Irunen, 2019ko apirilaren 10ean, asteazkena. XXI mendeko poesia 21.HATSAREN POESIA liburuan.

Irakurle maitea,

hona hemen liburu berri bat:

2019ko HATSAREN POESIA

21. HATSAREN POESIA

XXI. MENDEKO POESIA

21. HATSAREN POESIA KORRIKA iragan zaigu, klika eginez elkartu gara urtero bezala Larraldea baserrian, Senpereko Amotz auzoan. Hatsegin dugulako hatsa.

Egun goxoa iragan dugu Auxtinen babesean, eta kimu berriak irekitzen hasi diren garai honetan poesiaren lerro berriak sortu eta inprimatu dira, 122 olerkariek hats emandako hitzekin osatuak. Aurten 18 olerkari berri nabarmenduko nituzke, ongi etorri beroa emateko: Bingen Amadoz, Olatz Azpirotz, Oiane Egiguren, Axun Gereka, Joxan Gurrutxaga, Amaia Hennebutte, Naiara Iglesias, Hodei Ijurko, Alaitz Imaz, Oihane Jaka, Joseba Gotzon, Esther Landa, Emile Negueloua, Isabela Oravova, Mihajlo Sviderski, Javier Tisera, Ainhoa Usandizaga, Leize Van Meer.

Horren karietara bildu ginen bada apirilaren 7ko igandean Senpereko Larraldearen babesean, KORRIKAren oihartzunek bultzaturik, 21. HATSAREN POESIA aurkezteko eta egun goxo bat elkarrekin iragaiteko.

Garizuma-haizez eta euriz lagundurik tantaka-tantaka iritsi ginen Euskal Herri osoko puntu desberdinetatik, eta liburu berria eskuartean hartu genuen.

Auxtin Zamorak aurkeztu ninduen ni aurtengo liburuaren editore, liburuaren irakurleari mintzatu nintzaion, gure artean jadanik ez zeudenei aipamen berezia egin nien bihotzez, eta denen besarkada amultsua jaso ondoren, aurtengo liburuaren sar-hitzaren edo zart-hitzaren egile Koldo Goitia bere amonaren azalean sartu zen, eta literaturari buruzko hausnarketa pertsonala egin zuen. Ondoren, Emile Negelouak gitarraz eta Hegoa bere alabaren ahotsez mundu osoko haurrei kantatu zieten, eta gero, bertaratu ezinik gelditu ziren Joan Mari eta Imanol Irigoienen olerki bana irakurri zituen Itziar Gomezek. Hain zuzen ere, Itziarri egokitu zitzaion ausaz heldu den urteko liburuaren sar-hitza idaztea.

XXI. Mendeko poesia kaiera edo liburu hau argitaraturik, eta kanpoan jadanik ateri, Larraldearen lorategira atera ginen gorostia eta mizpira landatzera. Poesiaren hats guztiok lora gaitezen eta fruituak eman mundura. Lur basa topatu genuen Larraldearen lorategi zainduan, eta lur basa horretan basaura artean iratze mota aunitz, menda-belarra, barakurkuilu hutsak eta apo batek bizilekua zuen tokian landatu ditugu poesiaren gorostia eta mizpira, lurrean birbiratu eta sakabanatu garenon hazi-poemak eta argi-hizkiak fruituak airera emango ditugun itxaropenaz. Udaberria lora dadila aske poesiaren Larraldean!

Egun osoan zehar, Larraldearen barnean 2018ko ARGIZKIEN erakusketa egon zen, hats-emaileon hitzekin eta argazkiekin osatua, argitu dezagun bidea.

Hatsegin dugulako hatsa, hats-emaileen hatsa maite dudalako, elkarrekin bazkaldu genuen Larraldeko sutondoan, eta hatsa batzuetan hitsa bada ere, gu guztion barneko hotsa entzun genuen bazkalosteko kafearekin batera, ebaki nahiz huts, hatsa ez baita inoiz ere hutsa, ez bada betearen hutsa, kikara bete kafe huts. Ederra izan da norberaren ahotsez norbere hatsa hitzez entzutea!

Arratsaldean Antton Kazabonek bere poema batzuk irakurri ditu, tarteka bere anaia Joxe Leonek gitarraz lagundurik Xabier Leteren kantu ezagunak kantatzen zituen bitartean.

Horren ondotik, eta urteko poesia eguna amaitzeko, Arrate Fernandez zinegile andoaindarrak Edorta Jimenezen “Lepoaren geografia” olerkian oinarritutako film labur bat erakutsi digu Larraldeko ukuiluan, non amodiozko istorio bat kontatzen zen hitzik gabe eta olerki musikatuarekin soilik: “Begi-ninien koreografia”.

Horrela, bertaratu ginen 30 bat olerkari tantaka-tantaka joaten hasi ginen bakoitza bere euskal txokora, jadanik ateri eta goxo zegoen ilunabar batean.

Ainara Maia Urroz

Hatsaren POesia 2019 Taldea DSC06231

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s