2013ko abenduaren 8a, igandea… bizitza ametsa bada, ez nazazue iratzar, arren…

Egunkari maitea,

abenduko bigarren igandea, abendua, eta urte xahar hau badua… etorriko al dira garai hobeak, garai zoriontsuak? onena opa dizut, irakurle…

2013/12/08
KULTURA | ITZULPENA

Itzulpena amets

GARA GASTEIZ

bizitza amets

Lan itzela hartu du Xabier Paya itzultzaile eta bertsolariak XVII. mendeko Espainiako literaturaren Urrezko Aroko maisulan bat euskaratzeko, eta gozaraztea lortu du, nigan amestera ez ezik, zenbait gai filosofikori buruz eta, azken batean, bizitzako oinarrizko gaiei buruz hausnartzera eraman nauena, jatorrizko gaztelaniazko bertsioa irakurri gabe mundu horretan nahi gabe ere sartu naizelarik.

Shakespearen garaikide zen Calderon de la Barca poeta eta antzerkigilea, eta hark ingelesez bezala, berak ere espainieraz bertsoen bidez antzerki eragilea egin nahi zuen orduko gizartean, denbora-pasa soil izateaz haratago, bihotzak hunkitu nahi zituen Segismundo protagonistaren bitartez; Danimarkako printze zen Hamlet hura gogora ekarriz.

Espainiatik aldendu eta Poloniako printzearen bizitza tragikoa kontatzen digu bertsoz bertso Calderon de la Barca antzerkigile bikainak, eta bikain itzultzen ditu euskarara Xabier Paya bertsolariak. Gizabanakoen patuaren eta askatasunaren arteko talka du langai antzerki barroko honek, eta ameslariak zer amets egiten duen ez dakien bezalaxe, gizakiak ez du bere bizitza erabakitzen. Hori dio hitzaurrean itzultzaileak beste gauza askoren artean, idazle barrokoa goraipatzen duen Biktoriano Iraolaren bertso pare batekin hasten dena.

Ongi sortutako bertso errimatu eta neurtuetan filosofia edo bizi-hitza dugu hemen, gaztelaniazkoa fin itzultzen du kexatu gabe filosofo baten ustez, kexua/ ezen kexaren kexaz/ zorigaitza aurkitzen ei den erraz. Bertsolerroz bertsolerro aurrera egin dut irakurketan, eta ez dut gogorik izan ihes egiteko, nahiz bazen asmorik hasiera batean, baina bukaeraraino iritsi naiz amets batean bezala bildurik.

Segismundo protagonistarekin batera pairatu ditut penak eta zorigaiztoko minak, konprenitu gabe jaiotza dela gizonaren deliturik handiena. Hark botatako erantzunik gabeko galderetan galdu naiz, erantzunik aurkitu gabe, orain ni adimen gehiago izanik ere, ez naiz ni hain askea. Nolatan ni biziago izanik, ez naizen ni hain askea? Segismundo baino zorte txarragoarekin ni ote naizen galdetu diot neure buruari, ohartu naizelako oso maitemindurik nagoela eta ez naizela harekin bizi, eta horregatik ene bizitza itzaltzen ari dela pixkanaka bizipozik gabe. Ohartu naiz neure poztasun bakarra ene maite andalusa dela. Segismundoren desditxa neure azal-bihotzetan sentitu dut eta negar ere egin dut, batetik, neure sentimenduengatik eta, bestetik, nire leialtasunarengatik. Baina antzezlan tragiko honen bukaera zoriontsuak itxaropenez bete du nire bihotza errealitatean. Bizitza ametsa bada, ez nazazue esnatu, arren, bizi nadin zoriontsu ene maitearekin. Antzekoak direla diost Segismundok jaiotza eta heriotza, eta tarteka bizitza dagoela, amestutako bizitza zoriontsua, loriaz eta maitasunez beterikoa. Handienen liburuok, paperok, koadernook bizitzeko jakintza eman didate, nahiz eta jakiteak mintzen duen eta norbere burua, irakurleon burua, hiltzen duen.

Letren eta ametsen Res publica honetatik amets egiten duen orori gomendatzen diot Espainiako literaturako klasiko hau euskaraz irakurtzeko, klasiko bat izanagatik, gaurkotasun handiko gaiak, betiko gai iraungigaitzak daudelako bertan, legea ez bada zilegi Erregeari ez segi! Zer da bizitza? Ospela, desira? Oro da bizitza amets eta ametsak amets dira. Zer iragan ez da amets?

Izan ala ez izan, hori baita kontua. Edo bestela esanda, amestu ala ez amestu, hori da bizitza. «La vida es sueño» edo orain euskaraz «Bizitza amets2 antzezlana bertsolerroz lerro ongi josita dago, eta neurtitzetan emandako antzerki-lan filosofiko bat jasotzen da bertan. Bertsotan egindako itzulpen arriskatu arrakastatsua dela iruditzen zait, hori esaten dit bederen nire euskal irakurle senak. Eta eskerrik asko, Xabi, bizitza eta ametsa bihotzak elkartzen dituela erakusten laguntzeagatik itzulpen lan honekin.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s