2013ko ilbeltzaren 4a, ortzirala. Larunbataren bezpera

Egunkari maitea,

gaur BERRIA egunkariko GIPUZKOAKO HITZA gehigarrian ateratzen da niri egindako elkarrizketa:

“Txekiarrak hasieran ez dira irekiak; denbora behar dute irekitzeko”
2013(e)ko Urtarrilak 4
gipuzkoa
Nork Gipuzkoako Hitza

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik jasotako dei batek eraman zuen Txekiar Errepublikara Ainara Maia (Irun, 1976). 2008ko maiatza zen, eta Brno hiriko Masaryk Unibertsitatean euskara irakasle bat behar zutela jakinarazi zioten. Txekieraz hitzik ez zekien arren, ondo hausnartu, eta proposamena onartu zuen: “Zergatik ez? Ez neukan inongo loturarik”. Handik gutxira, mapa hartuta oraindik ondo kokatzen ez zekien hiri batean zegoen.

Hasieran “zalantza handiak” izan zituela aitortu du, ez baitzekien eskolak zein hizkuntzatan eman behar zituen. Euskara, euskal kultura, historia, literatura eta zinema ematen ditu Maiak, Masaryk Unibertsitateko Letren fakultatean. Euskarazko ikasgaian hamar ikasle ditu, eta besteetan 30 inguru. “Txekiarrak dira guztiak. Batzuek ezagutzen dute zerbait Euskal Herriari buruz, baina gehienek ez dute ezagutzen euskara, kuriositateak edo kredituak pilatzeak bultzatuta daude nire eskoletan”. Masaryk Unibertsitateaz gain, beste hiru unibertsitate daude hirian. Ikasle hiria, beraz. “Brno Txekiar Errepublikako bigarren hiria da, 500.000 biztanle inguru ditu; eta horietako %20 ikasleak dira; hirikoak zein kanpokoak”.

Brnon lau urte eta erdi eman ondoren, txekieraz ikasi du: “Ez dut menderatzen, baina ikasten ari naiz; moldatzen naiz bertakoekin”. Oso hizkuntza “desberdina” dela adierazi du, “konplexua”. Bere lehen hizkuntza eslaviarra izateak zailtasunak eragin dizkio ikasteko orduan. Dena den, “oso hizkuntza interesgarria” da: “Lexiko aldetik oso aberatsa; gauza bakoitzari bere izena dagokio”.

Poesia idazlea izanik, nabarmendu egin du hiriko “eskaintza kultural zabala”: musika, antzerkia… Brnoko Orkestra Filarmonikoa Europan oso ezaguna da. “Brno ez da Praga bezain handia, ez hain turistikoa, baina bizitzeko atseginagoa da. Lasai bizi zaitezke, eta gauza asko egin ditzakezu hirian bertan”. Kultur eskaintza horren partaide ere izan da Maia, olerki errezitaldiak egin baititu, “euskaraz eta txekieraz, ikasleekin; nolabaiteko esperimentuak”.

Morabia eskualdean dago Brno, eta Vienako eragina nabari dela azaldu du irundarrak. 1920ko hamarkadan hiriari Viena txikia deitzen zioten. Eragin horren lekuko dira hiriko kafetegi eta taberna mordoa. Jendeak, lanetik edo klasetik ateratzean, tabernara joateko ohitura du. Txekiarrak euskaldunekin alderatzeko garaian antzekotasunak topatu ditu Maiak: “Hasieran ez dira irekiak; denbora behar dute irekitzeko, euskaldunek bezala, baina gero oso irekiak dira”. Tabernetan garagardo baten bueltan sozializatzea ohikoa dela azaldu du. Garagardoa ez ezik, eskualdeko ardoa ere oso ezaguna da.

Desberdintasunak bilatzeko garaian, “txikitatik oso independenteak” direla azaldu du. Txekiarren “konformismoa” nabarmendu du. “Adibidez, ustelkeria handia dago; kexatu egiten dira, baina ez dira protesta egitera ateratzen, ez diote etekinik ikusten”.

Olerki liburua

chansons

Egunotan Euskal Herrian da Maia. Hilabete pasatxo eman du Irunen. Durangoko Azokarako etorri zen, bere lehen poema liburua argitaratu baitu: Chansons d’amour, ilargi beteriko gauak (Maiatz argitaletxea). “Maitasunezko olerkiak dira gehienak, han idatziak gehienbat. Gauza pertsonalak dira, nire bizipenak, eta badira Txekiar Errepublikako hainbat erreferentzia”.

Liburua lau zatitan banatua dago, lau urtarotan. Alfons Mucha margolari txekiarraren Lau urtaroak margolanarekin apaindu du. Olerki guztiak euskaraz daude, gazteleraz eta frantsesez dagoen lehen poema salbu.

Hilaren 15ean itzuliko da Maia Brnora, baina ekain aldera amaituko da Txekiako abentura. Bosgarren urtea du jada, eta “gauza berriak bilatzen” hasi beharko du. Aurretik Alemanian izandakoa da, Bremenen eta Hannover inguruan, baina baliteke Euskal Herrira itzultzea. Oraindik sei hilabete ditu Brno eta Txekiar Errepublika guztiz zukutzeko.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s