Irunen, 2016ko urriaren 21a, ortziralea

https://www.antxetamedia.eus/radio/kronika/

ainara-antxetan

HATSAREN POESIA

Hatsaren Poesian edozeinek idatz dezake; horretan datza Auxtin Zamoraren arrakasta eta handitasuna. Maisua da eta gu guztiok gara bere ikasleak.

OPI (edo VIP) jendea biltzen gara urtero liburu-egitasmo kolektibo honen barnean, Oso Pertsona Inportanteak alegia. Bihotzak egiten gaitu poeta, eta ez bertso bikainak egiteak, edo ez behinik behin horrek bakarrik. Eta zer miretsi behar dugu poeta batengan? Bere buru zorrotza, bere aholku jakintsua eta hiritarrak hobe bihurtzea. Artista aurkitzailea da berez, baina bada artearen barnean salbuespen bat: poesia. Poetak eraiki edo sortu egiten baitu. Polonieraz STWORKA Jainkoa da ezerezetik sortzen duena, eta hasierako S kendurik, TWORKA hitzak artista edo poeta erran nahi du; poesia ezinbesteko bizi-materia da, beraz.

Aurten 18. Hatsaren Poesia izan dugu apirilean, eta bizirik dago gugan poesia. Iazko Hatsaren poesia liburuko hitzak etortzen zaizkit bihotzetik hatzetara. Suak ez du bakarrik erretzen edo berotzen, argitzen ere du; isilean oihu egin dugu bihotzean sentitzen garela, isilean betidanik sentitu garela, egunero iristen zaizkigula ohiko mezu isilak, isilean jarrai dezagun isilean bidea irekitzen, isilean iraganeko ke beltzak garbituz indar bat orainera. Poesiak elkartzen gaitu gaurko adiskidetasunean. Gaur bizitzearen argira murgilduko naiz, ez dut hori besterik egingo; gaur izaten ari den bitartean. Bakarrik nago baina guztiekin. Guztien poesiarekin bat egiten dut, eta zinez iduri du batak begiez irakurtzen duela besteak betazalez idatzitakoa.

Udaren bukaeran gaudela iduri luke itsasoa ezin egonean ikusten dugulako, hasperen baten aire sakona laster egina da, eta orduan berehala ene ondoan zinateke. Poesia. Nere azal azpitik doazen melankoliaz egindako errekak begietara agertzen direnean poesia deitzen den negarra hazten zait.

Udazkena inor ohartu gabe ere heldu da, eta udazkena beldur da oharkabean; bedeinkatua erleen lanbidea, beti lorez lore hegan jainko ttipiak bailiran! Astunak nituenean oinak ez nion lurrari obeditu nahi, eta orain arindu naizenean ez dut lurrean itsastea besterik nahi. Bizitzan kulunkan nabil begiak itxi ezinik, eskuei oraindik zure lurruna dariela, memoria gara distantzia infinitoan, eta balada hau jo dizut, eta azalean idatzita utzi. Bizitzaren balada, bihotzetan atrapaturik dagoena, bizitzan galdurik sentitzearena… gertura zaitez, hitz egin belarrietara egunsentiaren galdaran, besoen artean ukituz larrua, elkartuko baikara. Amodio ezaren doinua. Bizitza hau guztia baita, gutizia edo delitu edo nahia, argi egin dezaket, argi, zure kostaldearen baitan oraindik, argirik gelditzen bada.

Egun hartan Iruñean elurra egin zuen. Lan eta lan, eta nik guztien aurrean indartsu, alai eta zalantza bako gisa azaldu behar nire burua. Ene jainkoa! Jakingo balute aurrealdean duten irakasle/tutore hau zeinen hauskorra, ahula eta makala den… nire urtebetetzean nire ondoan sumatuko zaitut eta maitatu inoiz inork inon maitatu ez duen moduan, elkar ukitu, ikusi, entzun, dastatu, entzun gabe maitatzen den modu gorenean. Hainbeste lan eta euskal tartarik niretzat ez? Muxu bat, Marisa.

Maitatuak garelako, izan, bagara gu, maite dugulako, bizi gara gu, bizi. Maitatzen hasi arte ez gara zinez bizitzen hasten. Hodei artean hegaka dabilen ainarak bere bidea topatuko du ostarte ederrean. Bakarrik, neure baitan isiltasunean, doinua entzuten dudanean ondoan ikusten zaitut, eta ni zu gabe. Taupada nabari dizut, baina zu ez zaude. Zauriak ugari ditut. Ai hemen bazeunde! Oraindik zutik dagoena, elkartzeko itxaropena da. Gaueko ordu luzeak ezin igaro, beti zure zain beti zu noiz etorriko.

Min bizia da biziarazten nauena. Hitz potoloak eta argalak, hitz argiak eta ergelak isiltzen dira surik gabeko sutondo zaharretan. Noiz arte? Hitzak hilotz hutsak dira, ordea. Infernuko gelan ateak zerratu dizkigu lotsak; leihoak tapiatu errabiak; fusibleak funditu minak. Argia nondik dator, orduan? Eguzkitik, jende onarengandik, zugandik. Beharrezkoa du argia landareak, eta beharrezkoa gizakiak.

I want to break free! Irabazteko sortuak gara, neurriak ez ditugu maite, ez da bekaizkeriaren garaia, irabazteko garaia da; odolezko ekia: arkatza eta paper gorrituaren leuna, odolezko ekien itzala. Eta aitzina doa… joan ginenak abiatü gira; joan girenak izan girade; joan girenak, gure herrian, zer ote horkoen soa? Joan girenak, deitürik omen, arrotzak, gosejaleak. Euskaldün populua nigar egilea beste menpean beti, apal egoilea, euskaldün populua mintzaje hazlea arbasoen lilia, lür baten bidea. Kontatü nahi dügü izarren elea, idatzi algarrekin biharko egia, kanta dezagün kanta gure ahaidea, haize berri batean hartüz melodia.

Atzo, egün, bihar haragiztatu da Jinkoaren hitza, berri ona, pitz dadin maitarzün haboro. Jin da atzo, hor da egün, harekin girade bihar. Zoriona gogo hunkigarria da, baina lazgarria ere bai. Ez dugu jagoiti algar ikusten ez algar berri emaiten ere. Hamalauko gerla eta gerla zibila horietan gazteria eder hura handiek ehortzi zuten, zibilizazioa zinez ukaturik, basakeria hutsean itsuki sarturik gerla zibilean zegoen Europa galdurik. Hamalauko gerla zinez itsusia euskaldunen ehorzle segur lazgarria, gerla goxorik ez da baina hau zen pisa!

Ez dago tren hotsik, ez da tren hautsik, ez dago agur esan beharrik. SMS bidez hitzen klasketatik idatziak izan zirenetik zutik ezabatuak jarraitzen diren haietaraino, idatziz eraiki, geroa asmatzen duen tresna erabiliz eraiki. Etzanik bakardade hutsean, etzanik. Antsolaenian urostasun goxoena tristezia beltzenarekin batera iantzan, arrankontruaren urostasuna eta betan berrehun urteko ezin ahantziriko tristeziaren oihartzuna nigan; Antsolaeniako arimak emaniko iguzki izpi bero horiek, eskaratz hori denbora lipar batez munduko zilborra bilakatuz, hilarteraino argituko naute amultsuki, iguzki izpiak sortzen nihaurrek ikasi artio. Oihartzunik gabe gauzak, nihaur mintzo artio zeren eskuaraz mintzaturik haritz, harri eta arnoz osaturiko eskuaraz xaharkituriko hormaz gero eta bortitzago ozenkiago eskuarago, oihartzuna nihaur, nihaur!!

Gizon, egunsentiak sortzeko gai izango zarenean, maitasunaren lurrin beroa sortzeko gai, egun horretan, gizon, egiaz izango zara gizon. Baina nurat joanen niz? Hire orhoitza ez balitz denari sua nezokok pitz, minak ere indarrak badik, anai! Eta gure lurrak minez altxor dik, hortik!

Sur l’herbe où le jour s’extenue l’arlequine s’est mise nue et dans l’etang mire son corps. Iraganen goxoaz orhoitzea goxoago biziarazteko hitz ezti guztiez aberats, orhoituz iraganen goxoaz. Hosto gorriak hegan bihotza dugu ipar-orratz. Batzuetan ez gara ohartu ere egiten zeinen hurbil daukagun eta aldi berean zeinen urrun, oso urrun, bilatzen duguna. Eta zer nolako laztanek laztu dioten muina! Idazten dut sentimenduak askatzeko, idazten dut bizitzeko eta nire bizipenak konpartitzeko. Esperantza ur hondoetako arrantza delako. Kriston txungo nagoenean aldirietako trenak hartzen ditut eta bozgorailuan Hawai Bombai Mecano piezekin egindako paradisua aditzen dut; spaghetti kuantikoak gara! Bagoaz eta bagatoz orain gora orain behera.

Zer da idazlea? Zer eduki behar du idazteko? Nola? Erantzuna Arekin hasten da: Ainara. Marearen oihartzuna. Zu zaitut; elkar maite dutenen ohea, alegia. Gaua, gaur da, eta eguna bihar. Gaur ere, atzo bezala, bizitzak deitzen gaitu bere ohiko batzarrera. Su izan nahi, eta banaka desagertzen diren heinean desagertuko naiz ni. Banaka apurtzen diren heinean apurtuko naiz ni. Hauek gara ni. Bihotz taupadak. Neguan kanpoan hotz egiten du, ireki zorionaren atea, su-bazterreko laratza izateko. Let me get know you. Amodioa ere olerki bihur daiteke. Let me get know you. Zu hain urrun zaude! Zure irribarrearen erresuman onar nazazu. Zure barkamenaren bila glaziar izoztuetan.

Neure burua behar izaten dut pentsatu, iragana hondoratu ostean ere banaizela ziurtatzeko, bizitza birtuala egiazko bizitzatik bereiztu ahal izateko. Neure burua behar izaten dut pentsatu, nire baitan den hori neu naizela jakiteko, neuk egin ezean neure buruaren alde beste inork ez duelako egingo, arrazoi guztien desarrazoiak akordatzeak egiten baikaitu gizaki, akordatzeak orainaren kartzelatik askatzen baikaitu. Bizitzeak ematen dio zentzua bizitzari. Gure hitzak balde horietan preso bizitzera ohitu diren karramarro beltzak dira.

Ttak ttak ttak okilak, uhu uhu uhuuu gauaz hontza; hontza eta okila bezala, irri handi batekin oihaneko zuhaitz urdin guzientzat kantatzen. Maiatzaren 13a Igantzin, euriaren plic ploc soinuarekin bat, mendiak bustitzen eta gu olerki hau idazten. Hasieran denak, osotasunak, hizkuntza bakarrean egiten zuen: maitasunaren hizkeran. Orduan izena eta izana ez zegoen bereizirik. Poesia bat egin nahian nire izpiritua badoa ametsetan, amatxi batek maitasunez egindako galtzerdiek su bazterrean izanen dute berotasuna eta poetika ilobatxoaren zangoetan. Maite ditugu maite gure bazterrak orduan hasten gira izkutukoa, gure artean diren bazter mingarriak ikusten. Orduan hasten gira gure artean zen lotura miresgarria askatzen uzten. Herriaren mintzairan azaltzen ez den erranak ez gaituela lotzen konturatzen. Orduan hasten gira ulertzen loturarik gabeko herria ez dela nehoiz askatzen.

Pinpiletak ez dira pinpilinpauxak ez tximeletak, baina horiek ere badira, izaki bizidun bereziak: uretan jaio eta airea amets duten pinpiletak, poetak!

Adanen ofizioa ebanista ote zen? Imajinatzen dut Jainkoa bere azken sorkaria egiten: egin dezadan zorria kolpe zorririk jo ez dezadan. Erabaki baitzuen plater bat thug-pa jatea, tugpamaroen izenean, jakina; jakin beharko baitzenuke landare bakarra dela ihia ihiktus batek jota hil daitekeena.

Argiaz blai! Argi urratze haize beltzetan kraskatzen entzutean, eguzkipean denboraren bihotza joka ari da Bettiri Handiaren hiri isilean. Jarrai itzazue olerkietan utzi dizkizuedan hatz-zantzuak, busti gaitezen inperfekzioen segadaz, orbainen mapak irakur itzazue eta etorri nire bila, ni zauriak zeharkatzeko prest nago. Ilargimina, tristezi sua, malenkonia, egia, bizitza, bidea, izatea, itxarotea, maitasuna, zalantza, egonarria; bizitzaren egutegia izerdiz blai, denboran unean unera: tatxarik gabeko denbora eta zauritutako denbora. Orain gaua, malgu, leun eta sendo. Orain!

Nostalgiaren arrasto bizia ez du denborak zeharo ezabatzen. Becherovka, garagardoa Txekiatik ekarritakoa. Ez zara bakarra, eta ederra da iluntasuna, ederra era berean argitasuna. Zenbat garen bageneki! Zer garen nongoak garen bageneki, zer izan nahi dugun bageneki! Lehenago ez ote dugu etsiko? Eutsi! Nork irekiko dizkit zorionaren ateak?

Nihaur nauk hire ispilu. Bizhitza. Ni ez naiz etsipen hura baina banaiz itxaropen hau. Egin ezazu nahi duzuna, ene maite, baina badakit zer sentitzen duzun. Elkar gaitezen! Ama ez da erditzen duena, baizik eta osatzen duena, ama izatea da naturarekin bat egiten duena eta dena ematen duena bihotzetik, bizitza ematen duena, ama izatea ez da seme-alabak soilik dituena, baizik eta lurrean sustraiturik dituena oinak. Gora Mari, Amalurra eta gutartekoa! Ama da sortzen duena eta ez jaioarazten duena… ala?

Ezin hutsunea bete giza izaera hauskorra delako. Malenkonia, ene udazkena! Zeu zara neguaren atea, urtearen ilunabarra. Newtonen hirugarren legeak olerkiaren mamia azaltzen du: Olerkia gorputza eta arimaren arteko tira da. Deus. Mundurat ekarri zintuen zoriak zure aurka jokatu zuelako, bihotza zatitu zizulako zu ametsez beteriko gaztea zinena. Eta zerbait gaizki egin bazenuen inork ez zizun horretaz ohartarazi, izan ere zu zeu ere ez zinen konturatu dena guztion onerako egiten zenuelakoan. Urrezko kalizan. Gure bizitza eternitatearen lipar bat besterik ez da. Non dago bada izatearen zerizana? Izatearen zerizana noizbehinka azaleratzen den taupada berezi bat da. Betiere nire poesia egunsentian oheratzen da, hasperen bakoitzean.

Hi, Luis Capet, Hamalaugarrena erresumaren eta Zuberoaren kaltetan bekaitzez hire eskolatuen herena erbesteratu. Apalkeriak jarraitzen Frantses errepublikarrek tiranoak miresten bai eta apaleriaz herrian ainitzek errege paradak gogoko nahiz haien odol eta izerdiz egin eta egiten diren jai ederrak. Noiz arte?

Ez nago pozik etxeko sarreran, eta ez ditut zure besoak aurkitzen. Barrua garbitu dut, barrua sendatu basoaren bihotzean. Ilargipean eki-lorea eki-bide bila. Antioko emankizunaren ostean, igarotako egun atseginaren memorantzan. Jarraitu sentitzen, bizitzen, eta batez ere IZATEN.

Laurogeiko urte mugitu haiek ez ditugu ez ahaztuko! Irungo gazte dinamikoak: hara Moskuko urrea! Agintariek ezin zituzten gazteon ahotsak ito. Sormen bonbaren eztanda uhinak zabalduko ziren zinez. Uztartu ditu alde ludiko eta ideien galerna! Herri saltsero eta matxinoa han luzaz eser dadila! Horren aurrean agintariak izan ziren, bai, zabarrak. Moskuko giro hura joan arren oroitzapen onak dauzka!

Zer bidaia bizia, bidaia handia! Alegera, samina, beti da berria. Eta hatsaren soinuaz gizakitzen zaizkigunez, ni argi eta itzal bihurturik, ene zain dagoen bihotz urtsu gaziaren taupadak entzunik, etorkizunik ikus ez dezadan, iragana garbiki ager dakidan aitzinera abiatu nahi baitut. Atzo Oteizaren emaila jaso nuen, etzi bidalita.

Ezkaba 1938. Hil ala biziko kinkan prestatu zuten ihesa: hogeita hemezortziko maiatzak hogeita bia. Bizitzeko kuraia behar da, hiltzeko ere bai. Bizi! Bizi nahi nuen bizi! Herenegun neska, atzo ama, egun amatxi, bihar inguma!

Harri eta herri. Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde eta debalde ematen diot herriaren belarriari. Zure askatasuna nahiko nuke beti, nire zirkunstantziak noiz edo noiz begiratu dituzun bezala ikusteko. Ez ahaztu, mesedez. Ez ahaztu. Ahazten banauzu hilko nauzu betiko. Begira nazazu, berriro. Astiro. Ez zaitut hainbeste ezagutzen. Oroitzen banauzu, beraz, ez naiz inoiz hilko. Loreekin, edo gabe. Eta beti egongo naiz zure altzoan. Begiak ixten ditudan bakoitzean. Mugak eta denborak hautsirik isurtzen naiz zugan, zure egiten nauzu: preso. Eta ni zoriontsu! Zurea nauzu, nirea zaitut. Eta ni zoriontsu! Denbora ez zaigu denoi garai berean etortzen.

Aiako Harrian bada sekretua: antzinako dama bizi da bertan. Eta muturrak hautsita idazten ditut barrutik etorritako poemak. Ez naiz poeta. Isiltasuna. Jendearengan begi aurrean daukagun guztian sinesteko beharra, bizitzeko indarra. Elkar enthelegatzeko nahia düzügu gako. Gaur egingo dot kanta horreetariko bat ezebez ez dabezanak kanbietan egiten dauana baino.

Zortziak bat, bihotzak agindu dezan, kanpoan zabiltzatenon maitasuna daukagu, indar hortaz baliatuz lortuko dugu elkartasuna. Irria. Aitago egin zaitu aitaren heriotzak ezustean, bortz urteko semearen galderen aitzinean. Aitatik aitara. Betiko iturrira itzuli egin behar izan dut. Esne bidean maitasunezko gauzen bidez gure bihotzetik gauza txarrak bitez. Negu-neguan denboraren joan-etorrian odolaren mintzoan maitasuna ez dagoen bitartean hil zorian.

Agur ez, hobeto ez, ez ahaztu hemen zain geratzen garela, beste bat arte, udaberrira arte, olerkari, apirilera arte! Bardoitzako andere hau sorminetan dela, ez bakarrik eguzkiaren erditzeko baina gure ametsak lur barnetik jalgiarazteko. Emazte, gizon, gazte eta zahar, HATS berak elkar bildurik. Aitzinakoen eremuetan hor ginauden bat eginik. Haurminetan den amaren eta umearen bizi HATSA. Olerkizale! Zuei eskuminak, zuen HATSA bizi dadin.

Egia errateko, iritzi-artikulu hau iazko 2015 hatsaren poesia liburuan parte hartu dugun guztiok idatzi dugu.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s