Egunkari maitea,
gaur osaba Migel joan zaigu gure artetik, baketsu… eta irribarre xume batez… azken HATSA hartu du eta airatu da!
OPI: Ainara Maya.
OPI, edo bestela esanda, Oso Pertsona Inportanteekin bildu nintzen iragan
igande eguzkitsuan Senpereko Larraldean, eta eskuartean kaxa bete
HATSAREN POESIA liburu-ale berriarekin etorri nintzen, niretzako liburua
nahiz bertaratu ezin izan zuten ene poeta lagunentzat: Leonat, Juanma,
Extefana, Oier, Idoia, Asier, Pello, besteak beste.
Bertaratu ginenok irribarretsu eta pozik elkartu ginen, eta oraindik irakurri
ez dudan 2015eko uzta poetiko berria irakurtzeko irrikitan, denok elkar osa
dezagun eta elkarri lagundu bizitzaren bide honetan. Bertaratu ginen poetok
uzta berriaren aurkezpenean egon ginen, Auxtin Zamora buru, eta zozketa
bidez jakin dugu heldu den urterako uzta poetikoaren sar-hitza nork egingo
duen: Antton Kazabon.
Poesía etengabeko jarioa baita, poesía ezinbesteko bizi-materia, hori
jartzen du bederen aurtengo HATSAREN POESIAren sar-hitzan Goio
Jimenezek.
Aurkezpena egin ondoren, familia poetikoaren argazki bat egin dugu
Larraldea etxaurrean, niretzako jada Oso Pertsona Inportanteak direnekin, eta
ondoren HATSAREN OLERKI BUSTIAK bideo emanaldi poetikoa ikusi dugu,
baita irakurri ere bakoitzak liburuko bere olerki-zatia. Bideo hori ikusgai eta
eskuragai dago Hatsa Elkartean, nonahi emateko eta zabaltzeko, eskoletan,
kultur-etxetan, euskaltegietan eta abar. Ordubete pasatxoko bideo emanaldi
poetiko bat da, argazki eta marrazki ederrez hornitua eta apaindua, eta oso
egokia poesiagintza lantzeko nahiz poesiaz gozatzeko.
Beraz, animatu nahi dut interesa duen edonor poesía zati hau
zabaltzeko, zer deritzozue?
Enetzat eta nere familiarentzat Oso Pertsona Inportantea den osaba
Migel oiztarra zendu zaigu gaur bertan, baina bizi-bizirik dago gure bihotzetan,
ene bihotzean oroiturik haren bizia eta irribarrea. Harekin batera joan dira
mundu malapartatu honetatik Eduardo Galeano eta Gunter Grass idazleak, nire
osaba artisau onarekin batera.
Zuek ere Oso Pertsona Inportanteak al zarete jada enetzat?
http://antxetamedia.info/recordings/interviews/opi-ainara-maya/