Irunen, 2015eko abenduaren 14an, astelehenez… egunak luzatzen hasi omen dira atzotik!

Eguneroko maitea,

hilabeterokoa bilakatu zara, oraingo honetan ere INFO7 IRRATIrako egindako nire euskarari buruzko hausnarketarekin. Nire aurrekoez, eta amatxiez, oroiturik, euskara batua pixka batean alde batera utzita, ahozko nire jatorria berreskuratu nahian:

AMATXIREN MINTZOA BIHOTZETIK AHORA

11014809_10207391759341151_277096781655866140_n

Gureaz blai

INFO7 IRRATIA

2015/12/14

AMATXIREN MINTZOA

Oroitu, inoiz ez dela berant amets egiteko, eta beti dela garaia ametsak eraikitzeko, gau eta egun familia eta lagunarte giroan pasatako garai eta denbora onak gogo-bihotzean hartuz. Noizko dugu gure arteko hitzordua, amatxi-biloba gisa?

Amatxiren mintzoa bihotzetik ahora datorkit, ezagutu ez nuen Amaiurko amatxiz oroitzean. 1895eko azaroaren 15ean sortu zen Amaiurren sei haurrideetan laugarrena, eta aita zurgina zuen. Euskaraz sortu, bizi eta hil. Itzalosko bordara gan zen Iruritako Joxe Mayarekin ezkondu ondoan, eta han eguneroko baserriko nahiz larreko lanez gain, ardi-gasna egiten zuen egunero, gehiena saltzeko. Isila, langilea eta ona omen zen, eta haren antza omen dut fisikoki ere bai. Haren mintzaira egiten ez badut ere, saiatzen naiz amatxi haren mintzoa bihotzetik ateratzen ahoratzeko.

Amatxiren mintzoa bihotzetik ahora datorkit, ezagutu nuen Donamariako amatxiz oroitzean. Donamariako Berrau baserrian jaio zen 1917ko ilbeltzaren 8an. Oitzera ezkondu zen hamazazpi urtetan, eta hamabi seme-alaba izan zituen. Beraren antzik ez dut fisikoki, baina Amaiurko amatxirekin ez bezala, Donamariako amatxirekin askotan egon nintzen, eta bere kontuak Malerrekako mintzairan entzuteko aukera izan nuen: “Nik zuen uskara hori ez dut enteintzen” maiz erraten zidan, eta orduan ni saiatu nintzen pixkanaka bere uskarara hurbiltzen, 2010ean hil zen arte. Haren ahotik hainbat kontu entzun nituen, eta amatxi Bittoriren ahotsak entzuten ditut barnean:

  • Bittori! Bittori, hator hunata! -Txoklak jauntzi, eta oraindik ere makarrak begi ertzetan, barneko lihozko soinekoaz jaisten zen eskailburura Bittori neskatoa. Amaren oihuek esnatzen zuten, ez zekielarik zer nahi ote zuen ere. Beno, edo bazekien bai. Goizero bezala, herriko eskolara joan aitzin, larrainera joateko eskatuko zion, egur bila-edo, sukaldea pizteko. Lau anai-arrebetatik zaharrena zen, eta oraindik hamar urte ez zituen.

  • Bittori, mesedez, ekarridan saski bete egur, zuentzako gosaria prestatzeko. -Han joaten zen soto aldera, amaren gosari goxoan pentsatzen, behi-esnez bustitako artopila goxo-goxoa… ummm… klin klan klin klan eta zurezko txoklak lurrarekin bat egiten zuteneko hotsa bidelagun. Gosaldu ondoren, herrira jaisten zen belagian beheiti, txoklekin eta bizkar gainean berokia harturik letrak eta numeroak ikastera. Oroitzen zen batez ere udazken hastapenetako goiz nabar haietaz, belagiak ere halako kolore magiko batez janzten zirelarik, eta bere orduko zurezko oinetakoak tris-tras asotsa ateratzen zutelarik belar idorrarekin arraskatzean.

1934ko urriaren 18an Oitzera esposatu zen, bertako Francisco Urroz Ariztegirekin: hamabi seme-alaba eduki zituzten, eta haien bitartez hogeita sei biloba eta bederatzi birbiloba ditu orain ez daki jada zein zokotan.

  • Patxiku, gaur ere bai?

  • Zer?

  • Gaur ere luzatu egin zarela mus saioan, eta muturra pixka bat berotuta zatoz, gainera. -Eta hori erranez batera, muxu eman zion masailean emazteari, maitekiro, ahanzteko erranen balio bezala. Izan ere, bere Patxiku senar maitea hagitz langilea izandu zen beti, baina beti ere igandetako bazkalondoko mus partidaren baldintzarekin. Horrela, herriko lagunekin solasean, irriz eta kantuz egoten zen kartak eskuetan eta zigarroa nahiz patxarana mahai gainean.

Esposatu zenetik, Oitzen bizi izandu zen beti, Etxezarrean; eta bertan, bere garaiko andre gehienak bezalaxe, labrantza eta etxeko lanez arduratzen zen. Zer erranen dizuet bada nik? Bizitza lasaia eraman zuen arren, badira halako pasadizo xelebreak anekdotario batean biltzeko; nork daki? Agian bere ondorengoren batek aterako ditu, baina horretarako idaztea gustatu beharko zaio.

  • Aizu, amatxi… kontaidazu zerbait…

  • Zer nahi dun kontatzea, neska! Baten bat baino gehiago oroituko dela nik herrian hedatzen nuen orrazkera modaz.

  • Moda abangoardista, ezta?

  • Jesus! Zuen euskara batu hori ez dinat batere enteintzen. Moda, horra! Baina ez pentsa gero herritik atera ez naizenik! toki zoragarri aunitz ezagutu ditut jubilatuen elkarte horren bidez… Arkupeak. Bertako Oitzeko delegatua izandu naiz hamar urtez.

  • Eta?

  • Eta, eta poeta! Emanen ñet nik hiri bai kontu eta ipuin franko!

Durangoko azoka igaro berri den honetan, ni neure aurrekoez oroitzen naiz, eta euskara batuaz nahiz liburuez pixka batean ahanzteko gogoa sartzen zait, ahozko euskal mintzaira jatorra miresten baitut; nire amatxi biren mintzaira bihotzean, hori kanporatzeko gogoa dut.

Ezagutu ez nuen amatxi hark gasna egiten zuen eskuekin, eta ni, berriz, letrekin dantzan ibiltzen naiz egunero. Amatxi da enetzat zuhaitz bat bezain zaharra. Nigandik haratago oihana. Bertara joan naiz ametsen indarraz, eta zein ederra den oihanean egotea! Milaka urteko zuhaitzak hosto berde berriekin babesten, eta txoriak kantuan euren kumeak bazkatzen. Luzaro egon naiteke zuhaitz artean antzinako arbola bat badelako, eta zuhaitzetatik dilindan hostoz hosto amatxiren hitzak eta historia, nire isiltasuna eta etorkizuna elkarrekin dantzan.

Ai, Amaiurko amatxi Eugenie zenak bederatzi seme-alaba izan zituen, denak euskaldunak! Nik haren laurdena egingo banu… amatxiren mintzoa nigandik haratago ere segi dezan! Nigandik honatago zu, amatxi. Zugana joan naiz, zure istorioak zure mintzairan entzutera, laztan berriekin besarkatzen eta nire bihotzeko taupadek gure maitasuna kantatzen. Luzaro egon nintekeen zure ondoan historian badelako emakume gogor bat eta historiatik dilindan laztanez laztan zure historia eta hitzak, nire etorkizuna eta isiltasuna batera dantzan.


Ametsek ez dute kartzelarik
ezta ere desioek itzalik,
nork aterbetuko ditu
gure esperantzak, 
guk baizik? 

http://info7.naiz.eus/eu/info_i7/20151214/ainara-maya-lan-egingo-dut-nire-amatxien-mintzoak-nigandik-harago-ere-segi-dezan

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s