Irunen, 2017ko Unhcrtarrilaren 17an, asteazkenez San Anton, huevos al monton!

Egunkari maitea,

gaurko honetan Leonat Egiazabal eskualdun lagun uruguaitarrari egindako elkarrizketa interesgarri eta pizgarri bat jartzen dut, eskuarari buruz:

logo2

Arranguratzen nauena eskualdunen buruen deskolonizazioa da.

Leonat Egiazabal (Montevideo, Uruguai, 1974) Montevideoko Aldaxkako euskara irakasle eta animatzailea da. Deiturak salatzen duen gisan, askaziak euskaldunak ditu; hain zuzen ere, Ortzaizekoak. Hizkuntzaren haria ahanzturaren matazatik berreskuratu zuen bere baitatik, baina horrekin aski ez, Euskal Herrirako joan-jinek eman diote zer hausnartu, ondorioztatzen baitu euskaldun izatea errazagoa dela kanpotik hemendik bertatik baino, estrategia politikorik ez baitu ikusten. Horregatik, Gureberriak-ek zehaztasun gehiago galdetu dio, milaka kilometrotan dauden betaurrekoek euskaldunak Euskal Herrian nola ikusten dituzten jakiteko.

Deskriba zenezake nola ikusten duzun Euskal Herrian euskalduna izan nahi duena?

Galderak testuinguru bat ematen du, non hautu bat den eskualduna izatea [Egiazabalek eskualduna darabil eta ez euskalduna, etimologiari jarraikiz; Gureberriak-ek errespetatzea erabaki du]. Hortaz, hastekoz, bereiziko nituzke eskualduna naturalki dena eta eskualduna izan nahi duena naturala ez den egoera batean.

Hain handia da eskualdun izatearen kontzeptuak sufritzen duen krisia, non borondateari lotzen den gauza dugun gaur egun. Erran behar dut, beraz, eskualduna izatea gauza naturala dela, eta naturaltasunez bizi ez den kasuetan konflikto bat dugula azpimarratuko nuke, arrunt ezaguna izaki naturaren parte gisa ikusia, naturatua.

Naturaltasunez bizi direnak guti direlarik (azken artzainak menturaz, agure isolatuak, modernotasunak eta hiritartasunak baztertuak direnak), zorigaitzez, bigarren taldean jarri beharko dugu begirada.

Konfliktoa aski deskribatua izan da: bi kultur nagusien eragina, sinbolikoki eta materialki bortitza dena, eskualdun izaitearen ahalera tipitzen eta murrizten duena, anitzetan berez deuseztatzen duena.

Eskualduna izan nahi duena, beraz, ikusten dut bere nahia eta beste kultura batetik eginikoa den mundua uztartzen entseatzen, atzeman gabe, arrakastarik gabe, asimilazioren gurpil zoroan preso.

Alde batetik, normaltasunez bizi nahian baina ezin, oztopoz beteriko mundua baita, gaizki-ulertuz beterikoa, inkomunikazioz beterikoa, ukazioan eta bortizkeria sinbolikoan eraikia.

Hortaz, bortitza dakusat eskualduna izan nahia erdaldunentzat eraikiriko mundu horretan, eskizofrenian erori gabe bederen, zeren jalgi bidea da eskizofrenia: pertsona bi modutan bizitzea; eskualdun eguneko %20 orduz menturaz eta erdaldun %80, konparazione.

Baina eskizofrenia horretan erori gabe, eta artzaina izan gabe, latza ikusten dut eskualdun nahi izate hori. Ikusgaitza izatearen pareko kasu hoberenetan edo bigarren eskuko hiritarra gehienetan.

Nire Euskal Herriko egonaldiak esperimentalak izan dira beti. Argi daukat hor ez naizela bizi eta horkoa ez naizela sekulan izan, eskualdunen artean horkoa banintz bezala hartua izanagatik. Eskualdunak biziki irekiak baitira, kanpotik pentsatu ez bezala; irekiegiak dira anitzetan, hautu handirik ez baitute…

Hau diot haiek bizi diren eguneroko borroka horiek distantzia batekin bizi ditudala errateko.

Bidaiari gisa, erraza da okindegi batean erantzuna frantsesez aditurik bizkarra ematea eta bertze batera joatea, baina egunerokotasunean nekagarria, akigarria izanen delakoan nago.

Eskual Herrian eskualduna izan nahi duena, beraz, mugatua, etsitua, estresatua eta borroka pertsonalean ikusten dut, egoera kutsatu batean, izandako herri baten oihartzuna edo inertzia bezalako zerbait, berriz herri izan nahian, baina ezindua.

Ezintasuna litzateke egoera hau laburtzeko hitza.

Aurten deskolonizazioa landu nahi duzue Aldaxkan. Zertan datza? Zerendako? Txarruei begira? Euskaldunak ere hizpide? Orokorki?

Nahi bai, baina txarruekin jada ezinezkoa litzateke, zeren pairatu genozidioa fisikoa izan zen: mundu honetatik sekulakotz desagerrarazi zituzten. Txarruek beti aitzi egin zioten Estatuari, lehenik espainolei eta gero Uruguaiko sortu berria zen Errepublikari. Zelata batean azken gerlariak kaliturik, emazte eta haurrak esklabo gisa banatu zituzten Montevideoko criollo onen artean.                            Gaur badabiltza burges ttipi new age gutiziatu batzuk haien arbasoak zirena irudikatu nahian (beti zuriaren ikusmoldetik, zeren buruz eta bihotzez zurituak izan dira) eta zankez Estatuaren aldetik zerbait atzeman nahian, lurrak konparazione, aitzinekoen minaren izenean… penagarri zinez. Eskualdunarenak ez du oraino osoki egin, eta mutur hartara espero dugu ez heltzea, baina gaur kontzientzia pizten ez bada, eta horren arabera zerbait zuhur egiten ez bada, historia bera ikusiko dugu laster, eta negargarria izanen da, gaur dakusaguna baino negargarriago ere.

Eskualdunen kasuan, nahiz eta genozidio fisikoaren bidea erabilia izan, genozidioa, oroz gainetik, buruen kolonizazioaz bideratua izan da, pistolaz bai, baina haboro, eskola laguntzaile, genozidio kulturala izan da, eta abertzaleen munduan infiltrazio ideologikoa, nagusiarena, hegemonikoa, animalekoa izan da.

Arranguratzen nauena, bada, eskualdunen buruen deskolonizazioa da. Asimilazio prozesu batean ikusten baititut, menperatzailearen diskurtsoa osoki barneraturik, eta haboro ere, diskurtso hori defendatuz eta eskualdunak horren arabera sailkatu, baztertu eta sakabanatuz. Badirudi ahantzi duzuela genozidio baten ondorengoak zaretela eta gerla anitz dituzuela jadanik galduak. Libro bazinate bezala jokatu nahi duzue, jostailuzko ENA batez, futbol selekzio baten alde, estatuarena egin nahian estatua ukan gabe, librearena libro izan gabe, hau da, Gipuzkoan erraiten zen bezala: zakurraren gauerdiko ametsak.

Deskolonizazio fisikoa hel dadin, hau da, nolabaiteko burujabetasuna egunen batean atzemateko, funtsezkoa da lehenik geure buruen deskolonizazioa egitea. Bertzenaz, atzemanen dugu estatua, bai, segurki, baina ez da eskualduna izanen: Irlanda bat izanen da, edo, okerrago, Espainia txiki bat.

Ipar Euskal Herriko Hitza astekarian diozu distantziatik ari zarela zure euskalduntasuna bizitzen, baina zuk ere Uruguain eskual etxearekin euskalduntasun jakin bat lantzen duzu: zein? Zein da Aldaxkako “ildo editoriala”?

Eskual etxearena zehaztuko nuke hasteko, etxe batean baino borda diferenteetan baikabiltza gehiago finkatu gabe, bortuketan beti. Etxeratzeak bizioak baitakartza: instituzionalizazioa, sistemaren logikan sartzea, pertsonalismoa, subentzioak, iparra galtzea, eta abar.

Bortukariak garela nerrake Aldaxkan gabiltzanok. Eskuara gure ardi galduaren bila.

Ildo editoriala, beraz, ardi iheskor hori atzematea, zeren Uruguain jendea eskualduntzea ez baita gauza makala, baina ezta ezinezkoa ere. Eskualduntasun bakarra da gure iduriko: eskuaraz bizitzea, gure kasuan, nahiz eta eguneroko gauza ez izan, entseatzen gara tarteak kausitzen eskualdun izatekoak, eta helburua da gero eta zabalagoak egitea eskual taldea osatu arte, Montevideon ere eskuaraz normaltasunez biziko dena. Sortu berria dugu gurea, denborak du erranen.

Bertze alde batetik, pentsamendu kritikoa garatzea dugu lanabes. Unibertsitatean zango bat ukanik (aurten hasiak gara eskual kultura pentsatzeko mintegi batekin jende orori irekirik) atzematen ari garela nerrake.

Gero erran behar dugu Aldaxka hau indoeuroparrek konkistaturiko Amerikan sortua dela. Hemen indoeuroparrek darabilt, eskualdunak eta Europan bertan konkistatuak izan diren bertze herriak kategoriaz kanpo uzteko, zeren konkista bidea bera baita bai Europan bai Amerikan.

Amerika konkistatu eta indoeuropartu honetan bada ikasteko eta Eskual Herriratzeko anitz.

Hemengo bertakoek sufritutako genozidio kulturala bera izanik, eurozentrismotik jarria, hemengo hausnarketa batzuk onuragarri gerta daitezke Eskual Herriaren askatze eta buru-deskolonizatze prozesuan baliatzeko.

Brasilen, konparazione, manifestu antropofagikoak zer pentsa ematen du indianoak bezala giza zuriaren gauza baliagarriak jatea proposatzen duelarik, nolabait etsaia jatea indartzeko gauza litzatekeelakoan. Eskual Herrian, aldiz, etsaia jan beharrean, antropofagiaren lekuan ikusten dudana da autotomia: sugandilak egiten duen bezala ihesari lotu nahian buztana utzi, gure gorputzari, gure izateari puskak kendu; baina, gure kasuan, ez buztana bakarrik, estrategia baita kenduz eta kenduz ihesi, baina zangoak galdurik ezin egin… Eskual Herria zango eta buztanik gabe ikusten dut, zango berrien beha. Gure belaunaldiak ez baditu sortzen, janak izanen gara, txarruak bezalaxe.

Argia astekarian iaz argitaratu zen zure elkarrizketan (www.argia.eus/argia-astekaria/2445/uruguaiko-aldaxka-elkartea), bertzeak bertze, hau erraiten zenuen:
“Gerran gara, eta konfliktoa egunerokotasunean da irabazten, edo galtzen. Guk etxean jokatzen dugu, eta garaitzera atera behar gara… Baina ez”. Gerra horretan hitza daukagu arma, baina estrategiarik ez: “Gehiengoan zaudetenean, gutiengoaren alde egiten duzue; eta gehiengoa galtzen duzuenean autourrikalmenduan itotzen zarete”. Eta egoeraren diagnosia gordina gero: “Bi hizkuntza ukipenean direnean luzaz, batak ordezten du bestea. Ez ikusiarena egin dezakegu, baina lausotzen ari gara, lurruntzen, desagertzen”. Hitzak norabide bakarrean sartzen dira, mintzaje batetik bestera beti; gero espresioak, ondorean esaldi osoak. “Plazer egin nahi diozue erdaldunari, eta zuen burua apaltzen duzue, hura gainetik pasa dakizuen”. Irakasle anitzek, etsiaren etsiaz, azterketa gainditzen irakasten dute. “Hizkuntzaren maila, por el puto papel ikastera derrigortuak diren funtzionario publikoen eskakizunaren araberakoa da: eskaxa eta herbala”. Eta lengoaia horixe daukagu eredu: “Euskara sanoaz mintzo denari kaxero erraten zaio, eta goi mailako hizkera darabilenari, ponpoxo eta pedante”
[…] “Batua lanabes baliosoa da, baina oraingo egunean bi batua dauzkagu, Pirinioaren alde banatan. Estatuen egitura administratiboa onartu eta onetsi egin duzue erlijioski, eta mugaren orbana barnatzen duzue egunez egun”.

Hauekin guziekin erran nahi nuena da, berriz ere, ahaztu duzuela eskuara eta eskualdungoaren zinezko egoera zein den, zapalkuntza, eta nagusiaren diskurtsoa ederki barneratua duzuela, zuen eta zuenaren kalterako. Gerlarekin erran nahi dut, gehiengoak mundu orekatu eta justu batean bizi zaretela sinetsiagatik, zuen lurraldea gobernatzen duten erresumen hiriburuetan aspalditik badutela  zuena asimilatzeko eta desagerrarazteko egitasmo zehatz bat: gerla ez da bakarrik arlo militarrean egiten.

Eta egungoa, gerla baino gehiago, eraso luze bat da, beti norabide berean, eskualduna beti gibelka ikusten baita, zeren berak ez du bere tresnekin oraino arrapostu.

Berez hizkuntzak eta kulturak lurralde batean desorekan direnean gerlan sartzen dira, eta hemen dena zafraldia da eta ederra, bi erraldoiek ttipi bati emana. Alde batetik, bertako jendearen sistema, gizakiaren neurrira egokitua zena aspaldi, eta, aitzinean, bi mekanika erraldoi gizakia zanpatzeko: bi estatu inperialista historikoak, egun bigarren eskukoak baina inperialistak azken finean.

Eta eskualdunok galdu dugu gure mendietarik borrokatzeko aiseria menturaz, erran nahi dut gure gisa borrokatzeko ahalmena kanpotik ezarririko jokoan sartuak. Eskuara, lurraldetasuna non Auñamendik bizkarrezurra osatzen duen, ez muga… baina buru kolonizatuetan nagusiak dioena burdin gorriz izkiribatua dugu…

Gure kasuan bederen, eskuara maitasunez dugu ikasia, eta maitasunez nahi genuke zabaldu.

Orai arteko gerla herraz entseatu da bideratzen, inposatzailearekiko herraz, nolabait, baina oroz gainetik haiek guhaurren buruarekiko inposaturiko herraz ere, garenari edo izan garenari maitasunez baino haboro. Baina gerlak irabazten dira amodioz gehiago, eta ez naiz hippie jarriko. Honekin erran nahi dut gurea ezagutu eta maitatu gabe, eta aitzinean duguna gorrotatuz edo, okerrago, gu gorrotatuz, ez dela posible deus ere askatzea, eta gutiago ere, eraikitzea.

Garena eta izan garena, aberastasuna baita gurea eta mundu osokoa, baina arbuioan eskolatuak baikara, birbaloratzeko lan handia dugu egiteke. Baloratze horretaz guhaurren buruak baloratzea letorke eta, hortaz, Eskual Herri libro baten eraikitzea. Esklaboek ez dute deus ere askatuko.

Auto-gorrotoa gainditzeko garaia da, herri gisa autoestimua landuz, hegemoniari bizkarra emanik eta gureari behatuz, eta gu bezalako egoeran diren herriei begiratuz, deskolonizazioaren eta burujabetzaren bila dabiltzanak: Indoamerikako herriak konparazione.

Estrategiaz bertze alde batetik bat egiten dugu Sarrionandiak bere garaian proposatu ideiarekin: eskuara lurralde libro bakarra da, baina egun horrela ikusten da eskuara? Zinez maite duzue eskuara edo gehienek liturgia baten objektu bilakatu dute? Erritu preses batzuetan baliatzekoa baina ez izatekoa eta bizitzekoa?

Zein estrategia ikusten duzu beharrezkoa? Hemengo ezker abertzaleko politikariek diskurtso baikorra hedatzen duten bitartean: zuk zertan ikusten duzu “lausotzen, lurruntzen, desagertzen” ari garela? Uste duzu ilusio batean bizi garela?

Bai, zeren botereak beti liluratzen du bere kobazulo miresgarrian sartzen dena. Asmo txarrez sartzen denak (sistema honetako politikaria beti) urrez betetzen du bere zorroa, baina jalgitzean, herrira heltzen, dena beti ikatza izaten da. Historia pixka bat jakinik, prozesua beti bera da.

Hasteko, beraz, gure herriaren historia ezagutu behar da, guregandik kontatua: eskual kontakizuna zangomotza da oraino, eta herri izateko lehendabiziko gauza herri kontakizuna ukaitea da.

Hortaz, egin behar dena da ikasi, ikasi eta ikasi, aitatxiren liburutegiko liburu guztiak irakurri eta, hortaz, bidea asmatu. Baina, hori egin beharrean, EMAUSera igortzen dituzue liburuak edo zabortegira zuzenean. Eskual kulturaren altxorra zabortegian botata dakusat.

Bada liburutegi oso bat –eta azpimarratuko dut: mundu osokoa dena– zuen aitatxi-amatxiengan, baina munduak dio zaharkitu eta gibelatua dela, bizkarra ematekoak direla, deusetako ez dutela balio, eta horiekin kultur oso bat errekara joaten uzten duzue.

Hemen bada eraikitze bat egin beharrekoa, nor garen ezagutzeaz egiten dena, eta, bertze alde batetik, deseraikitze bat, buruko mugak eta murruak deseginez atzematen dena.

Iturri onetik edan, eta estatuek banatzen duten ur pozoituaz mesfidatu, hau da, nor ginenez ikasi eta zer egin gintuztenez desikasi.

Gero, bada bertze problema bat: eguneratzearena; ez da hau nahastu behar hegemonikoa den sistema denari moldatze batekin. Eguneratzea da aire zaharrean egungoa kantatzea, eta egun ikusten dena da aire berria eta kantu arrotza… Hemen zahar hitzaz erran nahi dut gurea. Badakit deskartablearen kulturan zahar hitza zentzu txarrez bete dugula, herri batean non zaharra ez da izandakoa luzaroan dena baizik erraiten baikenuen.

Kasu honekin gero, pentsatzea da bide bakarra.

egiazabal

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s