«Eskua eman nion agur esateko, eta betirako geratu zen nirekin» (Miren Usandizaga)

(Argazkia: Leonat Egiazabal)
Bazen behin Zubernoan, euskal bihotz batek beste bi batu zituena. 2013ko uztailean izan zen, udako egun eguzkitsu batez Leonat Egiazabalek gonbidatu ninduen berarekin batera lehendik Senpereko Hatsaren Poesiatik aspalditik ezagutzen nuen Extefana olerkari hendaiarrari elkarrizketa bat egitera. Juanma Sarasola irundarrak eraman zuen Xabolara Leonat, eta ni ene autoan joan nintzen Extefanaren etxerat.
Bizi garen herria maite dugulako behin zerbait magikoa gertatu zen Euskal Herriko bihotz honetan: Xabola atseginean. Desio bat eskatzea erabaki genuen. Deabruaren tentazioari ihes egiteko, eskuaraz mintzatuko ginen beti, zeruko oturuntzaz goza genezan, kantu eta dantza, olerkiz bustita.
Behin bazen Zubernoan, Euskal Herrian, andere euskaltzale eta olerkari xarmangarria: Extefana Irastortza, sortzez Iribarren. Uda iritsi zen gure herrira. O! Zenbat maite genuen uda beteko giroa! Desio bat eskatzea erabaki genuen. Elkarrekin arratsalde atsegin bat igarotzea kontu-kontari.
Bizi garen herria maite dugulako behin zerbait magikoa gertatu zen Euskal Herriko bihotz honetan: Xabola atseginean bihotz batek beste bi bihotz batu zituen, erritmo berean taupada egin zezaten, eta eskuaraz mintzatuz guk ere deabrua bere buruaz beste egitera bultzatu genuen, ezin baitzuen eskuararik ikasi, eta beraz, ezin baitzuen gutartean tentazioan ibili.
Behin bazen Zubernoan, Euskal Herriko kostaldean, andere euskaltzaile eta olerkari xarmangarria. Uda ekarri zuen bihotzetara, eta esperantza eman gure bihotzei. Izan ere, heriotza da erremediorik ez duen gauza bakarra, eta dakigunaz geroztik sortu ginela behin hiltzeko, eskuaraz mintzatuko naiz deabruaren aitzinean, dakidan arren poeta naizenez gero ez dudala zerurik espero, eskuaraz mintzatzen eta idazten segituko dut. O! Zenbat maite genuen elkar! Eta beraz desio bat eskatzea erabaki genuen. Elkarrekin eraikitako zubia betiko xut iraun zezan maitasuna elikatuko genuela egunero.
http://olerkarieneguna7.blogspot.com/p/httpsxorinokantharia.html
Eskerrik hanitx, Extefana!
BIDARRAIKO INFERNUKO ZUBIA
(Extefana Irastortzak kontatutako euskal kondaira)
Bazen behin neskatxa gazte bat Bidarrain eta egun batean zubi batetik pasatzen ari zela, bat-batean deabrua agertu zitzaion, eta honek esan zion:
– Zure adiskide izan nahiko nuke, zure lagun…
Neskatxa harriturik eta beldurturik zegoen, baina honela esan zion deabruari:
– Nire adiskide izan nahi baduzu, eskuara ikasi beharko duzu…hemendik aste batera.
Orduan deabruak esan zion:
– Ados, ikasiko dut eta berriro ere itzuliko naiz zugana.
Astebete pasa zen, eta zubi gainean topo egin zuten biek. Neskak galdetu zion:
– Ikasi al duzu eskuara?
– Ez, ezin izan dut ikasi…
– Orduan ezin duzu nire adiskide izan
Eta neska joan egin zen, eta deabrua triste eta etsiturik, zubitik behera bota zuen bere burua, eta desagertu zen. Geroztik zubi hari INFERNUKO ZUBIA deritzo.