Irunen, 2016ko apirilaren 20a, asteazkena. Hemen nago zuretzako…

Ainara_maya
“EZIN IHES EGIN NORBERARENGANDIK, EUSKARAREKIKO ETA HERRIAREKIKO MAITASUNETIK”

Euskal bertsolaritzaren historian, “izoztutako lore” gisa definitiu du Ainara Mayak Joxe Mari Lopetegi Irungo bertsolari errepublikarra.

 

2016/04/20 14:15

Ahaztuta ez badago ere, ezkutuan gordeta geratu dela iruditzen baitzaio. Baina Joxean Elosegik errepublika garaiko Lopetegi bertsolariaren bertsoz betetako liburua argitaratu zuen 2006an, eta lana gutxi zabaldu bada ere, “bertso bikainak” omen daude bertan. Ikasgai bat atera du horretatik Mayak, gure esku omen dagoelako egiten dugun guztiaren emaitza; eta gure esku ez dagoena besteek egiten dutena delako. Eta Lopetegik faxisten erasoak jasan behar izan bazituen ere, baikor bizi izan zen eran bizi beharko genuke euskaldunok.

Gureaz blai

INFO7 IRRATIA

2016/04/19

IZOZTUTAKO LOREA

Izoztutako lore horietako bat da euskal bertsolaritzan Joxe Mari Lopetegi irundar bertsolari errepublikarra. Ahantzirik ez beharbada baina ezkutuan gordea, eta izozkailu bateko bitxilore bat agertu zitzaigun iragan asteazkeneko Oiasso museoko Joxean Elosegiren hitzaldian.

Errepublika garaiko Lopetegi bertsolariaren bertsoz betetako liburua argitaratu zuen Elosegik 2006an, eta ordutik hona gutxi zabaldu da haren lana eta bertsogintza, baina erran beharra dago bertso bikainak daudela bertan. Lau haizetara banatu nahi lituzke Elosegik Antonio Zavala bertso-biltzaileak jaso ez zituen Lopetegi bertsolariaren bertsoak eta grinatsu ezagutzera eman. Hamarkada luzetan izozturik egondako lorebitxia orainez guztiz busti eta eta gure kopak bete ditzagun, desizozteko memoria.

Arrosa basatien petaloen lurrina erabili ahal izango dugu zerbitzatu aurretik edalontzi bete uretan jartzeko izoztutako lorea, eta horrela desizozteko. Irribarre dardarati bat izoztu zitzaidan ezpainetan Elosegiren hitzaldian, Lopetegi errepublikar sutsua bertsotan aritu baitzen Errepublikaren aldeko mitinetan, eta bere azken urteak deserrian igaro baitzituen. Maitasun-sustraietan sarturiko etsipenak idortu ezina den negar-izerdia sumatu nuen bizkarrezurrean beheiti.

Gure esku omen dago egiten dugun guztiaren emaitza; gure esku ez dagoena besteek egiten dutena da, eta horrela maitasunik ez badago ere, nik jartzen dut maitasuna. Elosegik zioen bezala, Lopetegi bertsolaria baikorra zen, nahiz eta faxisten erasoa jasan behar izan zuen, eta frankismoaren ondorioz bere Irungo Santiago kaleko bat zenbakiko etxea galdu. Baikorra zen Lopetegi, eta Errepublikan zuen fedea Euskadin askatasuna izan genezan.

Dena delarik ere egoera, horren arabera bizi behar dugu ahalik eta ongien, bizitza tango bat eta heriotza pasodoble bat bada, dantza gaitezen arin-arin eta aitzina beti zoriontsu. Ezinezkoa ihes egitea, nahiz eta deserriratu, norberarengandik, eta norberaren bihotzarekin batera gure maitasuna, euskararekiko, herriarekiko eta bikote nahiz familiarekiko maitasuna daude.

Horrek guztiak bultzatu zuen Lopetegi bera bertsoz aritzera, eta ni ere horrela nabil hortzak kazkaraka eta bihotza daldaran, minutu batzuk hartu ditut Lopetegiri buruzko hitz hauek idazteko eta nolabait ere hura omentzeko. Folio sorta bat dut nahi adina olerki idazteko eta maite nauen norbait ozeanoaren bertzaldean ere bai, horregatik idazten dudala uste dut. Baikor naiz maitasuna dagoelarik ene bihotzean, Lopetegi bezala. Itxaropena eta fedea etorkizun hurbilean.

Udaminez hiru bisita izango dituzu, entzule: osasuna, bakea eta maitasuna. Izan zaitez abegitsu, otoi, haiekin, eta nirekin maitagarri. Negutik atera gara eta desizozten ari da lore bitxi hau. Udaberria oparo eta opari izan dadila!

Maitasunaren eta poesiaren ibai berean elkarri laguntzeko gaude, elkar laztandu eta maitatzeko, begiratu gabe nori, begiratu gabe nora, baina itsaso bat haratago begira nago ni.

 

 

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s