Egunkari maitea,
hileroko nire euskarari buruzko hausnarketa plazaratu dut INFO7 irratian gaur.

Euskaldunok independenteak izan nahi dugula diogunean, ez dugula bakarturik bizi nahi uste du Ainara Mayak.
Hargatik, independentzia eta hizkuntzaren egoera lotu ditu, eta galdera egin digu: “Prest ote gaude bertze gauza batzuei uko egiteko askatasunarengatik?”. Mayaren ustez, euskara dependentea da eta bi gaztelania eta frantsesa independenteak, bi estatu independenteek sostengatzen dituztelako, hargatik, independentziak tresna izan behar luke gainerako estatu independenteekin hizkuntza harreman orekatua izateko.
INTERDEPENDENTZIA
Euskaldunok benetan nahi ote dugu independenteak izan, Euskal Herria beregaina izan dadin, munduan zehar edozein zokotan enbaxadak izan ditzagun, eta Etxepare Institutua ez dadin izan gehiago Cervantes Institutuaren menpeko?
Nik diot ezetz, ez dugula bakarturik bizi nahi. Izan ere, independentzia indibidualak nahiz kolektiboak hori erran nahi baitu, bakarrik gelditzea. Hori irakurri nion behin Gabriel Korta Rekarte euskal poetari bere poema-liburu batean, Elurra galtza motzetan, askatasunak bakardadea dakarrela. Prest ote gaude bertze gauza batzuei uko egiteko askatasunarengatik? Egia da askotan bakardadea ez dugula hautatzen, eta aske ez gaudelarik, bakarrik gaudela halabeharrez, amodioz preso edo kartzela-politikagatik preso.
Behin, euskal komunikabide ezagun batean, Unai Parot euskal preso politikoak hizkuntzari buruzko hausnarketa ona idatzi zuen artikulu batean, erdara maitea izenburupean. Orain arte euskara salbatzeko ahaleginetan denak balio zuela-eta, euskaldunok erdarakadarik gordinenak ere onartzeko prest geunden, baina nago jarrera horrekin ez ote dugun gehiago indartu erdara eta erdal herria. Erdarekiko menpekotasun handiagoa dugu, eta euskal sena ahuldu hitz berriak sortzeko orduan.
Gauza berbera gertatzen da lurraldetasunari dagokionez. Nahasi egiten ditugu dependentzia, independentzia eta interdependentzia terminoak, independente izateak beldurra ematen baitigu ene uste apalean.
Beldurra ematen dit bakarrik gelditzeak eta inork maitatu gabe bizitzeak, eta uste dugu independente izatea helburu dela, baina ez da hala. Independentzia tresna edo bitarteko bat bertzerik ez da interdependentzia lortzeko, independenteak eta beregainak garenon arteko harreman errespetuzkoa eta maitasunezkoa erdiesteko.
Txillardegik berak ere lurralde-politika eta hizkuntza-politika nahasi zituen, eta hark erran zuen Euskal Estatu independente batekin beharbada euskara ez zela salbatuko, baina Estatu beregain bat gabe seguru ezetz. Euskara independentziarik gabe ez dago gaztelaniaren eta frantsesaren pare, ez daude hiru hizkuntzak maila berean, eta herritarrengan ez dute prestigio bera, nahiz eta ofizialtasuna egon. Euskara dependentea da eta bi erdara horiek independenteak, bi Estatu independenteek sostengatzen dituztelako. Horregatik, ezin da erran Euskal elebitasuna dagoenik, independentziarik gabe, diglosia baizik, eta diglosiak higadura eta nekea dakar euskaldun elebidunongan. Egunerokoak herrestatzen gaitu euskaldunok oharkabean, eta ez dugu ausardiarik independente izan nahi dugula aldarrikatzeko eta horrela bizitzeko. Berdintasun-egoera batean, independenteen arteko harreman-egoera batean alegia, euskararen osasuna hobea litzateke, ene uste apalean.
Baina, erran bezala, independente izateko ausardia eta konfiantza behar dugu, prest egon bakarrik gelditzeko une batez bada ere. Prest al gaude horretarako?
Ni prest nago. Eta ez dut ilerik moztuko, nire seme-alabak euskaldun sortu eta hazi arte!
2015/11/21 19:30
Bi laburmetrairen aurkezpena eta Pottoka&Eskortz bikotearen kontzertua azaroaren 21ean Iruritan
2015-11-20 10:58 Kultura Baztan Irurita
Jauregiarte tabernan larunbat arratseko 7:30etik aitzinera
Kultur hitzordu bikoitza izanen dute azaroaren 21ean, larunbat arratsaldeko 7:30etik aitzinera Iruritako Jauregiarte tabernan. Lehenik, “Maddi eta Patxi” eta “Lamierrekan” laburmetraien aurkezpena eginen dute eta segidan, Pottoka & Eskortz bikotearen kontzertua.

Laburmetraiak
Maddi eta Patxi laburmetraian, hainbat gai desberdin jorratzen dira bertan: kultur aniztasuna, identitatea, hizkuntza, herrimina, arbasoen arrastoak, ingurugiroa, ekologia, lana, sare sozialen erabilera, herrialdeen arteko trukeak (nazioarteko harreman), migrazioa (emigrazioa-imigrazioa, binomioa), gazteen egoera, maitasuna, …bezalako gaiak jorratzen diren laburmetraia da.
Mitologiaren barnean barneratzeko irudi-bilduma baten panoramika dugu, Lamierreka laburmetraia. Leitzaran bailararen barrunbean, sinergian, magian, ezkutalekuan, … barneratuz gero, naturarekin bat egitean eta sorrerazten dizkigun intriga, misterioa eta ikus ezintasunaren arteko, bi munduen gunea da. Errealitatea eta fantasiaren artekoa.
Malerreka kantuz Oizen egin dute azaroaren 7an
2015-11-09 16:01 Malerreka Oiz
Hilabete luzez itxita egondako Oizko Ostatuko maizter berriek janari eta edariak eskaini dizkiete kantariei
Azaroan 7an, larunbat eguerdian, Oizen hirugarrenez Malerreka kantuz antolatu zen, udaberri giroko udazken eguna abesti anitzez freskatzeko. Eguzkia zeru urdinean, Oizko plazan bildu ziren hogeita hamarren bat pertsona, oiztarrek nahiz inguruko herriko bisitariek zintzurrez batera kantatzeko asmoz. Ikusi Ainara Maia Urrozen argazkiak