Mendaron, 2017ko hotzailaren 24an, ortziralean…

Egunkari maitea,

astelehenean Antxeta irratian Literaturaren tartean  nire irratsaioa izan zenuten entzungai Irungo bertsolari errepublikar euskaltzale independentistari buruz, Lopetegi zenari buruz:

https://www.antxetamedia.eus/radio/kronika/

antxetamedia

BEHE BIDASOAKO BERTSOLARI AHANTZIA

Antonio Zavalak zergatik ez zuen Lopetegi argitara atera? Iazko apirilean Joxean Elosegik hitzaldi bat eman zuen Oiasso museoan eta bertaratu nintzen. Galdera hori bota zuen eta erantzunik gabeko hari horretatik dilindan geratu nintzen, eta orain zuei botatzen dizuet galdera bera.
Joxe Mari Lopetegi 1875ean sortu zen Irungo Santiago karrikako lehen zenbakian, eta bertsolari errepublikar gisa aurkeztu zen duela hamar urte Elosegik argitaratutako Lopetegiren bertso-liburuan. Baina politikoa izateaz gain, bertsolaria zen, eta politika bertso-gaitzat hartzen bazuen ere, euskara izan da bere gai zentrala. Bere bertsoetan “ama” aipatzen duelarik, “euskara” erran nahi baitu. Ez zen erlijiozalea, baina salbuespenak egiten zituen R.M. Azkuek gidaturiko Bilboko IBAIZABAL aldizkarian idazteko 1903an euskarari buruzko bertso honekin, gaurkotasunik ez duela galdu iruditzen zait, zoritxarrez:

Burua makurturik,
ixill gaude, ixill,
erdaldunen mendean
kiskur eta umill,
Ama guregatikan
penaz lertzen dabill,
Zu orrela utzi baiñan
naiago nuke ill.

Bat-bateko bertsolaritzan aritzen zen, baina bertsoak jarri zituen idatziz bere garaiko hainbat aldizkaritan, ez bakarrik Irun aldeko aldizkarietan baina Euskal Herriko beste zenbaitetan ere, baita IRUN REPUBLICANO Irungo prentsan ere. 1931ko ekainean “Irun Republicano” astekarian bertsoak argitaratu zituen, eta aldizkari hartan agertu zituen bere ideia politikoak, unean uneko gertaerak eta eztabaidak tarteko. Errepublika babestu eta defendatu beharra behin eta berriro azpimarraturik, jelkideen estatutu asmoen aurka azaldu zen behin eta berriro, maniobra haietan monarkiazale eskuindarren jukutria besterik ez zuela ikusten, bide horretatik ez zela etorriko Euskadin askatasuna. Berak uste zuen lehenbizi Errepublika lortu behar zela gero independentzia lortzeko. Horrek abertzale monarkiazale katolikoen etsaigoa ekarri izanen zion seguraski, eta beharbada horregatik ez zuen Antonio Zavalak argitara atera Lopetegi?
1918an ALDABE aldizkariaren lehen alean bere ALDABEri bertso-sorta argitaratu zizkion, San Martzial eguneko alardeari buruz, eta erran daiteke bere argitalpenetan bustitzen zela eta arriskatu ere bai, beharbada horregatik ere ez zen gustuko izango bere garaiko euskaltzale-abertzale zenbaitzuentzat. Ez zuen egin bere garaiko kronika, baina bere fede politikoa kontatu zuen.
Goiz ezkondu zen, eta 1936an 61 urte zituela jadanik, Gerra Zibila lehertu zen. Hendaiara ihes egin zuen, eta han zegoela ere argitaratzen segitu zuen lagun komunisten aldizkaritan, 1936ko irailaren lauan kasu. Hendaiako Haizadia etxean bizitu izan zen, eta sei urte iheslari politiko egon zen Arruetan (Behe Nafarroa), beste hainbat euskal errefuxiaturekin batera.
1942ko ekainaren 6an hil zen Joxe Mari Lopetegi Arruetan (eta ni 34 urte geroago sortu nintzen ekainaren 6an Irungo Santiago karrikatik hurbil dagoen ospitale zaharrean), bere emaztearen ondoan zegoela, sorterrira itzultzeko aukerarik ez zuela eta etxekoak aspaldiko partez ikusi gabe. Alarguna Iruna itzuli eta bertsolaria hila zela jakin zuten bezain laster, ehun eta hogeita bost mila pezetako isuna jarri zioten familiari, haren «erantzukizun politikoengatik». Alarguntzearen penaz gain, hori jasan behar, gainera!
Elosegik hitzaldian erran zuen oraindik hamar bertso-sorta daudela argitaratu gabe, duela hamar urteko bere liburuan ez daudenak.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s