LA VIE EN ROUGE


Sudur gorria jantzi nuenekoa bezalakoxea da enamoratzea. Lehen aldiz sentitu
nuen zirrara hura maitemintzea dela uste dut; maitemindu nintzela uste dut.
Mindu bai, mindu! Neure begiek gorritasun bat ikusi zuten, gorritasun hark barnea
inarrosi zidan eta lehenago hutsik nuen puxika bete egin zen.

Baina hori ez da
enamoratzea; maitemina ote? Arazo larria? Arraro sentitzen naiz ene barneko
sentimenduak ateratzeko saiakeran eta nekaturik nago, baina pozik. Nekagarria
zait huste hori, gero berriro ere betetzeko. Hutsetik bat-batean zerbait
sortzea zoragarria da zentzu guztietan, eta inguruko guztiarekin enpatia
lortzea atsegina; egiten dudanaren guztiaren kontziente izan eta ainararen
begiradarekin zeruaren eta lurraren arteko muga leuna bereizten ikasiz.
Hemen eta orain. Hemen eta orain sentitzen dudana besteei adierazi nahi diet
eta lortuko dut!

Lehen aldiz sudur
gorria jantzi nuenekoa oroitzen naiz: goizean goiz jaiki eta lehendabizi
eguzkipean oinutsik belarretan ibili nintzen, ihintza sentituz eta
gainerakoekin lehenengo harremanetan… eta lurreko eszenatokira! Esperientzia
kilikagarria ene barneko neskatila ateratzea, amesteko garaia eta haizearen
zirimolan ene ahots propioa atera nuen begiak itxirik eta besteekin orkestra
sinfoniko harmoniatsu bat osatuz… sentsazio harrigarria! Haizearen zirimolan
xirimiria, eta xirimiri artean lirain ene ahizpa ainarak hegan dotore. Aldi
berean enpatiaz eta distantziaz begiratzen nion munduari, inguruari,
jendeari…eta dena bizirik zegoen, inguruko objektuak ere bizitza zutela
oharturik eta horiek guztiak errespetatuz sinpletasunez eta umiltasunez oinak
lurrean ongi finkaturik, irudimenarekin bizi, irudimenarekin jolastu… Orain, sudurgorri
bat naiz eta uneak biltzen ditut.

Nire lehen aldian
negar ere egin nuen lur honetako eszenatoki gainean biluztu nintzelako, baina
begiak ongi zabalik inguruko gauzen eta pertsonen sinpletasunaz jabetzean,
inozente eta naif zeruko izarren distirak aurrez aurre nituela ohartu nintzen,
eta distira horien loreak biltzen hasi nintzen: begirada bat, keinu hau… eta
eramaten utzi nintzen, erabat aske nahi nuena aditzera emateko eta nahi nuena
izateko.

Nire lehen aldian
aurrean nuen guztia distantziaz jaso nuen, eta beharrezko denbora guztia hartu
nuen ingurua ikusteko, begiratzeko eta barneratzeko. Orain sudurgorri bat naiz
eta ene helburua bizitzea da. Barre eginaraztea bizitzearen ondorio bat da,
ondorioetako bat, negar egitea edo beste edozein sentimendu ateratzea bezala…
hori da sudurgorriaren edo clownaren funtzio poetikoa, gauza guztien arrazoi
ezkutua edo ez hain ezkutua bilatzea, alegia. Bai! Bai, baina… clownaren
zalantzak lurrean ziren  eta ainararen beldurrak airean.

Nire lehen aldian
tentsio punttu batekin, baina eroso sentitzen nintzen begirada konplizeak
aurkitu nituelako, eta hasiera-hasieratik jolasa zen nagusi gure artean. Ni
neure sinpletasunean inozente neure alderdi ezezaguna erakutsi nuen, eta
harritu nintzen zein begirada kokina ateratzen nuen besteen aurrean. Begirada
kokina… neure alderdi pikaroa edo maltzurra. Orain ezagutzen dut neure alderdi
hori, baina arraro sentitzen naiz… neure barnean sentimenduak nahasirik ditut
eta galdurik sentitzen naiz: gaiztoa ere izan naitekeela pentsatzeak beldurtzen
nau! Orain oihartzun kolore batez ikusten dut ingurua, oihartzun batez sartzen
dira neure barnean kanpoko hitzak eta bihotza kolpatzen didate; ez da zatitzen,
ez eta puskatzen ere, baina ubelduraz betetzen zait. Oihartzun isil bat
erortzen zait zintzurretik behera eta mina sentitzen dut erraietan: neurea
bakarrik den mina ez du beste inork sentitzen eta hala behar du.  Ene lehen alditik euri pixka bat egin du,
euriak tantaka-tantaka busti egin nau eta orain blai eginik nago… gaur eta
hemen bizitzearen erronka daukat aurrean eta lehen aldiz sudur gorria jantzi
nuenetik aldatu naizela ohartu naiz, eta egun guztiak  ezberdin balira bezala jaikitzen naiz egunero
ohetik: gertatuko dena gertatuko da eta gertatzea nahi dudana ere gertatuko
da,  eta bitartean aurrera begira, beti
aurrera gaur eta hemen bizitzeko grina, biharamuna amestuz. Aurrera noa, ez
dakit nora, baina beti aurrera! baina gaur eta hemen nago. Lur honetan.
Zapaltzen dudan lurraz jabetzen ari naiz eta min ematen dit, baina min horren
kontzientziak biziarazten nau; Hitzik gabe. Hitzik garrantzitsuenak bihotzaren
sakonean idazten baitira…!

Nire lehenbiziko
aldian nahi gabe maiteMINDU nintzen eta orain maite dut bihotzak esaten didana
entzuten egotea eta ibiltzea. Orain, 
sudur gorria noizean behin jantziko dut: marrubi basati bat izan nahi
nuke marrubizko muxuak ematen dakien marrubi basati hori; maitasunezko muxuek mugarik
izan ez dezaten  malkoen iturriak
irekirik segitzen dutenean ere… malko gaziek irribarre bat erna dezaten.

 

Ainara
Maia Urrotz

1976ko ekainaren 6ko igande eguzkitsu batez
munduratua… geroztik han-hemenka dabilen txori hegalduna izan nahi lukeen bi
hankadun lurtarra. Normalean, euskaraz idazten ditut olerkiak, ipuinak eta
bertze, barneko orrialdetatik atereak. Euskara irakasle, itzultzaile eta orain
Euskara teknikari, baina beti IDAZTEN(.com)

a.maya@euskalnet.net

 

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s