BIZIPOZA BIHOTZEAN ETA IZAITEAN DAGO… UDA ON

Kaixo, irakurle… aspaldiko! zenbat denbora… izan ere ordenadorerik gabe egon naiz eta orain oporretatik bueltan hau idatzi dizut zuri… ene bihotzeko kuttunari…

 

MAITASUNA AMETS HUTSA DA

Ezdeusetik izatera

Ainara Maia

 

 

Ez da ezer ezdeusetik sortzen.

            Izokinek, txiki-txikitatik, arrautzatik sortu ondoren, Bide Osoa du itsasora iristeko eta han zerbait izateko; bizitza osoa eta ur korrontea ere alde du zerbait gehiago izateko, hazteko, ikasteko.

            Bidasoako ura bera, adibidez, Xorroxin ur-jauzietan, Bidasoa ibaia izanen dela erabaki arte denbora-espazio bat hartu behar du, baina bada zerbait jadanik Xorroxinen. Ez da zerbait ezdeusetik, ala? Lurretik sortzen da ura.

            Maitalerik gabeko maitemindu bat ez da ezdeusetik maitemintzen. Aitzinetik maitasunez gainezka, lehertu beharrean, dagoen eltze bat da, eta azenarioak eta patatak uretara botatzen ditugun gisa berean, gurutzatutako begirada adeitsu batek edota botatako irribarre goxo batek zartarazten gaitu eta gorriarazi masailak. Ez da ezdeusetik maitemintzen eta negarrez hasten, ala?

            Amodioz bizi dena, berriz, sentimenduak isuri dezan uzten du bere gorputz-arima, maitalearen ur-jolasetan murgiltzen da eta hustu egiten da, geroago, hurrengo zurrunbiloan, berriro ere betetzeko hosto hegalariz nahiz eltxo tristeez. Haragiaren gosetik sortzen da amodioa, ala? Gero belarjale bilakatu arren…

            Eta maitasuna zer ote da? Lurretik sortu ondoren, sentimenduen alde tematsu aritu eta gainerako arrain eta hostoekin nahiz harriekin esperientzia desberdinak bizi ondoren, itsaso gazi zabalera iristea? Gatz horrekin kolpeak eta zauriak sendatzea eta ixtea, eta behin nola hala sendaturik, berriro ere helduaroan korrontearen aurka aldeko lagunen bila abiatzea? Hori al da maitasuna? Etenik ez duen ziklo itxi bat?

            Ezer ez da ezdeusetik izaten. Lurretik atera eta inondik inora mugitzen gara minduz, kolpatuz, negarrez eta barrez. Ezer ez da sortzen ezta hiltzen ere. Dena eraldatzen joaten da, ala?

            Maitasuna ere bai. Maitasuna ez da hasten ez bukatzen ere, une jakin batean maitale batek erabakitzen duelarik ez duela gehiago amodioz bizi nahi bertze maitalearekin. Maitasuna egia bat da gizaki baten bizitzan, baldintzarik gabeko egia aldakor eta mingarri bat, maitaleak etengabean aldatzen, mugitzen baitira.  Mingarria.

           

 

Maitasuna olerki bat izan daiteke, amets bat dela seguru, baina etengabeko gaurkotze batean murgildurik. Gaur “maite zaitut” erraten badu maitale batek, bihar edo atzo “ich liebe ain”  erranen du. Ez da inoiz beranduegi, ezta goizegi ere, maitasuna sentitzeko, maitasuna etenik gabea baita, neurrigabea, San Agustin hark erran zuen gisa. Maitasuna ez da ezdeusetik sortzen, ala? Maitasuna maitatzetik beretik sortzen da, inkondizionalki ematetik, hartzetik, haztetik, txikitzetik, ikastetik, mintzetik… ala?

Maitasuna gorputzera doa, ura itsasora bezala, baina ez ezdeusetik. Bihotzetik sortzen den norberaren sentimendu ona da. Bihotzetik gorputzera hedatzen den ikara, dardara bizigarria. Gorputzetik bertze gorputz batera bihotzaren muineraino eta horrela etenik gabe.

Hori da maitasuna, etenik gabeko lur edo ur ikara bizigarria, ala? Tristuratik ametsa sortzen da, norbait maitatzearen amets hutsa, beharbada egia bilakatuko delako amets egiten dugu.

Seguru maitasuna amets hutsa dela, bai. Oroimenaren lurraldera bidaiatzen dugu noizean behin bizitzaren ibaian goiti. Bizitza erraza zenekoa oroitu eta gero, bizitza ez dela inoiz dirudiena ohartzen gara. Norbait ondoan baldintzarik gabe edukitzearen ametsa da maitasuna.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Liburuak atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s