Irunen, 2016ko hazilaren 5a, larunbata.

Egunkari maitea,

gaur da ene bizitzako bigarren egun triste eta gogorrena… bigarren aldiz galdu dut betiko asko maite ninduen gizon bat (lehen aldiz 2002ko azaroaren 21ean izan zen, ene aita zena hil zelarik).

Irun, 2016ko azaroaren 5a, larunbata

NIRE LAGUN ONENARI ESKUTITZA

Otoi, eutsi nazazun behar dudala jakitea soilik nahi dut, nahiz eta erran ez dizudan eta batzuetan behar ez zaitudala erran badizut ere.

Baliteke une honetan zuri laguntza eskatzeko gai ez izatea, aski harriturik nagoelako eta ulertzen ez dudalako, baina behar dut jakin beti hor zaudela.

Jakin behar duzu ez dudala espero zuk ni ongi sentiaraztea, ezta nire pena desagerraraztea ere. Une honetan inork ezin du.

Lasaitzen lagun diezadazun behar dut, nire mina onartu eta niri laguntzeko ezer egin ez dezakezula aitortu.

Ezin badidazu deitu ezin duzulako nire mina jasan edo nirea jasan ezin baduzu, esadazu. Nik ulertuko dut, baina ez jarri aitzakiarik.

Espero dut nire haserreak ulertzea eta barkatu nire bat-bateko ateraldi tristeak.

Ez zara zu eta besteak ere haserretzen nautenak. Gehien maite ninduen gizona, Joakin Cia Oteiza, betiko galdu dudala jakitea da.

Ez itzazu nire malkoak ekidin. Zuretzat gogorra izan daiteke ni negarrez ikustea, baina osasungarria nire pena pixka bat adierazteko.

Niretzat negar egitea ona dela aitortzen dizut, horregatik negarrez ikusten banauzu nire ondoan esertzen saia zaitez eta zure ondoan negar egiten utzi, hori oso kontsolagarria izanen zait. Ez saiatu konparatzen nire galera beste okerrago batzuekin. Nire pena neure-neurea da.

Ez iezadazu esan, otoi, gertatu zena gertatu behar zuelako izan zela edo “Jainkoak nahi izan zuelako”. Hori entzuteak ez nau kontsolatzen une honetan eta nahasmena soilik sortzen neuregan.

Ez esan era berean “gerta zitekeen onena gertatu zela” zeren eta badakit ez dela hala. Ez esan “imaginatzen duzula nola sentitzen naizen”. Inork ezin du. Edozein kasutan ere, otoi, galde iezadazu nola sentitzen naizen gaur eta ni saiatuko naiz kontatzen.

Ez esan hau atzean uzteko, ahazteko eta nire bizitzarekin aurrera segitzeko.

Hau da ene bizitza.

Eta uler iezadazu ezin baditut konpartitu bizitzen ari zaren une zoriontsuak. Nahiko nuke.

Nirekin zerbait egin nahi baduzu, enkontru zehatzak proposa iezazkidazu: bazkari bat, etxeko lanen bat, ordu libre bat. Ni minduegi nago gaurtik haratago pentsatzeko edo programa erakargarri bat erabakitzeko.

Dolua egin behar dut, badakizu.

Ni izan beharra dut, eta “ez ahantzi” behar dut.

Bakean oroitzeko modua egin behar dut.

Besarka nazazun eskatzen dizut, ilea uki diezadazun, eta zurekin konta dezakedala esan diezadazun. Zain nazakezula eta bide honetan lagundu nahi didazula.

Malkoen bide antzua.

Azkenean, adiskide maitea, ene dolua etenik gabe onar dezazun eskatzen dizut eta nire sufrimendua ona dezazun.

Nik beti oroituko dut eskaini zenidan maitasun sendatzailea.

20160921_190009

 

joakintxo

ODOLAREN MINTZOA

40 urte XALBADOR poeta eta bertsolaria zendu zela, XORINO KANTHARIA poetisa sortu nintzela.

1989. urtean ODOLAREN MINTZOA liburuaren bigarren argitaraldia erosi nuen Urepelen 2001.urtean. Xorino Kanthari honek maite zuen abestea, eta batez ere maite zuen poesia, baina bertsozalea ere bazen. Hala ere, Xalbadorren bertsokeran poesia irakurri nuen, eta Fernando Aire bertsolariarengan gogoeta, poesia eta irribarrea aurkitu nituen; horra hor hiru bertute gizaki bakar batean. Gogoeta sakona, poesia ederra eta benetako irribarrea, bihotzetik jalgitakoa, xumea eta dardartia. Bat-batean nik neure burua ikusi nuen islatua bertsolari harengan, ni poeta ez errekonozitua izaki! Hala ere maite zaituztet nik ere oraindik.

Iragan asteburuan izan zen urtero bezala Xalbadorri omenaldia Urepelen, eta aspaldiko partez joan nahi nuen arren, ez nintzen joan fisikoki, baina bihotzez ama euskalerriaz nahigabetu nintzen, eta gogoaren indarrez Xalbadorrenera iritsi naiz eta handik goiti ardien etxolara. Aurtengo Xalbadorren egunean duela berrogei urte Xalbador hil zela oroitu zen, eta nik oroitu nuen urte hartan berean, 1976ko ekainaren 6ko igande hartan sortu nintzela, enara airos baten moduan. Duela berrogei urte.

Joan ez banintzen ere, berriro ere hartu nuen eskuetan Xalbadorren ODOLAREN MINTZOA: euskalduna naiz eta maite dut herria, oroz gainetik gure hizkuntza garbia. Odolean sentitzen dut oraindik ere halako hotzikara bat Ama Euskalerria bertsoak kantatzean, hiltzen ari den amari -euskarari- kantatuak. Gaur egun euskararen egoera ez baita altxaferuak botatzeko modukoa eta nik ere sentitzen ditut hitz horiek bihotzean iltzaturik, odola niri ere euskaraz mintzatzen baitzait.

ODOLAREN MINTZOA liburuaren aitzin-solasa Emil Larre iaz zenduak egin zion Xalbadorri, eta aurtengo Xalbadorren eguneko omenduetako bat bera izandu da. Xalbadorrek bazuela bihotz bat kezkaz betea idatzi zuen Auspoak argitaratutako liburu horretan, eta Xorino honek ere badu bihotz mindu bat kezkaz betea. Etxea eta familia ageri dira Xalbadorren bertsotan, baita lana eta nekea ere. Adiskide aunitzi idatzi zizkien bertsoak, hala nola Mattini, Lazkao Txikiri, Uztapideri eta abar luze lagunkoi bat. Euskara eta herria ere ageri dira bertsotan, ama euskalerriaz nahigabetua dela uztera doalakotz betikotz mundua…

Xalbadorrek berak erran zuen bezala, gogo iluntasuna zuen berak berezkoa, Jaungoikoak egina zuen horrelakoa; gisa guztiz horra hor bihotz maitekor bat, barren-barrenetik oihuz ari. Hemen bat egiten dut Xalbadorrekin.

Jainkoa eta fedeari buruz ere gogoeta sakonak egin zituen bertso idatzitan, fededun sutsua izaki. Gogoetalari indartsua, poeta, olerkaria eta irribarre eragile ere bazen; umorez edo ironiaz hartu zituen Donostian txistuak bere kontra, eta bertsozale txistu-jotzaile haiei maitasuna igorriz txalo bihurtu zituen txistu itsusi haiek. Bejondeizula, Xalbador!

Izan ere, Xalbadorrek denak zituen gogoan, bere bihotzeko guztiak: etxea, familia, adiskideak, euskara, herria, Jainkoa, fedea. Baina baita amodioa ere. Inoiz irakurri ditudan amodiozko olerki-bertsorik triste eta ederrenak ikasi nizkion Xalbadorri:

Amodioa gauza tristea, bihotzen higatzailea,
guziz enea bezala bada esperantzarik gabea.
Gizonarentzat hau baino malur handiagorik badea ?
Ikusten eta ezin eskura maitatzen duen lorea !…
Hunela bizi baino aunitzez hobe litaike hiltzea !

O, Jainko ona, zendako bada egin nauzu hoin maluros,
begien bixtan izar eder bat ezarri dautazulakotz,
ikus orduko maite nuena nik ditutan indar oroz ?
Harek ordainez ez du enetzat ez begi eta ez bihotz

nehoiz ikusi ez banu hobeko nuen ondikotz!

Oi, ene maite ezin ukana, zoin zaren xarmegarria !
Maite dut zure begitartea, maite zure boz eztia,
halaber zure irri gozoa, zure izaite guzia ;
zuretzat baizik ez dut begirik, zare ene iguzkia,
gau eta egun zuri pentsatzen deramat ene bizia.

Martxoko hormak galduko duen lore pollit goiztiarra,
ta eihartzerat bortxatua den aizeak hautsi abarra :
ene bihotza ez ditaikea gauza horier konpara ?
Nehoiz enea ez da izanen maitatzen dutan izarra,
hortaz oroituz maiz etortzen zaut nigarra begietara.

Aitortzen dautzut, ene maitea, goiz aski banakiela
etzintaizkela enea izan, bertze batentzat zinela ;
bainan halere maitatu zaitut, ez bainezaken bertzela ;
ene bihotza, bizi naizeno, izanen zaizu fidela,
zuretzat bizi ez banitaike, zuretzat hil nadiela

Amodiozko olerkiak idatzi ditu Xorino Kanthari honek, bihotz zauriturik eta ukendu gisa ikasi nituen bertso horiek buruz eta bihotzez. Gizon osoa, bertsolari izateaz gain, gogoeta, poeta eta irribarrea. Batez ere poeta eta olerkaria, idazle sentibera eta burutsua. Ez dut ezer bertsolaritzaren aurka, ni aski bertsozale bainaiz, baina bertsolari gisa ezagutu ez nuenez, Xalbador olerkaria goraipatu nahiko nuke eta bere bitartez poesia egin nahi nuke aldarri, poesiak estali dezala mundua, poesia baita dena eta ez dena. Eta nik ere maite zaituztet oraindik!

40 urte XALBADOR poeta zendu zela, XORINO KANTHARIA poetisa sortu nintzela.

https://www.antxetamedia.eus/radio/kronika/

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s