Irunen, 2019ko urriaren 28a, astelehen arrunta, urriko azken astelehena, ilberri!

Irakurle maitea,

hona nire ipuin saritua:

URROTZ’TAR NESKATILA BATI

1948ko uda zen. Zangotzatik zetorren El Irati trena hartu zuen Urrotz herrian neskatila gazte batek, zakutto bat sorbaldetan, eta Iruñerako bidai-txartela eskuetan; urduri zegoen, ihesean bezala, eta eserleku bat hartu zuen hutsik zihoan tren hartan. Bere sorterria atzean utzi nahi zuen, eta aurrera begiratu nahi zuen. Espainiako gerraosteko giro hartan bidaiari gutxi zebilen Zangotzatik Iruñera, eta neskatila urroztarrak bakarrik zegoela uste zuen.

Orduan, apaiz bat agertu zen, eta begietara begiratuz esan zion neskatilari:

– Egun on deizula! Zure aldameneko eserlekuan bidaiatzen dut Zangotzatik Iruñera, eta zu Urroztarra zara?

– Bai, hala naiz.

Apaiza irribarre xume bat eginez bere aldamenean eseri zen, eta komunera joan aurretik bere eserlekuan utzitako liburua eskuetan hartu zuen berriro irakurketarekin segitu asmoz: Jesús-Cristoren evangelio sandua jaunec dacarren guisara, Joaquin Lizarraga.

Liburua irakurtzen hasi zen, baina aldamenean zuen bidaiari gaztea isilik eta erdi negarrez zegoela sumatu zuen, eta horrela irakurri zizkion ozen, eskuetan zuen liburuaren egilearen hitzak:

Sufrimentu andiak egiten du gizon santu eta andia: arteraño ez da andirik Jaungoikoaren kortean. Arrai txikiak badira erreka txikietan ere, baña arrai andirik ez duzute arkituko itsasoan baizik, eta itsasoa da gazimiña, aditzera emateko trabajuen samintasuna. Aise bizi dan persona, ez da on andia, ta asko kosta ez dan gauza ezin izan diteke guztizkoa, gaiñ gañekoa; trabaju ta tormentuetan luzaro irautea da gauza andia.”

– Zer da hori?

– Duela mende bateko apaiz baten hitzak, inguru hauetan sortua, Elkanon hain zuzen ere…

Treneko leihotik kanpora begiratu zuen eta Elkano herria adierazi zion neskatilari:

– Hantxe sortu zen 1748an Joakin Lizarraga Elkanoko apaiza eta idazlea, hemengo euskara garbian mintzo zen eta idazten, eta 1843an hemen bertan hil zen. Baina, zer duzu negarrez?

– Herriko etxaldeko mutil batek ikaragarri maite ninduela esan zidan, eta enekin ezkonduko zela zin egin ere bai, eta azkenean beste batekin espostu da, eta ni ezin nintzen herrian gelditu familiaren ohoreagatik…

– Nola duzu izena?

– Juana…

– Joanak joan, etorriko zaizu beste bat hobea, etorriko zaizu garai hobea, neskatila zintzoa. Zure ohorea ez da zikindu, baizik eta mutil horren hitza da zentzuz hustu. Zaude lasai, eta har ezazu musuzapi hau malko gazi horiek xukatzeko. Hara! Duela hiru mende hemendik urrunago mendebaldera, Uterga herri nafar euskaldunean gertatu zen istorioa gogora ekarri didazu, Joanaren istorioa… kontatzea nahi duzu?

Juana gazteak apaizari musuzapia hartu zion, eta baiezko imintzioa egin zion buruaz.

– Ados, Juana… zuk badakizu euskaraz espostea eta ezkontzea ez dela gauza bera?

– Ez, jauna… ez dakit…

– Hara: esposatu elizatik egiten omen da, eta ezkondu, ordea, ohetik. Joana eta Martin bikote maiteminduak ezkontzeko egin zuen itunak ez zuen askorik iraun, Martin beste norbaitekin esposatu zelako gero. Esposatu eta ezkondu ez direla gauza bera erran nahi dizut; izan ere, esposatu elizatik egiten omen da, eta ezkondu, ordea, ohetik.

– Esposatu aurretik oheratzea bekatua duzu, jauna… baina nik maite dut ene Juan Martin, baita gorroto ere niri ezkon zina musu batekin gure muinoan eman ondoren, nire familia pobrearen aurrean ez zelako aurkeztu, eta beste batekin espostu da!

Negarrez lehertu zen Juana. Apaizak kontsolatu zuen elez, eta sorbalda gainean besoa jarriz segitu zuen kalakan:

– Hara, Juana… Eliza Sainduak bekataritzat zauzka beharbada, eta zure herriko jendeak gaitzetsi zaitu, baina nik diotsut lasai hartzeko eta hemendik aurrera ez gehiegi fidatzeko mutilen hitzez, zuhur jokatu hemendik aitzin eta segurtatu benetan ari dela mutila. Juan Martini, ordea, damutuko zaio horrelako neska politarekin ez espostu izana, ezkon zina eman ondoren. Duela hiru mende Joana ez zen bere Martinekin espostu, aurretik ezkon zina eman bazioten ere elkarri lekukorik gabe. 1547ko dokumentu batek bi gauza erakutsi dizkit: bata, Utergan, Nafarroaren hegoaldean, euskara egiten zela, euskara garbia eta egungo eta hemengo euskararen oso antzekoa. Bestea, ezkontza bi pertsonaren arteko maitasun-aitortza bat dela soilik, elizara edo udaletxera joan beharrik gabe, bikotea aurrez aurre elkarri bizi arteko zina emanez. Sanpedrotan Joana eta Martin maitemindurik zeudenez, biak aurrez aurre eskutik heldurik elkarri zin egin zioten toka eta noka:

– Nic Martin y Joanna arçenaut neure alaroçacat eta hic arnaçan yre esposocat eta prometacen dinat ez verce emazteric eguiteco y vaycen vici naycen artean eta guardaceco lealtadea. ala fede ala fede ala fede.

– Nic Joanna y Martin arçenaut neure sposocat eta hic arnacac eure sposacat, eta prometacen diat ez verce senarric eguiteco vici naycen artean eta guardaceco lealtadea. Ala fede ala fede, ala fede.

– Eta hala ezkondu ziren, inongo lekukorik gabe eta familia inguruan ez zutela?

– Bai, neska… Dokumentu hori ezkontza baten zin ematearen afera edo auzi batean agertzen zaigu, eta bertan lekukorik gabeko ezkontza bat gertatu zela kontatzen zaigu. Halaxe iritsi zaigu guganaino, maitasunezko istorio hori epaiketa batean bukatu zelako. Joanak ezkondu eta gero gurasoak lekuko ezkondu nahi zuen Martinekin, baina Martinek ez zuen hori nahi eta hala utzi zuen Joana, handik hilabete batzuetara beste batekin esposteko, beharbada zuka, formalki eta legezko beharrezko lekuko guztiekin elizaren aitzinean.

– Gaixo, Joana… eta bera ez al zen espostu inorekin? Bakarrik gelditu zen?

– Hori ez dakigu, ez baitago Joanaren ezkontza-agiri edo dokumentu ofizialik, baina litekeena da emakume-ohorea zikindurik, espostu ez izana inoiz ere ez.

– Edo nire gisa, herritik alde egin izana bizi berri bati ekiteko…

– Auskalo! Baina zu zorionez, neska gazte eta lorios zara, eta beste garai batzuk bizi dituzu, aurrera egin behar duzu… hitzematen didazu saiatuko zarela?

– Ados, ene hitza ematen dizut saiatuko naizela, horretara bainoa Iruñera…

Biek isilik gelditu ziren eta Iruñerako bidaia osoa elkarren ondoan egin zuten, isilik. Iruñera iritsi zirelarik eta agurtzeko tenorea zelarik, neska eserlekutik altxa eta apaiza agurtu nahi zuen:

– Eskerrik asko zure hitzengatik…

– Zaude oraindik, hitz batzuk idatzi ditut zuretzat opari orri zati honetan:

Zoriona sortzez
Zoriona izenez
Zoriona gaztez
Zoriona lanez
Zoriona bizitzez.

Zoriona izatez
Zoriona maitatuez
ona gizona, ezkontzez
dizut deziatzen
biotz biotzez, Joanak joan

itzuliko dira behar dutenak itzuli

edo bestela,

etorriko dira hobeak.

Juana gaztea hunkiturik eta begiak bustirik, eskerronez besarkada bat eman zion apaiz olerkariari, eta bere bide berriari heldu zion.

Dama ameslaria

Iragan larunbatean Lizoain herrian egon nintzen, eta hango jende jatorrak saritu ninduen. Hona nire eskerroneko hitzak:

WhatsApp Image 2019-10-17 at 22.21.13

Nik ere Juana ene narrazioaren fikziozko pertsonaiaren gisa berean, hunkiturik eta begiak bustirik eskerronezko besarkada bana ematea besterik ez zait geratzen, eta urrun dagoena maite dudan bezala, hurbil zaituztedanak ere maite zaituztet, baita ene idazlana maite izan duzuenok eta bertaratutakook ere. Así como Juana es un personaje ficticio en mi narrativa, estoy tan emocionada y con los ojos llorosos que solo quiero darles un abrazo a cada uno.

Joanak joan itzuliko dira behar dutenak itzuli, edo bestela etorriko dira hobeak. Narrazio labur hau luzeago baten hasiera dela erran behar dizuet; izan ere, sari honek narrazio honi segida emateko kuraia eman dit. Fikzioa benetako historiarekin nahasten da, eta XX.mendeko Juana eta XVI.mendeko Joana euskarak eta maiteminak (maitatzeko gogoak) lotzen ditu. Bata, fikziozko ene pertsonaia kuttuna da; bestea, ordea, benetako pertsona izandakoa. Azken honek erakutsi dit bidea, jadanik hemendik igarotzen ez den trenbidea bihotz-begiekin ikusteko: IRATI trena. Euskal Herrietako beste zenbait tren ere desagertuak diren bezala, beste batzuk oraindik bizirik diraute, hala nola Iruñetik Irunera doana, Altsasutik pasatuz. Injustuki preso dauden Altsasuko gazteak gogoan, Utergako Joanak aske den eta hitanoz mintzo den herria eta maitasuna egiten du aldarri, nahiz eta guganaino iritsitako bere maitasunezko istorioa epaitegi batean triste bukatu zela dakigun. Badakigu mundu arrano hau ez dela justua, eta jakin ere badakigu bizitza eta are maitasuna ere ez dela inoiz justua izaten. Los que se han ido volverán quienes tengan que volver, o de lo contrario vendrán otros mejores. Tengo que decir que esta narración corta es el comienzo de una narración más larga; Este premio me ha dado el coraje de seguir esta historia. La ficción se entrelaza con la verdadera historia, conectando a Juana del siglo XX y Joana del siglo XVI a traves del amor y euskera. Por un lado, mi personaje ficticio es mi personaje; el otro personaje, sin embargo, fue una persona real. Esta última me mostró la forma de ver el ferrocarril que ya no pasa desde aquí: el IRATI. Como otros trenes en el País Vasco han desaparecido, otros todavía están vivos, como el que va de Pamplona a Irún, pasando por Altsasu. Recordando a los jóvenes de Altsasu presos injustamente, Juana de Uterga proclama un pueblo y habla de un amor libre, aunque sabemos que su historia de amor que nos llegó por medio de un auto judicial terminó tristemente. Sabemos que este mundo no es justo, y también sabemos que la vida e incluso el amor nunca son justos.

Hala ere, justizia hori aldarrikatzeko idazten segituko dut, noizbait ere Nafarroa osoa euskaldun eta ez-fededun izan zelako, eta noizbait ere etorkizunean Nafarroa osoa euskaldun izateko berriro ere. Justiziarik ez badago ere, justizia gure berezko eskubidea da, eta hala delako idazten segituko dut historiako gure Joana Utergakoaren omenez eta gu guztion eskubideengatik eta justiziagatik. Elkanoko Joakin Lizarraga apeza eta idazleak erran zuen bezala, merezi duen gauza on oro neketsua da, eta eutsi behar diogu, ez ezkor ez baikor, gure bide justuari. Sin embargo, continuaré escribiendo para proclamar esta justicia, porque hace cuatrocientos años toda Navarra era euskaldun y no creyente, y en algún momento en el futuro toda Navarra será asi de nuevo. Aunque no hay justicia, la justicia es nuestro derecho, y por eso continuaré escribiendo en honor a nuestra Joana de Uterga de la historia y por los derechos de todos nosotros y la justicia. Como dijo el sacerdote y escritor de Elkano llamado Joaquin Lizarraga, todo lo bueno vale la pena, y debemos mantenernos firmes en el camino justo que nos corresponde, aunque estemos rodeados de injusticia.

Ainara Maia Urroz

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s