Irunen, 2016ko buruilaren 30a, ortzirala. Idazteak salbatu nau…

Egunkari maitea,

idazteak salbatu izan nau desamodiotik, baina hemendik aitzina, zer?

http://info7.naiz.eus/eu/info_i7/20160930/inoiz-ez-naiz-egon-zer-idatzi-ez-nekiela-euskar

Ainara Maya
Ainara_maya
“Inoiz ez naiz egon zer idatzi ez nekiela, euskaraz idazteak beti salbatu bainau”

Euskaraz idazteak salbatzen duela esanez hasiko litzateke maitasun istorio eder bat Ainara Mayaren arabera, ilun, baina amaiera zoriontsu batekin, argi.

2016/09/30 13:17

Horrez gain, aurtengo urteari erreparatu eta nabarmendu du bisurteak direla akatsak zuzentzeko aukera ona, aurreko urteak amaiera zoriontsua izan ez bazuen, bisurtea aurrekoaren errepikapena izan dadin, baina amaiera zoriontsu batekin idazten du euskaraz. Poesiak salbatu izan du Maya desamodiotik eta desesperaziotik, eta orriak eta orriak idatzi ditu Europaren bihotzeko negu udaberrituetan.

 

EUSKARAZ IDAZTEAK SALBATU NAU


Horrela hasiko litzateke maitasun istorio eder bat beharbada, ilun, baina amaiera zoriontsu batekin, argi: “Noraezean nabil, iazko udazkeneko atsekabe sentimental batek pixkanaka ahuldu nau, eta aurtengo udako berri txar batek goibeldu ene bihotza. Karta guztiak jarri nituen benetako maitasun bategatik, bihotza eta ene barneko altxorra eman nion ene maiteari, eta geroztik bere eskuetan nago, noraezean, edo hondarbiarrek erraten duten bezala, karta galdua.”.

Bisurteak omen dira akatsak zuzentzeko aukera ona, aurreko urteak amaiera zoriontsua izan ez bazuen, bisurte hau aurrekoaren errepikapena izan dadin, bis, baina amaiera zoriontsu batekin idazten dut euskaraz.

Zer idatzi ez dakidan honetan, kopetako nire ile-gurutzari heldu eta pentsatu dut bisurte hau izan daitekeela aurreko urtekoaren berdina, baina amaiera zoriontsu batekin. Amaiera zoriontsua izan dezan, idatzi egingo dut, egia bilaka dadin.

Inoiz ez naiz egon zer idatzi ez nekiela, izan ere idazteak beti salbatu izan bainau desamodiotik, poesiak salbatu izan nau desamodiotik eta desesperaziotik neure buruaz beste egin ez nezan, eta orriak eta orriak idatzi ditut Europaren bihotzeko negu udaberrituetan, negar egiten nuen eta ondoren idazten nituen hau bezalako olerkiak, negua udaberritu zedin:

Gaur berriro negar egin dut

lagun minarekin amets egin eta negarrez jaiki naiz goizean goiz

haren ondoan jaiki ez nintzelakotz.

Asko maite dut, beste inor baino gehiago beharbada

eta horregatik onena opa diot maite horri.

Hori baita maitasun adierazpen handiena,

maitatuari onena opatzea,

neurri gabe eta baldintzarik gabe

askatzea.

Maitasuna neurrigabea eta askatzailea da

eta ez paper bat sinatzea aldarearen aurrean edo kode zibilaren gainean.

Inor ez da maitasunagatik ezkontzen, ala?

Ez dut toki erromantikorik behar

zoriontsu izateko

maitemintzeko,

aski nuen zurekin pasatutako edozein momentu eder oroitzea,

zure aurpegia,

zure arima,

zure irribarrea ziren

maitemintzeko toki erromantiko horiek.

Ez dut toki erromantikorik behar orain,

aski dut zu oroitzea,

zurekin igarotako une zoriontsu bakoitza.

Zergatik maite dut beste inor baino gehiago

eta hark ni ez dakit?

Bitxilore zenbait aletu ditut,

batzutan bai, bestetan ez”

esan didate bitxiloreek, ene lorerik gustukoenak.

Idazteak salbatu ninduen desamodiotik, poesiak salbatu ninduen, baina jada ez nau salbatzen ezerezetik, noraezetik. Amodioak jota edo erabat maitemindurik nagoelako noraezean edo karta galdua nago ene maite isilduagatik, baina haren itsasertzera eramango ahal nau bizitzaren itsaso honek noizbait!

Ez baikor ez ezkor, izan nadin neu, atxik neureari! hori erran dit iragan asteburuan Donibane Garazi aldeko lagun batek. Izan ere baikor eta ezkor muturrekoen artean izateko modu asko dago, eta tarteko horiek bilatu behar ditut neure buruarekin ongi egoteko eta beharbada ene maitea itzul dadin nigana, gure akatsak zuzenduz, bigarren aukera bat izan dezagun Facebook eta intenetetik kanpo.

Horrela bukatuko litzateke maitasun istorio eder hau: “Karta galdua. Noraezean. Oraingoan badakit ez dela aurrekoetan bezalakoa; oraingoan badakit ez dela desamodioa, ez dudalako gehiago idazteko gogorik eta idazteak ez nauelako salbatzen. Oraingoan benetako amodioa ote? Bisurte, zorion urte ote?”.

bi-orkidea

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s