Egunkari maitea,
orain, batzuetan huts bat sentitzen dut neure barnean, ikaragarrizko hutsune bat bihotzean barruak erretzen dizkidana. Beterik nagoela amets egiten dut, eta ez dudala gauero oheratu beharrik betetasun hori desiatuz. Maitatua sentitzeko irrika biziak erasaten dit; benetako maitasun edo amodio bat aurkitzeko gogo biziz nago. Maitatuko nauen eta zainduko nauen gizon bat behar dut, denboran iraungo duena…
Denbora luzean egon naiz ilargiari begira, hura nire lagun ia bakar, eta ilargi betezko gauetan miretsi dut haren argia, lagun egin dit azken urteotako nire atsekabean eta lorik gabeko gauetan, bakarrik ez nengoela amestuz, leihora aterata haize epela zegoelarik eta neguan, berriz, ilargiaren hatsak esaten zidana adituz leihoko kristalean.
Baina jada gainditu dudala uste dut. Bart Oiartzunen egon nintzen ilunabar literario batean eta etxera bueltan maitearen leihora begiratu nuen, triste eta malenkoniatsu jarri nintzen, gelditu nintzen karrikaren erdian, eta ez nuen negar-malkorik isuri. Autoa hartu eta etxeratu, oheratu, nintzen bakarrik. Hark egindako mina eta zauria bihotzean dut oraindik, baina barkatzen diodanez, aurrera bizitzen segitzeko garaia dut. IZAN ERE, DENBORAK BIDAIATU AL DEZAKE BIHOTZEKO ZAURIAK SENDATZEKO, DENBORAK ATZERA EGIN AL DEZAKE ZAURIAK SENDATZEKO?
Ez dakit ezer, ez dakit nere galderen erantzun segururik, baina hil arte bizi naizenez, ahalik eta ongien bizitzen saiatzen ari naiz bakarrik eta maitemindurik bada ere, eta badaezpada SORGIN EDO SORTZAILE naizenez, honako hau egin dut:
1. gatza ezker sorbaldaren gainetik bota
2. erromeroa edo mihura etxeko atarian dilindan jarri
3. labanda erein edota oheburuan ipini
4. beti eta oraindik ere ahal bezainbeste MAITEMINDU, maitemintzen segitu!
Noizbait jasoko al dut maitasunezko eskutitzik, horrenbeste maitasunezko eskutitz bidali ondoren? noizbait norbaitek idatziko al dit merezi dudana, maitasuna?
Bihotzez eta maitasunez agurtzen natzaizu, irakurle, beste bat arte
adeitasunez
(idatzi nahi badidazu)
Ainara Maia Urrotz
Eliza karrika 10, 5. ezker
20302 IRUN, Gipuzkoa