2013ko abenduaren 5a, ortzeguna, euskararen egunaren biharamunetan urteko balantze positiboa, aurrera segitzeko maitasunez beterik

Egunkari maitea,

ni nauzu Ainara, asko eta on besterik merezi duen neska motza, emakume ausarta. Bai, horixe! nik asko balio dudala esaten diot goizero ene buruari, oso polita eta oso ona naizela…

Europaren bihotzetik euskara eta euskal kultura lau haizetara

Nire poesia sarean “poeta bizien kluba” blogaren bidez hedatzen dut: http://www.blogak.com/gorgoinetan. 2012ko azaroan Durangoko azokarako argitaratu nuen MAIATZ argitaletxearekin euskaraz nire lehen olerki-liburua: “CHANSONS D’AMOUR ILARGI BETERIK GABEKO GAUAK. Minetik, maiteminetik eta negarretik sortutako olerkiak dira, eta horregatik irribarrea eta poza mugaturik ditut. 2012ko Durangoko azokan aurkeztu nuen liburua:

1

Irungo Kabigorri Ateneoan nire herrikideen aurrean bigarren aurkezpen bat egin nuen 2013ko urtarrilean:

2

Liburu horren hirugarren aurkezpena Frankfurteko unibertsitateak gonbidaturik egin nuen eta irakurketa elebiz, euskaraz eta alemanez, egin nuen Mikel Babiano hango euskara irakurlearekin batera.

3

Brnoko Masaryk unibertsitatean hasi nintzen duela bost urte euskara irakurle edo irakasle gisa, eta letren fakultatea dut lantoki: Filozofická Fakulta. http://www.muni.cz/phil/people/108505.
Joan nintzen itzultzeko, jakin gabe itzultzerakoan zer eta nor aurkituko nuen nire zain. Ez nekien zer sentitzen nuen maite nuen guztia atzean uzterakoan, baina nire bihotzean zihoan dena. Ez nekien zer nahi nuen, hark utzi zidan oroitzapen horretan, eta leku berri batean nengoen. Neure ametsetako bat bete nuen bederen, Praga ezagutu nuen, eta Viena ere bai. Berlindik Budapestera utzi dut nire arrasto poetikoa.

Prahatik olerkiak idazten dizkizut
neure bihotza zurekin dago.
Brnotik poezia idazten dizudanean
zurekin nagoela iruditzen zait.
Egunez Moraviako eki zuriak itsutzen dit
gauez ametsetan zure aurpegia marraz dezadan.
Gauez Bohemiako kandela argiek begiak zabaltzen dizkidate
egunez karrika hezeetan zurekin eskutik heldurik ibil nadin.
Prahatik Brnora eta noranahira doaz hitzok zuretzat
mundu hau mugagabea baita,
Neure sentimenduek oztopo guztiak gainditzen dituzte
maitasun mugagabe honetaz gozatzeko. Bizitzeko.

Grohova karrikan bizi naiz, fakultatetik oso hurbil, urtxintxak parkeko zuhaitzetan gora eta behera dabiltzan tokian, eta seigarren urtez ari naiz euskara, euskal kultura, euskal literatura eta euskal zinema hedatzen unibertsitatean, eta horretarako interneta lan-tresna egokia dut. Euskal literaturaren eta euskal zinemaren blog bana sortu nituen ikasleentzat, eurek txekieraz osatzen laguntzeko: http://www.blogak.com/euskal_literatura/ eta http://www.blogak.com/euskalzinema.
Irakaslea izateaz gain, ameslaria eta olerkaria naizenez, nire olerkien errezitaldiak ere eskaini dizkiet txekiarrei, txekierazko itzulpenekin, 2010eko apirilean eta 2011ko maiatzean: http://es.calameo.com/books/0005049196d812c27dec4, eta 2013ko apirilaren 6an poesiaren eguna antolatu nuen Brnon eta zenbait poema hainbat hizkuntzatan irakurri genituen bildu ginenen artean.

4

Iragan martxoaren 21ean GAUEKO KORRIKA antolatu nuen neure unibertsitateko euskara-ikasleekin batera: kilometro bat korrika eta oihuka Brno hiri txekiarreko erdialdean, txekiarren harridurarako.

5

6

Aurten, nire bertako euskara-ikasleekin batera, euskaraz eta txekieraz ilunabar literario bat antolatu nuen, nire liburuaren laugarren aurkezpen bat Brnon eginez 2013ko maiatzaren 7an Sklenena Louka kafetegian (http://www.cajovna-sklenenka.com/ ).

7

Maiatzaren 17tik 19ra Hungariako Balatonfuered herriko Itzultzaileen Etxean egonaldia egin nuen euskal idazle gisa bertako euskara-irakurle Izaskun Perezek gonbidaturik, hango itzulpen tailer batera.
2013ko maiatzaren 22an Oscar Alvarez Gil EHUko irakaslea Brnon zegoela aprobetxatuz, Masaryk unibertsitateko letren fakultatean hitzaldi bat eman zuen gaztelaniaz nire ikasleen aurrean, euskal zinemari buruz historian zehar:
“Ovejas, vino, cestas y balas. Casi cien años de inmigración vasca en el cine de Estados Unidos”.
Maiatzaren bukaeran nire ikasle batek, Jakub Zezula, astebeteko egonaldia egin zuen Portugaleteko familia batean, IBILALDIA zela-eta.

8

9

Uztailaren 1etik 14ra bitarte, nire euskara-ikasle txekiar batek, Frantisek Brezina, euskarazko ikastaro trinko bat egin zuen Maizpide Euskaltegian.
Tomas Buchtele txekiarrak euskal kulturari buruzko hitzaldi bat eman du berriki ikasturte berriari hasiera emateko 2013ko urrian Brnoko unibertsitatean, txekieraz.
Zoriontsu naiz bizi naizelako, eta nire lehen poema-liburua iaz argitaraturik, hamar urteko zorioneko eta zorigaitzeko etapari amaiera eman niolako. Aurten bakarrik eta itxaropentsu hasi dut urtea, eta bizitzako kapitulu berri bat. Aurtengo neguan maitemindu naiz eta nere bizitzan lehen aldiz benetako maitasuna ezagutu dut, korresponditua alegia, Josek maite nau… nik ere hura asko, beste inor baino gehiago.

10

HILARGIA

Zergatik?
Arimaren begiez galdetzen dizut zuri
entzuten ez didazun horri
ikusten ez nauzun horri
ukitzen ez nauzun horri
dastatzen eta muxukatzen ez nauzun horri
Zergatik zaude horren urrun nigandik?
beharbada nire barneko argiz
argi diezazudan maitasunez
zure bihotza.
ILARGI BETEAREN BITARTEZ
HURBIL GAITEZEN
MAITE ZAITUT esaten dizut, TE QUIERO te digo
Ni Txekian eta zu Eslobakian
Txekoslobakia!
Izan gaitezen politikoki ez zuzen
eta senti, maita, goza gaitezen.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s