2021eko hazilaren edo zemendiaren 29a, astelehena. Zer ote da maitASUNA?

IRITZI EMAILEAK. AINARA MAIA URROZ. IRUN.

Asuna, maitatu izanaren ‘as(e)naia’

Irakurle agurgarri eta errespetagarri hori:

hona hemen azken Oarso Bidasoako HITZAko nire artikulua:

Horrela, gure barneko esperantza bizi-bizirik mantenduko dugu garaian garaiko fruitu gozoekin, eta garai ilun eta tristeak ahantziko ditugu maitasunaren indarrez. Kondairak dio sona handiko herri eta erresuma baten gainean eraiki(ko) dugula gaur egun zapaltzen dugun Euskal Herria, sustraiak sakon tinkaturik, eta adar luzeak euskal diaspora osoan sakabanaturik.

«Munduan ez dago bere hizkuntza maite ez duen naziorik, eta eskoletan irakasten ez duen herririk. Hortaz, taxuzkoa da guk euskara estimatzea», (Juan Beriain Utergakoa, 1566-1633). «Hala, sinetsi nahi nuke nik ere maitasuna dela munduaren bihotza», (Gabriel Korta Errenteriakoa, 1951-2020), eta hala balitz ere, jakin badakit asunak asnaia edo azkurea eragiten duen bezala, sendagarria ere badela. Jakin badakit, neure azal-mamian pairatu dudalako, maitasuna mingarria dela, baina bizigarria ere bai.

Odola berritzeko baliatzen da asuna udaberrian, eta udazkenean urak badoaz bere bidean isil. Iragandako urek ez dute deus ere erraiten gaur, eta alferrik da iragan-denborak hobeak izan zitezkeela pentsatzea bestela egin bagenitu gauzak bikote ginelarik; izan ere, iragan-denborak ere okerragoak izan zitezkeela pentsatzea bestela egin bagenitu gauzak.

Horrela, iraganean harrapaturik, etorkizunak besarkaturik, gaur ernaltzeko ametsak giltzapean ditut, eta bihotz-hautsi honek hegalak baditu ere, oraingoan kosta egiten ari zait hegaldatzea. Asnaia dut gorputz-ariman, ase nahiak ez du betetzen ene sabela, eta munduari aldarrikatu nahi diot ez nagoela hutsik, zabal-zabalik baizik. Hala ere, isilik nago maitasunak ez bainau asebetetzen, gehiago nahi dut, benetako maitasunezko eskutitzek erantzun bat izan zezaten amesten nuen, baina errealitatea hauxe da, ase nahiak bultzatutako mina, asunak eragindako azkurea gorputz-bihotzean. Izan ere, maitasunak bere barnean du asuna.

Bidasoa ibaiaren ertzean asuna ere hotsez aldatzen da, Osinbiribil-erantz, itsasorantz hurbiltzen den neurrian, eta bizitzaren udan nagoela esaten badiot ere neure buruari, udazkenak hodeiertzean asnaia egiten dit. Bizitzaz bete nahi nuke eta eztanda egin, baina husten ari naiz tantaz tanta. Ez dut itxaropenik, baina esperantzetan egon nahi nuke. Aise erran daitekeena zergatik konplikatu? Hori da maitasuna, sinplea izanik ere, barnean mina eta sendagarria ditu.

Esperantzetan egon nahi nuke ainarak joan diren garaiotan, eta maitasunaren asunak udaberrirako ahantzirik, añarra bilduko dut Irungo zelaian, zauriak goxatzeko sendabelarra denez. Udako eztia maitasunezko itxaropenaren ameztia den bezala, itxaropenak eta beherapenak alde batera utzita, gorapozak eta esperantzak aldarrika ditzagun udazkenean isilik, maitasunaren ase nahiak edo hatz egiteko guraz, ez ote hobe amodiozko esperantza betea, maitearen itxaropen-hitz hutsak baino?

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s