Irunen, 2017ko Unhcrtarrilaren 10a, asteartea… aitatxiren bertsoa, aiten aiten eskuara alegia. URte berri on dezagun denok, uraren ziklo berri bat hasi dugunez gero!

Egunkari maitea,

aitzina segitzeko gibelekoei kasu egin nahi diet; aurrera segitzeko arbasoen elea kontuan hartu nahi dut eta horregatik idatzi eta bota dut gaur INFO7 IRRATIAn honako artikulua:

http://info7.naiz.eus/eu/info_i7/20170110/euskal-filologia-ikasita-euskalgintzan-dabil-aitatxi-amatxi-alfabetatugabeen-biloba-hau

“Euskal filologia ikasita, euskalgintzan dabil aitatxi-amatxi alfabetatugabeen biloba hau”

Joxe artzain baztandarra Ainara Mayaren aitatxi zen, eta hartaz oroitu da urte berriko lehen kolaborazioan. Hogei urterekin, euskara soilik zekien Joxek, eta ia eskolatu gabe lanean hasi behar izan zuenez, ez zekien ez irakurtzen eta idazten.

2017/01/10 12:15

Ainara_maya_170110

Ainara Maya
 

Egun batean gobernuko gutun ofizial bat iritsi zitzaion erdara batuan, eta Joxek irakurtzen ez zekienez Elizondoko apaizarengana joan zen eskutitz ofiziala irakur eta euskaratu ziezaion. Derrigorrezko soldaduska egiteko baldintzetako bat betetzen ez zuelako soldaduska egitetik salbuetsita zegoela esan zion herriko apaizak, eta Joxe triste geratu zen, espero baitzuen soldaduska aukera izango zela eskolatu eta espainiera ikasteko.  Galarzaren etxean morroi lanean segitu behar izan zuen, eta han ezagutu zuen gerora emazte izango zuen Eugenie neskamea. Amaiurrera ezkondu ziren biak eta pobre baina elkar maitez hasten zuten urte berri bakoitzagatik ekarri ditu gogora Mayak.

Hona testu osoa:

Gureaz blai

INFO7 IRRATIA

2017/01/09

AITATXIREN BERTSOA (2)

Bazen behin Joxe izeneko artzain baztandar bat hogeigarren gizaldiaren lehen erdian. Hogei urte zituen, euskara baizik ez zekien eta ia eskolatu gabe lanean hasi behar izan zuenez, ez zekien ez irakurtzen eta ez idazten ere.

Egun batean gobernuko gutun ofizial bat iritsi zitzaion erdara batuan, eta Joxek irakurtzen ez zekienez Elizondoko apaizarengana joan zen eskutitz ofiziala irakur eta euskaratu ziezaion. Derrigorrezko soldaduska egiteko baldintzetako bat betetzen ez zuelako soldaduska egitetik salbuetsita zegoela esan zion herriko apaizak, eta Joxe tristatu zen. Apaizak galdetu zion harriturik:

– Zergatik hago triste, Joxe? Soldaduska ez duk egin beharrik eta horrela libro izanen haiz. Bestela, seguru aski Afrikara bidali izanen hinduten gerra egitera.

– Soldaduska egiteko ere ez dut balio, On Joakin, txikiegia naizelako, eta soldaduska nire aukera bakarra zen pixka bat eskolatzeko eta espainiera ikasteko.

– Motel, motel, baina soldaduskara gatearen arriskutik libratu haiz, hire bizia salbatu duk!

– Bai, izan behar duena izanen da eta gainerakoan konformidadea! Orain nire egunerokora itzuliko nauzu halabeharrez, eta ahantziko nauzu bizitzan aurrera egiteaz.

– Lasai, Joxe, ezer ere ez da bukatzen, ez hasten. Dena doa bere bidean, joan behar badu utzi joaten, etorri behar badu utzi etortzen.

– Nire ondorengoei etorkizun hobea utzi nahi nien, eta ezkondu aurretik posizio hobea eduki herrian, baina orain lan gogorra soilik utziko diet oinordetzan.

Hori erran eta apaizarenetik atera zen Joxe, eta bere morroi lanetara itzuli Galartzaren etxera. Han zuen ogibide, hilabeteak eta urteak igaro ziren bere morroi lanetan behiekin eta ardiekin, orotariko lanak eginez.

Gaueko lan ezkutuan ere hasi zen, ilargi berriko gau ilun batzuetan mugaldera joaten zen mugalari lanetatik diru poxi bat gehiago ateratzeko, eta tarteka lagunarte goxoa ere izaten zuen herriko ostatuan jan-edan goxoan, berriketa alaian nahiz bertsotan:

Ikusten duzu goizean,/argia hasten denean,/menditto baten gainean,/etxe ttipitto aintzin xuri bat,/ lau haitz handiren erdian,/xakur xuri bat atean,/ iturrino bat aldean:/ han bizi naiz ni bakean !

Horixe zen ene aitatxi zenaren bertsorik gogokoenetako bat, Jean-Baptiste Elizanburu saratarrarena. Bat-batekoan ere aritzen zen, eta horrela arintzen zuen bere euskalduntasun konplejo konplexua, gutxietsia sentitzen baitzen bailaran alfabetatugabea eta euskaldun elebakarra izateagatik.

Galartzaren etxean morroi zortzi urte egon zen eta, oraindik gazte azkarra, bere pentsamenduetan murgildurik zebilen eguneroko egun horietako batean, bere atsekabean burua dantzan, eta bidenabar bere eguneroko zeregin gogorretan, ahots ezti bat entzun zuen bat-batean:

  • Zer duk horren triste egoteko, Joxe? – harriturik begiratu zion mutilari une hartan lanean zebilen Galartzaren etxeko neskame batek, mutilaren aurpegi tristea ikusirik.

  • Triste ninan gogoa hire boz eztiak goxatu din… – irribarre lotsati bat egin zion neska gazteari. – nola dun izena, neska polit horrek?

  • Eugenie, eta hik?

  • Joxe…

Handik aurrera, gizon-emakume arteko adiskidetasun-harreman batekin hasi ziren, eta handik gutxira ezkontzeko eskatu zion Joxek Eugenieri, eta neskak baietz esanda, Amaiurrera ezkondu zen Joxe, Eugenie berez amaiurtarra baitzen. Itzalosko ardi-borda batean bizitzen jarri ziren, eta artzantzan aritzen zen Joxe; Eugenie, berriz, gasna egiten aritzen zen, eta horrela, ezkon-bizitzak bederatzi haurride ekarri zizkien.

  • Ai ene… zenbat neke eta min ditugun euskaldun pobreok, baina eskerrak zu zaitudan ondoan, Joxe… – ene amatxi Eugenie zena oso isila izan zen beti, eta gutxitan mintzatzen zen. Horregatik Joxek bere etxeko zereginak utzi, bere emazte hauskorrari so gelditu eta besarkada bat eman zion leunki.

  • Aunitz maite zaitut, ene emazteki emankorra, eta bederatzi seme-alaba euskaldun sano eman dizkidazu. Eskerrik asko. Urte berri berri zer dakarzu berri, uraren gainean bakea eta osasuna etxeko andrea etxean baldin bada, urtats urtats urtatsak hona!

Eta horrela, muxu emanez, pobre baina elkar maitez, hasten zuten urte bat bestearen gibeletik, uraren ziklo berriak berritzeko.

Horrela, heldu zait nire arbasoen solasa eta mintzoa, eta euskalduntasun konplexu hori geure geneetatik ezabatu asmoz, euskal filologia ikasi nuen, eta geroztik euskalgintzan dabil aitatxi-amatxi alfabetatugabe haien biloba hau. Miresmenez ene aitatxiren bertsoa eta amatxiren mintzoa bihotzetik ahora dabilkit.

Ur goiena, ur barrena

urte berri egun ona

Euskal Herrian sar dadila

bakearekin ondasuna

ondasunarekin maitasuna

maitasunarekin elkartasuna

euskaraz askatasuna!

jaiotza-2016-jpg-opa

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s