Egunkari-irakurle maitea,
Iragan ostiralean Beasainen egon nintzen argazki erakusketa poetiko batean, nik neuk nire hitzekin parte hartu bainuen Idazle Eskolaren ekimen honetan:


Lagun batek bideo musikal poetiko hau egin du, 2012ko nire poema-liburuko olerki batekin, eta hunkitu naiz beste behin ere, beharbada ostiraleko marrubizko ilbetearen eraginez ere bai, beharbada larunbatean 44 urte bete nituelako maiteminez, ene bikotekiderik gabe…
44 URTE
BI KADIRA BIONTZAT
Faltan zaitut,
baina pentsatzen dut
barkatzen zaitudala;
noizbait baldin bazatoz
zugatik edo nigatik, ai!
Bi kadira ditut
bat zuretzako
bestea niretzako
parez pare jarri eta
solasteko
gaizkiulertuak argitzeko
eta beharbada
elkarren ondoan jarrita
elkarrekin hegan egiteko.
Ai! noizbait baldin bazatoz
nigatik edo zugatik…
hemen naukazu zure zain
zain ezazu gure artekoa, otoi.
(Ainara Maia Urroz)