2013ko ilbeltzaren 5a, larunbat goizaldea. Ene ama maitearen urtebetetzea…

Egunkari maitea,

ohera sartu aitzin, ene errege Meltxor maiteari gutuna idatzi diot, oraindik ere magian sinesten baitut, izena duen guztia izan, badelako. Ez naiz monarkikoa, errepublikanoa naiz baina independentista. Hala ere, Meltxor errege magoari idatzi diot ene bihotzeko desioa, magian sinesten dudalako oraindik, ene 36 urteko haur eta emakume honek.

Meltxor maitea:

Zer moduz zaude? Ni animoz ez nabil oso ongi, baina iaz baino hobeki; iazko eskutitzean ez nizun ezer eskatu, baina nire nahia bete zenuen. Eskerrik asko eta esker mila, Meltxor, duela zazpi urte neure bihotzean sartu zen lagun min eta poeta besarkatu nuelako eta elkarri barkatu diogulako dena 2011ko eguberrietan eta 2012ko urtean. Elkarri egindako minak barkatu dizkiogu, nahiz eta nik aspaldi barkatu.

Ez naiz animoz ongi, baina ezin naiz kexatu, zoriontsu izateko minimo bat dudalako bizitzan: familia maitagarria, lagun onak, gustuko lanpostua eta zergatik ez, sexu pixka bat ere bai. Lurra bustirik dago eta ilbeltzaren hondarrerako elurra eta hotza eman dute. Gustatzen zait elurraren isiltasuna eta haren itxaropen zuria, haren ahalmen magikoa, dena bere azpian estaltzen baitu: joandako minak eta amesgaiztoak.

Bihotza ez dut gora, baina itxaropentsu egon nahi du. Urtero bezala idazten dizut, oraindik ere zugan sinesten baitut, 36 urtekin, izena duen guztia badelako, bazarelako, bagarelako. Oraindik neure barneko haurra mintzo zait eta entzuten segitu nahi dut luzaroan: bizi naizen artean, eguberrietako suak segi dezala pizturik, ontasuna eta gaiztakeria bereiz ditzagun!

Sinesten dut zugan, Meltxor, sinesten dut oraindik ontasunean eta maitasunean, maitasunaren magia horretan. Duela zazpi urte zizt egin zidan bihotzean irribarre alai hark, eta magia horretan dut neure fedea, nahiz eta bakarrik gelditu naizen maitasunaren magia horrekin, maiteminez baina dena ematen. Maitasunaren magia eta sua piztu dugu etxean, dena delako maitasuna, denak gara maitaleak, nahiz eta batzuetan maitatuak ez garela sentitu, dena ematen dugulako inkondizionalki, bueltan ezer espero gabe.

Neure bakardade honetatik irribarre egiten dizut eta eskerrak eman, behin, betiko maitemintzeko zoria eskaini zenidalako, eta orain agur egiten diot hasierarik eta amaierarik gabeko maitasun magiko horri; zorionez eta zoritxarrez benetan maitemindu nintzelako, eskerrik asko, Meltxor. Azken hamar urte hauetan neure bizitzako bi gizonak galdu ditut fisikoki, aita eta ene maite ederra, eta orain nirekin ez badaude ere arrazoi desberdinengatik, neure bihotzean daude kemena emanez. Haiek utzitako hutsunea bihotzean dut, baina sufrimendu horrek asko irakatsi dit eta pertsona gisa heldu naiz. Orain, azken hamar urteotako bizitzako etapa negartia ixteko CHANSONS D’AMOUR nire lehenengo olerki-liburua argitaratuko da, eta horregatik ere eskerrik asko. Hala ere, bizitzako atal berri bat hasteko zure indarra beharko dut.

Aurten ere ez dizut ezer eskatuko; izan ere askok asko eskatuko dizute eta nik ez zaitut ere nekarazi nahi. Ez dizut ezer eskatuko, izan ere nik baino behar handiagoa duten pertsonak badira Euskal Herrian, lanik gabe dauden euskaldunak, lanik gabeko guraso tristeak, baina batez ere oroit zaitez gurasorik ez duten haur horietaz, beste haurrek badituztelako beren gurasoak nahi adina opari ukaiteko, eta ni ere ez naiz guztiz umezurtz. Baina tira, zertan ari naiz ni? Zuri lezioak ematen? Barkatu. Mendeetan egin duzu hori, gehien behar zuenari irribarre bat piztu.

Beraz, nik ez dizut ezer eskatuko; nik soilik espero dut zu, ni, haiek, bera eta gu elkartzea eta maitatzen segitzea, eta heldu den urtea maitasunez beterik etortzea; maitemindurik nagoela nabari da, ala?

Aurten ere ez dizut ezer eskatuko, baina nik soilik nahiko nuke duela bost eta hiru urte “maite zaitut” esan zidan nire bizitzako mutil bakar horrek txistu alaiez berriro ere maite nauela esan diezadala, eta elkarri egindako minak barkatu, elkarrekin bizitzen lagundu maitasunean. Nik aspaldi barkatu diot.

Muxu handi bat, Meltxor, edo muxu zaparrada eta besarkada potolo, mila goraintzi Gaspar eta Baltasarri, eta ez haserretu Olentzero maiteari ere idatzi baldin badiot, hura ere ene bihotzean baitut.

Ainara Maia Urrotz
Eliza karrika 10, 5. ezker
20302 IRUN, Gipuzkoa
Euskal Herria-Basque Country

2012-12-28 15.26.56

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s