Irunen, 2017ko garilaren 28a, ortzirala… zorionak, ene kusin Mikael! uda berria izkin hautsi batekin…

Egunkari maitea,

pena hartu dut berri hau jakin dudanean:

Literatura Unibertsala itzulpen-lehiaketa: 2017ko deialdiaren esleipena

EIZIE

Literatura Unibertsala bildumarako lehiaketan aurkezturiko itzulpen-proiektuen esleipenaren berri ematera gatoz.

Aurkezturiko proiektu guztiak aztertu eta gero, hiru lan hauek esleitu ditu epaimahaiak:

  • Friedrich Dürrenmatt, Der Richter und sein Henker – Itz.: Idoia Santamaría
  • Mario Benedetti, Primavera con una esquina rota – Itz.: Aiora Jaka
  • Fleur Jaeggy, Proleterka – Itz.: Miren Iriarte eta Fernando Rey

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Juan Garziak (Eusko Jaurlaritzak izendatua), Inazio Mujikak (Erein eta Igela argitaletxeek izendatua) eta Bakartxo Arrizabalagak (EIZIEk izendatua).

Zorionak irabazleei!

Ilusio ikaragarria nuen Mario Benedetti euskaratzeko… eta hemen duzue nire itzulpen-lagina, itzulpen posible bat, nire itzulpena:

Mario Benedetti

Udaberria izkin hautsi batekin

Kimikaria eta pertsona ona izandako

ene aitaren oroimenez (1897-1971).

Jakingo banu bihar hilko naizela

eta udaberria etzi izango dela,

pozik hilko nintzateke,

hain zuzen ere bera etzi zelako.

Se soubesse que amanhã morria
E a primavera era depois de amanhã,
Morreria contente, porque ela era depois
de amanhã

FERNANDO PESSOA

Almanaka zaharra, ispilu hautsia

RAÚL GONZÁLEZ TUÑÓN

HARRESI-BARRUAK (Gaur gauean bakarrik nago)

Gaur gauean bakarrik nago. Nire laguna (egunen batean jakingo duzu izena) erizaintzan dago. Pertsona ona da, baina noizean behin ez dator batere gaizki bakarrik egotea. Hobe hausnar dezaket. Zugan pentsatzeko ez dut bionbo baten beharrik. Lau urte, bost hilabete eta hamalau egun aski denbora dela hausnartzeko esango duzu. Eta egia da. Baina zugan pentsatzeko ez da denbora sobera. Idazteko probesten dut ilargia dagoelako. Eta ilargiak beti lasaitzen nau, baltsamo baten gisakoa da. Gainera, papera argitzen du, nahiz eta eskaski izan, eta horrek bere garrantzia du, ordu honetan ez baitugu argi elektrikorik. Lehenengo bi urtetan ilargirik ere ez genuen, beraz ez naiz kexatuko. Beti badago norbait okerrago, Beti dago norbait okerrago, Esopok ondorioztatzen zuenez. Eta are askoz ere okerrago daudenak ere, nik ondorioztatzen dudanez.

Bitxia da. Norbera kanpoan delarik eta arrazoi bategatik edo besteagatik irudikatzen duelarik zenbait urte lau pareten artean igaro dezakeela, ez duela jasango pentsatzen du, jasanezina soilik izango litzatekeela. Hala ere, jasanezina da, begien bistakoa da. Nik bederen jasan dut. Sufrimendu fisikoa barne zuten etsipen-une horiez gain, etsipen-une oro pasa ditudanik ez dut ukatzen. Baina orain etsipen hutsaz ari naiz, norbera kalkulatzen hasten delarik, eta emaitza itxierazko egun hau da, milaka egunez biderkaturikoa. Hala ere, gorputza gogo-aldartea baino moldagarriagoa da. Gorputza da lehenbizi ohitzen dena ordutegi berrietara, jarrera berrietara, bere beharren erritmo berrietara, bere neke berrietara, bere atseden berrietara, bere egiteko berrietara eta bere ez-egiteko berrietara. Lagun bat baduzu, hasieran arrotz baten gisa neur dezakezu. Baina gutxira solaskide bilakatuz doa. Oraingoa zortzigarrena da. Guztiekin ongi eraman dudala uste dut. Latzena da etsipenek bat egiten ez dutelarik, eta besteak berea kutsatzen dizularik, edo zuk zeurea kutsatzen. Edo gerta daiteke bietako batek erabakitasunez kutsatzeari uko egitea eta erresistentzia horrek hitzezko talka bat eragitea, enfrentamendu bat, eta kasu horietan hain justu itxierazko egoerak gutxi laguntzen du, eta, aldiz, gogo-aldarteak sumintzen ditu, norberari (eta besteari) irainak esanarazten dizkio, eta, batzuetan, konponezinak diren gauzak ere esanarazten, eta berehala bere esanahia areagotzen da bestearen presentzia beharrezkoa izate hutsagatik, eta beraz, ekidinezina. Eta egoera horren gogor jartzen bada, tokiaren bi okupatzaileek elkarri hitzik egiten ez diotelako, orduan lagunarte deseroso eta tenkatu horrek erabateko bakardade batek baino gehiago eta bizkorrago hondatzen du norbera. Zorionez, jadanik historia luze honetan, gisa horretako kapitulu bakar bat izan dut, eta gutxi iraun zuen. Bi ahotsetako isiltasun horrekin hain usteldurik geunden, ezen arratsalde batean elkarri begiratu baikenion eta ia aldi berean hasi ginen solasean. Gero erraza izan zen.

Gutxi gora behera duela bi hilabetetik hona ez dudala zure berririk. Ez dizut galdetzen zer gertatzen den, badakidalako zer gertatzen den. Eta zer ez den gertatzen. Astebetera dena berriro erregularizatuko dela diote. Hala bedi. Ez dakizu zeinen garrantzitsua den eskutitz bat gutako edozeinentzat. Aisialdia dagoelarik eta kanpora ateratzen garelarik, berehala jakiten da nork jaso duen eskutitzik eta nork ez. Lehenengoen bisaietan argi arraro bat dago, nahiz eta askotan euren poza ezkutatzen saiatzen diren zori on hori ukan ez zutenek gehiago ez atsekabetzeko. Azken aste hauetan, begien bistako arrazoiengatik, denok geunden aurpegi luzeekin, eta hori ere ez da batere ona. Ez dut zure galderen baten inolako erantzunik, zure galderak ez ditudalako soilik. Baina nik baditut galderak. Ez jadanik galdetu beharrik gabe dakizkizun horiek, eta, bide batez esanda, galdegitea gustatzen ez zaizkidan horiek, noizbait (txantxetan, edo larriagoa litzatekeena, benetan) zu tentatuta esan diezadazun: “Jadanik ez”. Zaharrarengatik galdetu nahi nizuke soilik. Bada denbora luzea ez didala idazten. Eta kasu honetan iruditzen zait ez dagoela inolako arrazoirik eskutitzik ez jasotzeko. Soilik ez didala aspalditik idazten. Eta ez dakit zergatik. Batzuetan berari nire mezu laburretan idatzitakoa gogoratzen dudana birpasatzen dut (soilik mentalki, noski), baina ez dut uste horietan hura mindu zuen ezer egon denik. Askotan ikusten al duzu? Beste galdera bat: Nola doakio Beatrizi eskolan? Bere azken gutuntxoan nolabaiteko anbiguotasun bat nabaritu nion. Ohartzen al zara faltan zaitudala? Nik egokitzapen-gaitasuna izan arren, ez dela gutxi, nire gogo-aldarte eta gorputza ohitzen ez diren huts horietako bat da falta hori. Gutxienez, gaur arte. Ohitzera iritsiko al naiz? Ez dut uste. Zu ohitu al zara?

ZAURITUAK ETA KOLPATUAK (Gertaera politikoak)

– Graciela —esan zuen neskatilak, edalontzi batekin eskuetan. Limonadarik nahi al duzu?

Blusa zuri bat, galtza bakeroak, sandaliak zeramatzan. Xingola hori batekin bilduta garondoan ile luze beltza, baina ez luzeegia. Azal oso zuria. Bederatzi urte; hamar, agian.

– Esan dizut Graciela ez deitzeko.

– Zergatik? Ez al da zure izena?

– Noski nire izena dela. Baina nahiago dut ama esaten badidazu.

– Ongi da, baina ez dut ulertzen. Zuk ez didazu alaba esaten, Beatriz baizik.

– Hori beste gauza bat da.

– Beno, limonadarik nahi al duzu?

– Bai, eskerrik asko.

Gracielak hogeita hamabi edo hogeita hamabost urte dituela ematen du, eta beharbada baditu. Gona grisa eta blusa gorria darama. Gaztaina koloreko ilea, begi handiak eta adierazgarriak. Ezpain beroak, ia margorik gabe. Bere alabarekin hitz egin bitartean, betaurrekoak kendu zituen, baina orain berriro ere jartzen ditu irakurtzen segitzeko.

Beatrizek limonada bete edalontzia bi hautsontzi dituen mahaitxo batean uzten du, eta gelatik ateratzen da. Baina bost minuturen buruan berriro ere sartzen da.

– Atzo klasean Lucilarekin borroka egin nuen.

– Ah.

– Ez al zaizu axola?

– Beti borrokatzen duzu Lucilarekin. Zuek biek elkar maitatzeko duzuen modua izango da. Lagunak zarete, ezta?

– Bagara.

– Eta orduan…?

– Beste batzuetan jolas baten moduan borrokatzen gara, baina atzo benetan izan zen.

– Ah bai.

– Aitari buruz hitz egin zuen.

Gracielak berriro ere betaurrekoak kentzen ditu. Orain interesa agertzen du. Limonada kolpe batez edaten du.

– Aita preso baldin badago, gaizkilea delako esan zuen.

– Eta zuk zer erantzun zenion?

– Nik esan nion ezetz. Preso politikoa zela. Baina gero pentsatu nuen ez nekiela oso ongi zer zen hori. Beti entzuten dut, baina ez dakit ongi zer den.

– Eta horregatik borrokatu zenuen?

– Horregatik, eta gainera esan zidalako bere etxean aitak esaten duela iheslari politikoak bertako jendeari lana kentzera etortzen direla.

– Eta zuk zer erantzun zenion?

– Hor ez nekien zer esan, eta orduan kolpe bat eman nion.

– Horrela aita horrek esan dezake orain iheslarien seme-alabek bere alaba zigortzen dutela.

– Egia esan ez zen kolpe bat izan, kolpetxo bat baizik. Baina berak min eman izan banio bezala erreakzionatu zuen.

Graciela galtzerdi bat ongi jartzeko makurtzen da, eta beharbada eten bat egiteko edo hausnartzeko ere bai.

– Gaizki dago bera jo izana.

– Baietz pentsatzen dut. Baina, zer egin behar nuen?

– Egia da bere aitak ere ez zukeela horrelako gauzarik esan behar. Berak batez ere hobeki ulertu beharko liguke.

– Zergatik berak batez ere?

– Kultura politikoa duen gizon bat delako.

– Zu kultura politikoa duen emakume bat zara?

Gracielak barre egiten du, pixka bat lasaitzen da, eta ilea ferekatzen dio.

– Pixka bat bai. Baina asko falta zait.

– Zertarako falta zaizu?

– Zure aita bezalakoa izateko, adibidez.

– Bera kultura politikoaren erruz al dago preso?

– Ez preseski horregatik. Hobeto esanda, gertaera politikoengatik.

– Norbait hil zuela esan nahi duzu?

– Ez, Beatriz, ez du inor hil. Beste gertaera politiko batzuk daude.

Beatrizek bere burua kontrolatzen du. Negar egiteko zorian dirudi, eta hala ere irribarrez dago.

– Tira, ekar iezadazu limonada gehiago.

– Bai, Graciela.

RAFAEL JAUNA (Porrota eta norabidea)

Funtsezkoa egokitzea da. Badakit adin horretan zaila dela. Ia ezinezko. Eta hala ere. Guztiarekin ere, nire deserria neurea da. Denek ez dute deserri propiorik. Niri besterena sartu nahi izan zidaten. Alferrikako saiakera. Neure bilakatu nuen. Nola izan zen? Horrek ez dio axola. Ez da ez sekretu bat ezta ustekabe bat ere. Kaleez jabetzen hasi beharko dugula esango nuke. Izkinez. Zeruaz. Kafetegiez. Eguzkiaz eta, garrantzitsuena dena, itzalaz. Norberak kale bat arrotz nabaritzen ez duelarik, orduan bakarrik uzten dio kaleak norberari arrotz baten moduan begiratzeari. Eta horrela guztiarekin. Hasieran ni makil batekin ibiltzen nintzen, beharbada neure hirurogeita zazpi urteei dagokien moduan. Baina ez zen adin kontua. Etsipenaren ondorio bat zen. Han, beti egin nuen etxera itzultzeko bide bera. Eta hemen hori nuen faltan. Jendeak ez du oroimin-mota hori ulertzen. Oroiminak soilik zeruarekin, zuhaitzekin eta emakumeekin zerikusia duela uste dute. Gehienez ere, militantzia politikoarekin. Aberriarekin, enfin. Baina nik beti oroimin grisago batzuk nituen, opakuagoak. Adibidez, hori. Etxerako itzulbidea. Lasaitasun bat, baretasun bat, izkin bakoitzaren, farol bakoitzaren, kiosko bakoitzaren ondoren zer datorren jakitea. Hemen, ordea, ibiltzen hasi eta harritzen hasi nintzen. Eta ezusteak nekatzen ninduen. Eta gainera, ez nintzen etxera iristen, gelara baizik. Harritzeaz nekatuta, hori bai. Beharbada horregatik hartu nuen makila. Hainbeste ezusteko gutxitzeko. Edo agian aurkitzen nituen aberkideek esan ziezadaten, zera: Baina, “Rafael jauna, zuk han ez zenuen makilarik erabiltzen”, eta nik erantzun niezaien: Beno, zuek ere ez zeneramazuen guayaba erako atorrik.” Ezustea ezusteagatik. Harridura horietako bat denda bat izan zen, pixka bat kolore gehiegi zituzten eta txundigarriak ziren maskarekin. Ezin nintzen maskarekin ohitu, nahiz eta beti berberak izan. Baina maskarak behin eta berriz ikusteaz batera, nire desira ere errepikatzen zen, edo agian maskarak aldatuko zirenaren nire itxaropena, eta egunero berberak ikusteak harritzen ninduen. Eta orduan makilak laguntzen zidan. Zergatik? Zertarako? Beno, makilan bermatzeko arratsalderoko desengainu xume hori ustekabean etortzen zitzaidalarik, maskarak aldatu ez zirela egiaztatzen nuelarik, esan nahi dut. Eta aitortu behar dut nire itxaropena ez zela hain absurdua. Maskara ez baita aurpegi bat. Artifizio bat da, ezta hala? Aurpegi bat istripuz aldatzen da soilik. Bere egituran, esan nahi dut; ez bere espresioan, hori bai dela aldagarria. Aitzitik, maskara bat mila arrazoiengatik alda daiteke. Demagun: saiakeragatik, esperimentazioagatik, doikuntzagatik, hobekuntzagatik, hondatzeagatik, ordezteagatik. Hiru hilabeteren buruan soilik ulertu nuen ezin nuela ezer espero maskarengatik. Ez lirateke aldatuko setati horiek, egoskor horiek. Eta arreta aurpegietan jartzen hasi nintzen. Azken batean, aldaketa on bat izan zen. Aurpegiak ez ziren errepikatzen. Niganantz zetozen, eta makila utzi nuen. Jada ez nuen bermatu beharrik harridura jasateko. Agian aurpegi bakoitza ez da egunetan aldatuko, urteetan baizik, baina nigana zetozenak (eskale hezurtsu eta lotsati bat salbu) beti berriak ziren. Eta haiekin gizarte-maila guztiak zetozen, auto txundigarrietan, autotxo umiletan, autobusetan, gurpil-aulkietan, edo soilik oinez. Jada ez nuen faltan etxerako itzulbide montebidear ezaguna. Hiri berrian norabide berriak zeuden. Norabidea porrotetik dator, badakit. Gure porrota ez da erabatekoa, baina porrota da. Jada ulertu nuen, baina lehenengo eskola eman nuelarik guztiz baieztatu nuen. Ikaslea zutik jarri zen eta galdetzeko baimena eskatu zuen. Eta galdetu zuen: “Maisu, zure herria finkatutako demokrazia liberal bat izaki, zergatik igaro zen horren bizkor diktadura militar bat izatera?” Maisu ez deitzeko esan nion. Ez da gure ohitura. Baina erantzuna prestatzeko soilik eskatu nion. Jakina zena esan nion: prozesua askoz ere lehenagotik hasi zen, ez lasai, baina lasaitasunaren azpian. Eta arbeltzarrean zenbait izenburu, aldi, karakterizazio, ondorio idazten joan nintzen. Mutikoak baietsi zuen. Eta nik bere begi adierazkorretan nire porrotaren dimentsio osoa irakurri nuen, nire norabidearena. Eta ordutik arratsaldero bide desberdin batetik itzultzen naiz. Bestalde, orain jada ez naiz gela batera itzultzen. Etxe bat ere ez da. Apartamentu bat soilik da, hau da, etxe-simulazio bat: agregakinen gela bat. Baina hiri berria gustuko dut, zergatik ez? Bere jendeak –eskerrak- akatsak ditu. Eta oso entretenigarria da haiengan espezializatzea. Bertuteek –horiek ere badituzte noski- oro har aspertzen dute. Akatsek, ez. Itxurakeria, adibidez, eremu liluragarri bat da, eta inoiz ez dut lortzen horretan erabat espezializatzen. Nire makila, urrutira joan gabe, itxurakeriaren zantzua zen, eta hala ere utzi behar izan nion. Itxurati sentitzen naizelarik, pixka bat gutxiesten naiz, eta hori ikaragarri txarra da. Izan ere, inoiz ez da ona gutxiestea, ongi oinarritutako arrazoiak egon ezean, baina ez da nire kasua.

BEATRIZ (Urtaroak)

Urtaroak gutxienez negua, udaberria eta uda dira. Negua bufandengatik eta elurragatik da ezaguna. Aguretxoek nahiz atsoek neguan dar-dar egiten dutelarik, hotzez dardarka daudela esaten da. Ez dut dardararik egiten neskatila bat naizelako, eta ez atso bat, eta gainera berogailutik hurbil esertzen naizelako. Liburuetako eta filmetako neguan lerak daude, baina hemen ez. Hemen ere ez dago elurrik. Zein aspergarria den negua hemen. Hala ere, egundoko haizea dabil, batez ere belarrietan sentitzen dena. Nire aitona Rafaelek dio batzuetan bere neguko kuarteletara erretiratuko dela. Nik ez dakit zergatik ez den udako kuarteletara erretiratzen. Irudipena dut besteetan hotzez dardar egingo duela nahikoa agurea delako. Inoiz ez da zaharra esan behar, agurea baizik. Nire gelako mutiko batek dio bere amona zahar kaka bat dela. Nik irakatsi nion edozein kasutan ere atso kaka bat esan behar dela.

Beste urtaro garrantzitsu bat udaberri da. Nire amari ez zaio udaberria gustatzen; izan ere, urtaro horretan harrapatu zuten nire aita. Harrapatu, zerbait ulertuz neureganatzea esan nahi duenean, eskolara joatea da. Baina harrapatu norbaitek norbera eramatea esan nahi duelarik, polizia-etxera joatea da. Nire aita besteek harrapatu zuten eta udaberria zenez jertse berde batekin. Udaberrian ere gauza ederrak gertatzen dira, hala nola nire lagun Arnoldok gurpil-ohola utzi zidalarik. Berak utziko lidake neguan, baina Gracielak ez dit uzten hozbera izanik hoztuko naizelako. Nire gelan ez dago hozberarik. Graciela nire amatxo da. Udaberriak duen gauza ikaragarri on bat loreak dira.

Uda urtaroen artean txapelduna da eguzkia dagoelako, eta hala ere, ez dago klaserik. Udan dardar egiten duten bakarrak izarrak dira. Udan gizaki guztiek izerditzen dute. Izerdia gauza aski hezea da. Norbaitek neguan izerditzen duelarik, adibidez bronkitisa duelako da. Udan niri kopetak izerditzen dit. Udan iheslariak hondartzara doaz, bainujantzia dutela inork ez dituelako ezagutzen. Hondartzan ni ez naiz iheslarien beldur, baina txakurrek eta olatuek beldurtzen naute. Nire lagun Teresita ez zen olatuen beldur, oso ausarta zen, eta behin ia ito zen. Jaun batek ez zuen bera salbatzea baino beste erremediorik izan, eta orain bera ere olatuen beldur da, baina oraindik ez da txakurren beldur.

Graciela, nire amatxo alegia, tematzen da esaten udazkena izeneko laugarren urtaro bat dagoela. Nik esaten diot litekeena dela, baina ez dut sekula ere ikusi. Gracielak dio udazkenean orbel oparoa dagoela. Beti da on zerbaiten oparotasuna egotea, udazkenean bada ere. Udazkenaa urtarorik misteriotsuena da, ez duelako ez hotz ez bero egiten, eta beraz, batek ez daki zein arropa jantzi. Horregatik izango da nik ez dakidala inoiz noiz den udazkena. Hotzik ez badago, uda dela pentsatzen dut eta ez badu berorik egiten negua dela pentsatzen dut. Eta kontua da udazkena egon bazela. Nik neguko, udako eta udaberriko arropa dut, baina iruditzen zait udazkenerako balio ez didala. Nire aita dagoen tokira hain justu orain iritsi da udazkena, eta idatzi zidan oso pozik dagoela, orbel idorrak barroteen artetik igarotzen direlako, eta hark nire eskutitzak direla irudikatzen du.

leo benedetti(Itzulpena: Leonat Egiazabal)

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s