Brnon, 2014ko apirilaren 27a, igandea… Nafarroaren eguna Baigorrin, baGARA!

Egunkari maitea,

aste nahiko sentibera eta minbera igaro dut, hilekoa dela-eta, hormonak hankaz gora eta sentimenduak bihotzetik begietara uholdeka. Asko maite duenak asko sufritzen duela denok dakigu, baina badira zorion-uneak lagunen konpainian igarotzen ditugunak, hala nola Maitane lagun euskaldunaren bisita izan dut Brnon, Europaren bihotzean, ostiralean eta momentu on bat pasa genuen denok elkarrekin.
Oroitzapenek eramaten gaituzte orainetik iraganera eta iragana gaurkotzen dugu egunez egun, hala nola atzo Gernikako bonbardaketaran 77. urteurrena zen eta gaur oroitzen dugu nafarrak garela euskaldun guztiok; euskaldun guztion jatorria Nafarroa dela.

BaGARA.
http://www.naiz.info/eu/hemeroteca/gara/editions/gara_2014-04-27-07-00/hemeroteca_articles/hitzon-hazia-zabaltzen

2014/04/27
KULTURA | POESIA ETA ARGAZKIA
Hitzon hazia zabaltzen
Ainara MAIA

JAPONIA

Poesiaren sumendi ezkutua lehertu zait isilik eskuetan, elebidun -japonieraz eta euskaraz- eta irudiekin apainduz ene ikuspegia. Japoniako sumendi isila amildu zait bihotzera hitzez hitz hastapeneko loretik hiri-bihotzera, eta agur-muino batekin goxo amaituz, liburu honetan ikasitakoa ez nire bihotzean soilik gelditzeko, baizik ene bihotzetik kanpora, mundura hedatzeko helburuarekin argitaratua da poema-liburu hau.

Japonia aitzakia harturik, barneratu naiz hango euskal sumendian eta eguzkiaren beroaz eguzkitakoak ipini ditut udaberri hasiera honetan olerki-liburu honetan irakurritakoa eta hunkitutakoa zueneratzeko. Japoniako landa berdeko arroz landaretxoa ene bihotz-begietan gelditu zait, eta gure Lizardi olerkariaz oroitu naiz; eta hegazkin-gidari eta idazle frantziar haren errana ere etorri zait buru-bihotzera: lo esencial es invisible a los ojos. Belar-izpien erdian gizakitxo bat eta ni geldi-geldi, eta ibaia abian.

Arrastoaren bideari jarraituz, bidearen arrastoa topatu dut, urrats batek bestea dakarrelako, pausoz pauso urratzen delako bidea, bidez bide loratzen gogoa. Gogoa mugitzen da eta goroldioa geldi. Jo eta jo atea, ni zain. Bihotz-bide hauetan ikasi nahian dabil poeta zinez nor den. Zuhaitzen isiltasunean haizearen otoitza eta bisaia xalo batek erraten duena gehiago da hitzek baino, eta euria, tantaka, lore-zelai bukaezinetan guztia ostadar, guztia udaberri!

Lore arrosa bat isilik agertu zait, erleari deika, maitasuna haien artean eztitzen. Begiak lore, begira loreei ni Hiri-bihotzean. Geltokiko eserlekuetan geratuko ziren asmoak, nahiak, pentsamenduak eta haien esperantzak, eta abiadan presaren presaz doa trena. Betor dessira poetaren hegira, gauaren altzoan galduz, maitea izango da poetaren atzapar leunen eztizko desira. Erlea! Eta bikote bat, esku bi, maitasuna. Eulitxoak ere inguruan hiri-bihotzean, lore bitxi izateko maitearen eskuetan. Badator poeta gugana, joan egin delako laster gaua eta maitalea; erne, poeta, ukabilkada askok baino min handiago dagite-eta hitzek. Hau negarra! Hatsetan, hotsetan, hitzetan, ahotsetan, bihotzetan, eta zapaldutako txokoetako zaurietatik loratzen da udaberria! Udaren atean, ezjakintasunean askok, bizirik bazaude ere, hilaraziko zaituzte eta bihotzez zure oinazea sakonetik berpitzaraziko dute. Alzheimerrik gaitzena maite dituzunez ahaztea da, eta benetako errukia bihotzean idazten hasten da. Betetasunaren ausentzian esentziaren presentzia aurkitu dut liburu honetan, oi Japonia! Oi Bihotza! Joanbide bakarra lurra da, etorbide maitasuna (maitea) izan dadin. Hiri-bihotzeko grisa eta kutsadura inboluzioa da, gizakiak gogoz, bihotzez, buruz eta eskuz eraikitzen du egunero hiria, baina oraindik gizasemeak ez du asmatzen jakin bihotz-biderako errepidea egiten eta nik ere lurrera itzuli nahiko nuke eboluzionatzeko.

Natura eta hiri artean, tximeletak ez daki non pausatu, eta inork ez daki norberak bizian ikasitakoa ametsa den ala amestutakoa bizian bihurtu zaion irakaspen, baina amets-atea da gizasemea, gizalaba. Eta poeta nor den esaiozu zuk, irakurle. Bihotzez egindako agur batek hilik zirauen bihotza berpitz dezake, eta isilean norbera bere baitan izanez benetako bizira jaiotzea da. Eta emakume honi poetak esaten dio marraztuz nabilela nire bihotz-bidea, luzatuz, geldituz, bilduz, atseginez irria zabaltzen. Udaberriko loreak bezala, udazkeneko hostoak laztan zaitzala, irakurle, eta agur nire egona eta joana. Etor dadila maitea poetaren ondora, bi ibaiek muin ematen duten bezala, itsasoaren bihotzeraino, elkar daitezela bi maitaleak, bata ipar isuritik eta bestea hego isuritik. Egiazkoak izan daitezen, ezkutuan duguna azalera dezagun sentiberatasunez.

Zure gogoa bilduz, zabaldu hitzon hazia zure bihotzetik besteen bihotzetara. Japoniako irudien bitartez, eta poetaren hitzen laguntzaz, bihotzaren edertasunetik edertasunaren bihotzera ezti eta samur amiltzen.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s