Egunkari maitea,
datorren asteazkenean, abenduaren 27an, honako nere kolaborazio hau aireratuko da Antxeta Irratian:
2017-12-20
POESIAREKIN MUNDU HOBEA ETA MAITAGARRIAGOA EGIN DEZAKEGU
Armagabetzea euskal bidea dela egin genuen aldarri Parisen bakearen artisau izan nahi dugunok; demokrazia garaiko berrogei urteko gatazka politikoari amaiera eman nahi diogu, gibeletik bertze berrogei urteko diktadura jasan eta sofritu baitugu.
Maialen Lujanbiok, bertsolarietan bertsolari txapeldun gaur egun, erran zuen berrogei urteren ondoren garaia dela ametsak egurasteko. Gaur egungo bertsolaritzak aunitz du poesiatik, bertzenaz ez zukeen beharbada (edo bai) Maialenek igandean bigarren txapela irabaziko, baizik eta apika Unai Agirrek, bertsogintza herrikoiagoa egiten duenez. Auskalo! Maialen ez da poeta, baina bertsolari handia da; hala ere, bere bertsogintzak badu poesiatik eta hitzen sakontasunetik pixka bat, ene aburuz.
Ni bertsozalea naiz, eta horregatik egon nintzen iragan igandean BECen Bertsolari Txapelketa Finalean. Gozatu nuen Maialenen hiru gartzelako gaien bertsoekin. Nago ni bertsolari ez naizelako, naizela olerkari, neure onenaren hatsa eman eta bertzeen onena hartuz elikatzen dena. Ikuspuntu poetikoaz mundua bertze era batera ikus daiteke, amultsuago eta bihozberago joaten naiz kaleetan barna eta mendian gora. Ikuspuntu geopoetikoaz aitzina egiten dut neure bihotza emanez, eta mundua aldatzeko gogoz, onberagoa eta hobea egiteko helburuz.
Bertsozale eta olerkari izateaz gain, literaturzale ere banaiz, eta bertzeen barne-mundu berria ezagutzeko nahiarekin Durangoko azokara bueltaxka egin nuen, Parisetik bueltan eta hona hemen nire Durangoko azokako uzta: MAIATZ udazken betean, ene bihotzeko zauriak sendatu ez agian baina goxatzeko bai. HATSEGINEZ aditu nituen Jokin Lasaren lau kantuak. Itxaro Bordaren ODOLAK SU GABE dirakielako erosi nuen antzezlana. Eta Luzien Etxezarretak bere INTERPORCOS kronika aberezaleak oparitu eta sinatu zidan.
Hala bada, armagabetzearen bidetik amaigabetzat jo dezagun bortizkeria aitzina bake-bidean, zoriontasunerantz, maitasunez beztiturik eta ilusioz bularrak puztuz, ereinez ezpainetan irribarreak. Olerkari naizenez, nahigabea handia ukanik, munduaren edertasuna miresten jakin dezadan goizero, izan gaitezen ederraren dastatzaile, azkenean non-nahi aurkitzen baita ederra. Ahaz dezagun iraganean banandu gintuena, eta oroitu, etorkizunean aitzina egin dezagun, iraganean aunitz maite genuela elkar, eta beraz, elkar aunitz maite dugula. Gaur eta hemen aunitz maite zaitut, maite nauzu oraindik? Espero dut baietz.
Bihotza hits
eta postontzia huts
maitearen ele zuriak
Montebideoko uhinen bitsetan
urrezko orraziaren bila joan gabe
ene bihotza han dago
behin benetan maite izan ninduen tokian
bihotzaren taupaden hots hits huts isila.