2014ko ilbeltzaren 25a, larunbata… elurrak badu halako gauza magiko bat…!

Egunkari maitea,

duela astebete nere lehen poema-liburuaren lehen urteurrenean poesia-errezitaldia eskaini nuen lagunarte poetikoaren artean BANAKO tabernan.

GE DIGITAL CAMERA
(argazkia: Abbat Santesteban poeta eta laguna)

Eta astebetera, lagun poeta batek ene liburuari kritika on bat egin dio, milesker, Joseba!
http://www.kazeta.info/iritzia/Joseba_Aurkenerena/ainara-maia-olerkaria-lau-urtaroetan-barna

Ainara Maia olerkaria lau urtaroetan barna

Joseba Aurkenerena
Argitaratua: 21 ordu eta 24 minutu
Komentariok – iruzkin 1

2012ko azaroaren bukaera aldean, Baionako Maiatz argitaletxeak Ainara Maia Urroz Irungo olerkari gaztearen “Chansons d´amour. Ilargi beterik gabeko gauak” izeneko liburu ederra plazaratu zuen. Liburu horretan, sentsibilitatez, sentikortasunez eta fineziaz egindako amodiozko olerki ederrak irakurri ahal izan genituen. Egilearen bizieretatik abiaturiko liburua zirudien, eta gizateria osoak betidanik garatu duen maitasun gaia jorratzen zuen, maisukiro, hizkuntza ederra eta landua erabiliz. Bertan, desiraz eta frustrazioaz, maitasunaren hauskortasunaz, nahiaz eta ezinaz mintzo zen. Erran beharra dago Ainara arrunt biluzten zaigula bere olerkietan, sakontasunez, zintzotasunez eta bihotz oso-osoa emanez idazten baitu.

Liburua lau zatitan banaturik dago, udazkenetik negura, negutik udaberrira eta udaberritik udagoienera igarotzen delarik. Lau urtaroetan amodioaren uhainak goiti eta beheiti dabiltza, beren apar zuriaz dena zipriztinduz, eta irakurleak liburuaren nondik norakoan kautibatuz.

2014ko urte berri honetan, urtarrilaren 18an, eta liburuaren jaiotzetik urtebete pasatxoa dela, Ainara Maiak biziki errezitaldi ederra eskaini zigun, Txomin eta Urbil Artola aita-seme kantariek Hondarribian kudeatzen duten Banako ostatu zabal-dotorean. Itziar Gomez-Sarasola olerkariak lagundu zuen olerkien errezitaldi horretan.

Entzuleen artean Maiatz argitaletxeko Luzien Etxezaharreta, Auxtin Zamora Senpereko olerkari sutsua, Hondarribiko Jon eta Josu Galdos anaia polifazetikoak, Jexux Mari Mendizabal Bixargorri idazle entzutetsua… zeuden. Oren erdi batez, Ainarak eta Itziarrek olerkiak errezitatu zituzten, artez eta dotoreziaz, ahots epelaz eta modulatuaz, bertan ginenon bihotzak arras hunkituz.

Ainara Maia Urroz irakasle dugu Txekian, Brno hirian, bertako unibertsitatean euskara eta euskal kultura irakasten eta ereiten dituena; horretaz gain, itzultzaile eta olerkaria. Errezitaldian ongitxo erakutsi zigun duen artista sena handia. Lerro hauetatik nire zorionik beroena, bai liburuagatik eta bai errezitaldiagatik, helarazi nahi diot; halaber, nahiko nuke animatu liburu honekin zabaldu duen bideari segida eman diezaion. Geroa eginez egiten dugu eta Ainara Maiak etorkizun hurbilean euskal olerkarien artean ongi merezitako lekutxoa ukanen duelakoan nago. Geroak erranen.

Buka dezadan Ainararen “Elurpean kantari elur-malutak biltzen” izeneko olerkia lerro hauetara ekarriz: (Clouwn bat naiz eta uneak biltzen ditut) / Goitik behera erortzen dira / elur-lumak / eta behe honetan,/ aurpegia leun laztantzen didate / eta irribarre bat marraztu: / Ez dakit zergatik, / baina elurrak badu / halako gauza magiko bat. // Goitik behera erortzen dira / elur- lumak / eta behe honetan / ene eskuetan bat pausatuz / elur-lumaz idazten ari naiz goxo / letra zenbait: / Ez dakit zergatik idazten dudan, / baina elurrak badu / halako gauza zehaztu gabe / zehaztuezin bat. / Bizitzaren onena jasotzeko prest nago… / geldi zaitez, arren, / eta jolas gaitezen elurrarekin.

chansons

index

Click to access mamia-606net1.pdf

IRITZIA
ttipi-ttapa
606 zk.
2014.01.23
AMETSetik errealitatera
Egoerak beste aldean jarri ninduen, eta bertsolari txapelketa nagusiko finala pantailaz eta internetez bizitu nuen, goizeko konexioak hutsegin bazidan ere EITBn, arratsaldekoa oso-osorik ikusi nuen: http://www.bertsoak.com.
Ametsetan bezala iratzarri nintzen goizean goiz ene maitearekin amets polit batetik eta errealitatean bakarrik nengoela ohartu nintzen, lan-egoerak hala behartzen gaituela, hura Eslobakian eta ni, berriz, Txekian. Ametsetan bezala piztu nuen ordenagailua atzerrian finala ikusteko irrikitan, baina interneteko konexioa eteten zen aldika, eta
egoerak urduritu ninduen neure bakardadean, ezin dut derrigortu inor maita nazan entzun niolarik Unai Iturriagari. Aitor Sarriegik, berriz, konexio eta deskonexio artean, bata bestearen mina onartu behar dugula esan zuen. Ejem, bai, halada, Unai, Aitor…
Bazkalondorengo kafearekin batera, konexioa hobeagoa zen, eta saio osoa etenik gabe entzun ahal izan nuen, kartzelakoak eta bestelakoak. Buruz burukora duela lau urteko bi bertsolari berberak iritsi ziren: Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio. Sudur gorria jantzi zuten eta irribarrea ezkutaleku, ene bihozmina goxatzea lortu zuten.
Penak ahaztuta, sudur gorria jantzi eta bisitan joango natzaizue alaitzeko gure bizitza.
Altzoa edo magala da helduok dugun seaska, eta definizio hori gustatu zitzaidan, milesker, Maialen. Pena pixka bat hartu nuen txapela Maialenen buruan ez ikustean bigarrenez, baina gero pentsatu nuen bertsolari txapelketa ez dela nolanahiko lehia, ez dela beste edozein lehiaketaren antzekoa. Bertsolari txapelketa batean ez dagoela galtzailerik eta denok garela irabazle, eta batez ere BECeko finalean zortzi txapeldun ikusi nituela oholtza gainean.
Txapela Ametsen buruan ikusteak itxaropenez bete zuen ene bihotza, eta beharbada ametsak errealitate bihur daitezkeela ohartu nintzen, benetan
horretan sinesten badugu eta gure bihotzean maitasuna besterik ez dagoen bitartean. Horregatik ametsetan bezala, afaldu eta ohera joan nintzen ametsetan murgiltzera, beharbada eta seguru ene maitearekin ezkontzeko eta bizitzeko ametsa errealitate bihurtuko dela pentsatuz. Aberrira itzultzeko garaia dut, hemen atzerrian bihotzaren zati handi bat uzten dudalarik, halabeharrez eta penez.

 

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s