Egunkari maitea,
ilargi betearen eraginpean lo egin ondoren, hona hemen hileroko nire euskarari buruzko hausnarketa INFO7 irratian:

Euskaldun eta idazle izatea iraultzaile izatea dela uste du Ainara Mayak, idazle horrek bere buruarekiko nahiz euskal kulturarekiko engaiamendua erakusten duelako. Aitzitik, ez zaio iruditzen engaiamendu hori politikoa soilik denik, herri bati nortasun berezia ematen diolako bertako herritarren mintzairak, herri horretako naturarekin batera, noski. Hainbat sortzailek Beran aurkeztutako Euskal Herriko Atlas Geopoetikoak eman dio zer pentsatua, eta baturik ez dagoen Europaren baitan, euskal sortzaileek duten funtzioa nabarmendu du.
Gureaz blai
INFO7 IRRATIA
2016/01/22
EUSKAL HERRIKO ATLAS GEOPOETIKOA
Behin entzun nuen egiazko idazleak bere ama ere akabatu behar badu, bada akabatu dezala eta kito, baina norbere buruarekiko errespetua izatea da funtsezkoa, norbere benetako esentzia erakustea. Idaztea haur-ekintza bat da, oinarrizko gauza, eta oinarrizko eta funtsezko gauza guztiak bezalaxe, iraultzaileak dira bizitza bat eraikitzeko.
Euskaldun eta idazle izatea iraultzaile izatea da, eta biak batuz gero, iraulitako lurra emankorra izan ohi da, beste batzuk sortzeko. Iraultzailea da idazlea berekiko engaiamendua duelako, eta era berean euskalduna iraultzailea da Euskal Herriarekiko eta euskal kulturarekiko engaiamendua duelako. Horrela bada, nik diot umil ezin dela aske izan zerbaiti edo norbaiti lotu gabe, eta lotura edo engaiamendu horrek iraultzen du lur agorra, lur geldia, lur isila.
Engaiamenduaz ari naizelarik, ez naiz ari engaiamendu politikoaz, edo ez politikoaz soilik behinik behin; iragan igandean Vissler, Laskarai, Etxekopar eta Galtxetaburu laukoteak Beran aurkezturiko Euskal Herriko Atlas Geopoetikoaz ari naiz, euskal herriek berez duten izen eta izanaz alegia. Herri bakoitzari zerk ematen dio nortasun berezia? Errekako urak, kasu batzuetan, baina gehiago bizizaleek eta jende hauen eleek, mintzairak eta euskalkiak. Euskal herri bakoitzaren poetika azken batean.
Züek heben, ni hor, eta hura han. Barkoxe hor eta gü han. Hura han eta ni hor, Orhi han eta gü biok hor, elerik gabe ez niz nihor, aüzorik gabe ni bertan agor. Züek heben, aldiz, argia piztürik, züek heben gü mintzatürik, züek heben gü berrikatürik, züek heben hitza ez erdoilatürik. Züek heben!
Oihukatu zakon Mixel Etxekoparrek ikusentzunezkoaren amaieran. Noraezean bezala, karta galdurik iritsi nintzen Berako kultur etxera, eta neure poetikara, neure baitara itzuli nintzen Etxekopar eta konpainiaren musika eta poesiarekin. Iraulirik bihotza eta funtsa, ni ere iraultzaile naizela ohartu naiz, euskaldun eta idazle izatea iraultzaile delako, ez delako erraza, baina funtsezkoa baita baturik ez dagoen Europa honetan Euskal Herriko Atlas edo Karta Geopoetikoa batzeko eta iraultzeko asmoz euskaratik eta euskaraz. Poesia bihotzean.
POESIA GURPILEN GAINEAN
Oraindik bide aunitz dago egiteko:
elkarrekin aurre eginen diegu erronka berriei
gurpilen gainean?
Oraindik bide aunitz dago jarraitzeko:
aspaldi hautsi zen anfora,
aspaldi puskatu nituen zapatak,
eta zapata puskatuekin darrait bidean, bakarrik.
Bakarrik ibili nahiaren ondorioz,
zuloetatik ateratzen zaizkit behatz punttak,
eta lehendik urratutako bidean sortzen dudan hautsarekin
saiatzen naiz zapata zulatuak disimulatzen.
Oraindik bide aunitz dago
helmugara iristeko:
bakarrik egin behar dut bidea
geltoki bat aurkitzeko
mendebalderako trena?
Han aurkituko dut jendea,
eta haien artean gurasoak, anaia-arrebak, lagunak eta ene maitea.
Elkarrekin aurrera eginen dugu eta erronka berriei erantzun.
Baina oraindik bide luzea dut besteekin elkarretaratzeko.
Agian, ez dut lortuko,
eta bidean geldituko naiz beste asko bezala
burezur fortunagabeen aldamenean etzateko eta betiko atseden hartzeko,
helburua lortu gabe
etorkizuneko trena erdietsi gabe
gurpilen gaineko zirrara zer den jakin gabe
etzanda, hilik bezala, geldituko naiz.
Desertuan.
Erabateko desertuan, erabateko bakardadean.
Geltokiak eta geltokiak ikusten, pasatzen ari da denbora.
Leiho batetik ikus zitekeen moduan ikusten ditut geltoki aunitz.