2012ko abenduaren 12a, asteazkena (12.12.12.) Ene izeba baten urtebetetze-eguna, zorionekoak gu!

Egunkari maitea,

gaurko eguna ez da denbora luzean gertatuko. 12.12.12. 2012ko abenduaren 12a. 12+12+12= 36. Eta aurten nik 36 urte ditut. Gaur nire eguna izan beharko luke. Gaur nire eguna da.

Europaren bihotzetik euskara eta euskal kultura lau haizetara

Duela lau urte etorri nintzen Brnora, Txekiar Errepublikako Moravia eskualdera. Mapan begiratu nuen Brno: Txekiar Errepublikaren hego-ekialdeko Moravia lurraldeko hiriburua, Vienatik iparralderantz, Pragatik ekialderantz, Bratislavatik mendebalderantz eta Berlindik nahiz Krakoviatik hegoalderantz.
Saiatzen ari naiz zorionbidean.
Begiak bustirik eta irribarrea ahoan agurtu nituen denak Hondarribiko aireportuan 2008ko irailaren 17an. Lainoen artetik ametsetan hasi nintzen deskubritzera nindoan lurralde ezezaguna irudikatzeko eta iragan hurbil mingarria gogoan. Baina, aldi berean, itxaropentsu, bakarrik. Ezin nuen bizi Euskal Herrian, eta horregatik joan nintzen, Euskal Herriko behin-behineko euskara teknikari lana utzirik. Joan nintzen ahazteko maite nuela, ahazteko maitemina. Pragara arratsaldeko lauretan iritsi nintzen, Bartzelonan eskala eginez. Lehenengo nire oztopoa aurkitu nuen: txekiera. Hizkuntza ez nekien, eta ingelesez moldatu behar izan nuen Pragatik Brnorako autobusa non hartzen ote zen jakiteko.

Abiatu nintzen behin
bizitzaren abentura honetan
negar-malkorik gabe
eta isil-isilik.
Abiatu nintzenetik hona
negar batzuk egin ditut, ordea,
eta euri pixka bat ere egin du
goitik behera;
eta lagunak ibili zaizkit
haizea bezala,
oraindik ere
neure inguruan darabilzkit
jirabueltaka…

Eskerrik beroenak nigan konfiantza izan duten guztiei, eta eskerrik asko lagundu didaten guztiei, gaur hazilaren 21a berezibiziko tokia du ene bihotzean, duela hamar urte nire aita zenak minbiziz utzi baitzuen mundu hau, zoriontsu izateko azken eskaria niri egin eta gero. Ez dut sinesten Zoriona hitz larritan, baina zorion-uneak izan ditut hamar urteotan, adibidez benetan zoriontsu izan naiz nere bizitzako mutil poeta bakarrarekin. Batzuetan galdetu izan diot neure buruari zergatik demontre maitemindu ote nintzen duela zazpi urteko udaren azkenean lamien eta sorginen lurraldean. Aldatu ninduen erabat. Aldatu nau. Ez dut egin ditudan galdera askoren erantzunik.
Horregatik, erantzunak behar nituelako, egunero hasi nintzen idazten egunerokoa interneteko blog batean, paperezkoa baztertu gabe: https://xorinokantharia.wordpress.com/. Bestalde, nire poesia sarean garatzen joan zen liburu gisa ezin argitara nuena, eta “poeta bizien kluba” blogaren bidez hedatu nuen sare poetikoa: http://www.blogak.com/gorgoinetan. Baina aurtengo Durangoko azokarako argitaratuko du MAIATZ argitaletxeak euskaraz nire lehen olerki-liburua: “CHANSONS D’AMOUR. Minetik, maiteminetik eta negarretik sortutako olerkiak dira, eta horregatik irribarrea eta poza mugaturik ditut.
Brnoko Masaryk unibertsitatean hasi nintzen duela lau urte euskara irakurle edo irakasle gisa, eta letren fakultatea dut lantoki: Filozofická Fakulta. http://www.muni.cz/phil/people/108505. Nire bulegoa, euskarazko irakurlegoaren bulegoa, ezagutu nuen, Petr Kylousek irribarretsuaren eta Departamendu Erromanikoko buruaren eskutik. Harekin frantsesez moldatu behar izan nuen, frantses filologiako irakaslea baita. Hark aurkeztu zizkidan gainerako fakultateko kide batzuk: Pavlina Svandova (http://www.muni.cz/phil/people/21452) lankide eta lagun mina, David Utrera katalan irakurlea eta lankidea, Daniel Vazquez espainiar filologiako irakaslea, Beatrice Vicaire frantses filologiako irakaslea, Dagmar Holoubkova idazkaria, eta beste hainbat jende abegitsu.
Joan nintzen itzultzeko, jakin gabe itzultzerakoan zer eta nor aurkituko nuen nire zain. Ez nekien zer sentitzen nuen maite nuen guztia atzean uzterakoan, baina nire bihotzean zehar zihoan dena. Ez nekien zer nahi nuen, hark utzi zidan oroitzapen horretan, eta leku berri batean nengoen. Neure ametsetako bat bete nuen bederen, Praga ezagutu nuen, eta Viena ere bai. Europaren bihotzean nengoen nire bidean. Berlinen ere nire arrasto poetikoa utzi dut.


Prahatik olerkiak idazten dizkizut
neure bihotza zurekin dago.
Brnotik poezia idazten dizudanean
zurekin nagoela iruditzen zait.
Egunez Moraviako eki zuriak itsutzen dit
gauez ametsetan zure aurpegia marraz dezadan.
Gauez Bohemiako kandela argiek begiak zabaltzen dizkidate
egunez karrika hezeetan zurekin eskutik heldurik ibil nadin.
Prahatik Brnora eta noranahira doaz hitzok zuretzat
mundu hau mugagabea baita,
Neure sentimenduek oztopo guztiak gainditzen dituzte
maitasun mugagabe honetaz gozatzeko. Bizitzeko.

Grohova karrikan bizi naiz, fakultatetik oso hurbil, urtxintxak parkeko zuhaitzetan gora eta behera dabiltzan tokian, eta bosgarren urtez ari naiz euskara, euskal kultura, euskal literatura eta euskal zinema hedatzen unibertsitatean, eta horretarako interneta lan-tresna egokia dut. Euskal literaturaren eta euskal zinemaren blog bana sortu nituen ikasleentzat, eurek txekieraz osatzen laguntzeko: http://www.blogak.com/euskal_literatura/ eta http://www.blogak.com/euskalzinema.
Irakaslea izateaz gain, ameslaria eta olerkaria naizenez, nire olerkien errezitaldiak ere eskaini dizkiet txekiarrei, txekierazko itzulpenekin, 2010eko apirilean eta 2011ko maiatzean: http://es.calameo.com/books/0005049196d812c27dec4.

Zenbait hizlari gonbidatu ditut Euskal Herritik euskal literaturaz hitz egin dezaten: Jon Kortazar bere emaztearekin 2009ko udaberrian etorri zitzaigun bisitan, eta gaztelaniaz EUSKAL SISTEMA LITERARIOAZ mintzo zitzaigun, Brnoko unibertsitatean eta Pragako Eusko Jaurlaritzaren merkatal ganberan-SPRI-, bertako eusko-txekiar elkarteak (Tomas Buchtele) antolaturik. Tomas Buchtele txekiarra da, Pragakoa, eta Pragako SPRIko zuzendaria izateaz gain, euskara sustatzen du hemen, eta euskara-txekiera hiztegia egiten ari da, baina denbora faltagatik mantso doa. Hala ere, beharko genuke argitaletxe interesdunen bat hemen edota han.
Laura Mintegi eta Iñaki Zubeldia idazleak 2010eko udaberrian etorri ziren gonbidaturik, eta Brnoko ( http://www.muni.cz/) nahiz Olomouceko (http://www.upol.cz/en/) unibertsitate banatan hitzaldi bana eman zuten. Laura Mintegik euskal literaturari buruzkoa orokorrean, eta Iñaki Zubeldiak euskal haur eta gazte literaturaz.
Tomas Buchtele txekiarrak euskal kulturari buruzko hitzaldi bat eman zuen pasa den 2010eko maiatzean Brnoko unibertsitatean, txekieraz.
2011ko apirilean, jadanik tradizio bilakatu den euskal literaturaren astean Harkaitz Cano idazlea eta Asier Serrano idazle eta kantaria etorri ziren gustura gonbidaturik hona, Brnora, eta poesia-errezitaldi musikatu elebiduna, euskaraz eta txekieraz eskaini genuen Sklenena Louka literatur kafetegian: http://www.cajovna-sklenenka.com/. Hona hemen euren poemak elebidun: http://es.calameo.com/books/00050491974f4c7987aa0.
2012ko apirilaren 26an ostegunean Sklenena Louka literatur kafetegian: http://www.cajovna-sklenenka.com/ euskal literaturaren eta kulturaren eguna ospatu genuen, “Gernika” gaia harturik. Urko Menaia poeta eta kantari donostiarra bertaratu zen Txekiako Brno hirira, eta errezitaldi elebiduna (euskaraz eta txekieraz) eskaini genuen, baita Urko Menaiaren kantaldiaz gozatu ere.

Zoriontsu naiz bizi naizelako.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s