Esquel, 2014ko urriaren 29ko asteazkena. Maputxeen lurraldean ainara bat…

Egunkari maitea,

ene buru-bihotzak lasaitzeko, ene bihotz hautsi honekin zer egin bizitzan bakarrik etorri naiz Argentina aldera oporretan, ainara bat udaberriaren bila hegoaldera. Eta maitasuna aurkitu du Uruguain… Charruen lurraldean gelditu nahi nuke berarekin.

CHARRUA

img/charrua14iru.jpg

Oso txarra ez bada, ona da. Hori da dioena bederen Uruguayko erran zaharrak, eta gustatzen zait esaldi horren absurdutasuna eta sinpletasuna. Oso txarrua ez bada, ona da; Patagoniako indigenak Onak dira eta Uruguaykoak, berriz, Charruak, baina txarruagoa al da ba Uruguayko bertako jendea? Bestela esanda, txarragoak ote gara gu Patagonian ez sortuagatik? Oso txarra ez bada, ona omen da, eta filosofia hori maite dut tristura irribarre bihurtzeko eta esperantzari ate bat zabaltzeko, baina bestalde, badakar konformaerraztasun bat eta bizimodua ez hobetzeko eta gauzak bere horretan uzteko tentazioa, eta hori ez da ona bizitzan aurrera egiteko. Atzo, izan ere, Espainian Hispanitatearen eguna ospatu dute erakustaldi militarra eta guzti, eta badirudi espainiar nazionalista eta abertzale sutsuek aditzera eman nahi digutela euren garai Inperialista bizi-bizirik dagoela. Oroitarazten didate Hispanitatearen egun horrekin zernolako sarraskia eta genozidioa hasi zen duela 500 bat urte Amerika osoan eta nola geroztik eta gaur arte desagertuz joan diren zibilizazio amerikarrak, herri indigenak eta hizkuntzak. Horiekin batera, bizimodu anitzen ñabardurak eta esanahiak. Gaur egungo Uruguayko Charrua izeneko indigenek uste omen zuten agian Europatik iritsitako zuri haiek ez zirela oso txarrak izango eta beraz, onak izango zirela, eta utzi zieten sartzen euren zilar-lurretan. Nik ez dakit ezer, baina beharbada eta seguru kultura eta hizkuntza bakoitza ez dela bestea baino hobea. Poesiak bezala, hizkuntzek ez digute dirurik ematen, baina aberasten gaituzte, eta hitz bat ezagutu orduko, arrazionalki ez ulertu arren, irrazionalki eta bihotzez esanahi poetiko eta benetakoago bat aurkitzen dugu. Euskaldunok ez ote dugu ba ahantzi zer den euskaldun izatea? Ama-hizkuntza haurrari transmititzeko eginkizuna du ama den orok, eta hori egin ezean, alferrik dugu euskal herria eta euskal kultura, aurrera euskaldun gisa egiteko giltza hizkuntzan baitugu, eta hizkuntzak -euskarak- ematen digu nortasuna, ez beste gauzek. Euskarak ematen digu mendeetan mundu honetan iraunarazi gaituzten ohitura zaharren berri, ala? Zertarako mirets gehiago alemana euskara baino, Euskal Herrian?

Ainara Maia Urrotz

http://antxetamedia.info/recordings/interviews/charrua/

ESQUEL

img/esquel_irudi.jpg

Oct. 29, 2014

Bazen behin historian gibelera, aitzinako denboretan, beste zibilizazio bat. Bertze hizkuntza eta jendea Patagoniako lurralde honetan ere: Aonikenk edo Tehuelcheak deituriko jendakia. Espainiarrek Amerika konkistatu aitzineko bertako hizkuntza Maputxeek asimilatu zuten, espainieraren aurretik, baina maputxeen aurreko haien arrastoak toponimian ageri dira.
Txarretik onera, Charruen gaur egungo Uruguaytik Onen gaur egungo Argentinara etorri naiz, zehazki Patagoniako Esquel hirira. Esquel izena Tehueltxeen hizkuntza hiletik dator, baina bizi-bizirik dago gaur egungo toponimian. Esquel hitzak bi esanahi posible omen zituen hizkuntza bizi hartan: bata, “zingira” eta bestea, “arantzadun lurraldea”. Zuek hauta, baina erran behar da inguruotan ez dagoela zingirarik oraindik orain, eta “arantzadun lurralde” horrek bertako landarediari egiten diola erreferentzia. Inguruotan, izan ere, badira landare arantzadun dezente, hala nola gaitun edo pinpinela gisako lore zuriak edota bestelako antzeko belarrak zeintzuek fruituak ematen dituzten. Fruitu horiek umotzen direlarik arantza moduko batzuk dituzte, eta horiek itsasten ohi dira gure azaletan nahiz animalien ilajean. Modu horretan polinizatzen baitira landare horiek.
Tehueltxe hizkuntza zahar eta bizi hura gaur egun itsatsirik dago gaurko paisaian, bisaietan eta animalietan, nahiz eta orain bertzelako hizkuntza bizi batzuk egon inguruotan, gehienbat gaztelania amerikarra.
Nik ere hemengo udaberri hotzean eta mendi kasko elurtuetan bihotzean sarturik dudan arantza hau atera behar ote dut aitzina bizitzen segitzeko?

http://antxetamedia.info/recordings/interviews/esquel/

Listen live!

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s