2010eko urriaren 11a, astelehena… maitemintzea ez da polita, baina hala ere bizi naiz

Asteburuan Urepelen egon naiz, Xalbadorren eta Xanpunen omenezko ekitaldien.

Xirimiri goxo batez ziztu bizian iritsi nintzen “gasna-bidean”, eta berandu… jadanik hasi zuen Idazle Eskolakoon ilunabar literarioa (www.idazten.com), baina Iban, Tere, Axun, Leire eta Igotz lagunen begirada konplize eta irribarre atseginek hartu ninduten, eta lekutxo bat egin zidaten Urepeleko ikastolaren areto xume hartako gela batean, poesia gosez zegoen jendearen aitzinean. Etxean bezala sentiarazi ninduten denek…

ETXEA/ FAMILIA

Oroitzapenez beterik

txistuka bihotzean

haizeari

lagunei

bihotzeko kuttunari

orainean ditut denak

oroitzapenak:

haur lotsatiaren denborakoak

nerabezaro konplexukoak

helduaro poetikokoak,

eta etxean ditut ama

zerutik keinuka hilargia

eta familiaren irribarre abegitsuak erakusten dit

etxerako bidea,

bakerako bidea…

Eta odolari mintzatzen utzi nion larunbat arratsaldean. Bere mintzoa, nire ahotsa Urepelen, ahots sentibera zuen herriko semearen dohaina: bertsoz poesia kantatzea, edo poetikoki bertsoak irutea. Dohaina zuen bihotzetik mintzatzeko fedez, eta poesiak elkartu gintuen gu pasa den larunbateko ilunabarrean, arratseko zazpietatik zortziak bitarte.

FAMILIA = ETXEA

Etxea da familia.

Etxea dago oroitzapenez beterik

ametsez kargaturik

eta iragan eta gero horren artean

jaiotzaren eta heriotzaren artean

orain hutsik nago betetzeko

bizi.

Etxea da familia

eta bertan espazioak eta denborak

ez naute antzematen,

ez naiz ohartzen

non eta noiz nagoen

familian nagoelarik.

Etxean ditut argitara gabeko

eta argitaraezineko olerkiak

etxean, eman gabeko muxuak eta

esan gabeko hitzak

eta horiekin betetzen naiz.

Orduan urrutiratzen naiz eta

etxean dilindan gelditzen dira

postalak eta irriak,

husten naiz negarrez.

Etxea da familia

eta urrutiminez, hutsik

hurbiltzerakoan

agertzen da familia

familian nago ni

itsasoaren zurrumurrua

eta hego haizea atzean,

inguru osoan familian nagoelarik

ez dakit non-noiz nagoen

eta betetzen hasten naiz

irribarrez eta hitzez

isiltasunez,

Familia da ama

eta zeruko hilargia

anai-arrebak eta

ateko zaindaria,

aitatxi-amatxi eguzkitsuak

eta maite galdua

nitaz ahantzi dena,

ene bihotzeko mimatua

eta adiskide minak

maitasun mugagabea…

Delikatua baitut ene bihotza,

amodioa gauza tristea delako

eta amak,

etxeak,

familiak

kontsolatzen naute,

besarkatzen nauzu.

Eta asperdurarik gabeko isila, geldia.

Hori dena eta gehiago da etxea.

Familia.

Hori nire bizipoza eta indarra.

Ene seme-alabak sortzeko maitasun ohea.

Etxea.

Salbatuko nauen itxaropena

Etxea, familia, maitea,

esperantza dut

familia,

joan eta

etortzerakoan

itxaroten nauen familia

pertsona,

maitalea,

anaia, ama, izeba,

amatxi, lehengusin eta

Euri…

…xirimiri freskoa,

etxeko bixipoxa.

Itziar Gomez gure lagun poeta ez zegoen gurekin gorputzez, baina bere poema hau eman zidan bihotzez:

Eta ez gaudenetan ere bagaude…

esango dute… izan ginela.

Eta esaten ez badute, berdin dio.

Ze guk badakigu baginela.

Badakigu sentitu genuela poza eta pena.

Eta badakigu zer den maitasuna,

zer bakardadea.

Eta etorriko zaigu heriotza,

edo joango gara haren bila.

Lortuz gorputzaren sosegua.

Eta orduan ez gaitu inork ikusiko.

Edo bai.

Ez baitugu ikusten begiekin bakarrik.

Begiak itxi eta orduan…

Orduan ageri dira Urepeleko artzaina

zein Aretxabaletako enara.

Ilunabar poetiko hura amaitzeko, Benito Lertxundiren NIGARRA BEGIAN kantua abestu genuen, eta ondoren, euskal pastela jan genuen. Gero, herriko ostatuan aperitifa, kantu-afariaren zain.

Afaria arratseko bederatzietan zen, eta laguntasun atseginean pasa genuen, solasean eta kantuan, jan-edana mahai gainean: arrain-zopering, piper beteak eta haragia saltsan, ardoz eta uraz bustirik barrenak, eta azkenbururako arrozesnea, kafea eta patxarana. Aire ahizpek Gasteizko trikitilari batzuen laguntzaz animatu zuten ederki kantu-afaria eta ondorengo guztia…

…euskal jira, bertso bira eta sokatira!

Pixkanaka erretiratzen joan ginen ohera, Urepeleko ikastolaren geletara.

Biharamunean, goizean goiz, xirimiria lagun, Xalbadorren bordara mendi-ibilaldia antolaturik zegoen, eta han abiatu ginen jende-multzo bat mendian gora. Uste baino luzeago eta gogorrago egin zitzaidan (ohitura falta?) malda hartan gora egitea, XALBADOR etxea pasa eta gora… azkenean, halako batean iritsi ginen “Ene mendiko maitea” etxolara. Han sentitzen zen Xalbador bertsolari poeta gustoen, eta hantxe kantatu genion Xabier Leteren “Nun hago?”… hantxe irakurri nituen Xalbadorren bertso bikain eta hunkigarri batzuk etxola hari kantatuak… eta hantxe zegoen idatzirik “XALBADOR 1920-1976”. Ni sortu nintzen urte berean hil zen bera. Etxola haren inguruan zurrumurru isil bat nabari nuen eta laino zuria gehiago sartzen ari zen mendi zoko hartan. Ordura arteko ximiri arina euri bilakatzen ari zen, eta ordu zen mendian behera abiatzeko, galdu nahi ez bagenuen bederen.

Marmarra jendearen ahotan, eta asotsa ene belarrietan, behorren ezkilak eta urtxintxa hila bide bazterrean. Xalbadorren barneak eta ene erraiak bat egiten zuten gurutzearen doloreetan, aunitz maite duenak aunitz sufritzen baitu. Nigarra eta irria nahasten dira, eta nahasketa horrek sortzen duen oroiminak barnea inarrosten dit.

Barneko zurrunbilo horretan eta kanpoko jendearen hotsen artean maldan behera, laino artean, euripean bixi-bixi joan ginen, galtzeko beldurrez, Urepel helburu. Gosaldu gabe abiatu ginen maldan gora, eta maldan behera abiatzerako nekaturik geunden gosea sentitzeko ere, baina halako batean iritsi ginen herrira.

Hantxe bertso-bazkaria zegoen pilotalekuan, eta gose bainintzen bazkari-txartela neureganatu nuen. Bezperako menu bera, baina kantuz beharrean, dantzan eta bertsotan bazkaldu genuen. Bazkari jendetsua benetan, eta mila-mila esker Deiadar Elkartekoen lan borondatetsu eskergari nahiz Euskaltzaindiari. Beste diru-iturriak etenda daude, eta Eusko Jaurlaritza krisiaren aitzakiaz euskal kultura oztopatzen, eta oraingoan ere herritarrek egin behar lan aitzina segitzeko! Herria baita gorputza, baina hizkuntza bihotza… bihotzik gabe ez dago bizitzerik, euskararik gabe ez dago herririk.

Xalbador ere ez zen hagitz maitatua bere herrian, Urepelen, baina aunitz maite dut bere sentiberatasuna. Nik ere delikatua baitut ene bihotza, amodioa gauza tristea izateagatik, eta ulertzen dut bertsolari-poetaren dolorea, ulertzen dut zergatik hartu nahi zuen betiko sosegua, eta zergatik nekatu zen haren bihotza sufritzeaz.

Hala ere, bizi naiz, maiteminez, biziminez, eta bertso-bazkarian Sebastian Lizaso, Uxue Alberdi eta Loidisaletxe aritu ziren Xalbador eta Xanpun bertsolariak omentzen, dakiten modurik onenean. Bertsotan. Lehengo ametsak berritu nahian aritzen gara amets berriak egiten segitzeko.

Nere bihotza ere nekaturik dago aunitz maitatzeaz, eta behar bezainbeste ez jasotzeaz. Baina bizi da oraindik ene bihotza. Damu naiz maitemindu izanaz, baina gertatu zen aspaldi, ezin dugu aukeratu norekin maitemindu, eta niri maitemintzeak bakardadea ekarri zidan. Esan nion begietara begiratuz maite nuela… berak, ordea, barre egin zidan eta maitasun inkondizionala eskaini zidan ni abandonatuz, hegan egiten utzi ninduen…

Nik berarekin batera egin nahi nuen hegan, ez bakarrik. Eta orain banoa. Heldu den astelehenean Txekian egonen naiz agur-besarkadarik gabe, esan gabekoak airean utziz… itzuliko naizelako, beharbada?

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s