Egunkari maitea,
hileroko nire euskarari buruzko hausnarketa plazaratu dut gaur INFO7 irratian, gureaz blaitzeko gogoz. Hona hemen irratsaioa eta beherago ene testu originala:

Euskarazko hitzekin lotutako bitxikeria bat ekarri du Ainara Mayak.
Oreretako emakume baten esanari tiraka, ‘esposatzea’ eta ‘ezkontzea’ hitzen diferenetziei heldu die. Izan ere, esposatu elizatik egiten omen da, eta ezkondu, ordea, ohetik. Joana eta Martin bikote maiteminduak ezkontzeko egin zuen itunak ez zuelako askorik iraun, Martin beste norbaitekin esposatu zelako gero. Baina euskararen erregistro berezkoei egin dien erreferentzia interesgarria izan da, euskara baliatzeko moduek eragin bat edo bestea dutenaren erakusle baita istorioa.
Gureaz blai
INFO7 IRRATIA
2016/05/16
EZKONDU NINTZEN OHETIK
Oreretako emakume baten errana dela entzun dut txutxumutxu baten gisa, esposatu eta ezkondu ez direla gauza bera; izan ere, esposatu elizatik egiten omen da, eta ezkondu, ordea, ohetik.
1547ko dokumentu batek bi gauza erakutsi dizkit: bata, Utergan, Nafarroaren hegoaldean, euskara egiten zela. Bestea, ezkontza bi pertsonaren arteko maitasun-aitortza bat zela soilik, elizara edo udaletxera joan beharrik gabe, bikotea aurrez aurre elkarri bizi arteko zina emanez. Sanpedrotan Joana eta Martin maitemindurik zeudenez, biak aurrez aurre eskutik heldurik elkarri zin egin zioten toka eta noka:
“Nic Martin y Joanna arçenaut neure alaroçacat eta hic arnaçan yre esposocat eta prometacen dinat ez verce emazteric eguiteco y vaycen vici naycen artean eta guardaceco lealtadea. ala fedee ala fedee ala fede.
Nic Joanna y Martin arçenaut neure sposocat eta hic arnacac eure sposacat, eta prometacen diat ez verce senarric eguiteco vici naycen artean eta guardaceco lealtadea. Ala fedee ala feede, ala fedee.”
Dokumentu hori ezkontza baten zin ematearen afera edo auzi batean agertzen zaigu, eta bertan lekukorik gabeko ezkontza bat gertatu zela kontatzen zaigu. Joanak gero gurasoak lekuko ezkondu nahi zuen, baina Martinek utzi zuen Joana, handik hilabete batzuetara beste batekin esposteko, beharbada zuka, formalki eta legezko beharrezko lekuko guztiekin elizaren aitzinean.
Ni ere ez naiz oraino esposatu, baina lekukorik eta isil ezkondurik segitzen dudala erran daiteke, erabat maitemindurik, eta espero dut nire “Martin” ez ni uztea.
Gauzak horrela, erran beharra dago hika erabiliz eta bihotza eskuan ezkontzea ez dela zuka eta urrezko eraztunak hatzetan esposatzea bezalakoa. Nik aukeran nahiago dut ezkondu, espostu baino. Eta zuk?