2012ko urriaren 28a, igandea. Adiskide bat bazen…

Egunkari maitea,

atzo Urepelen Xalbadorri omenaldia egin zioten herritarrek, urtero bezala, urteroko hitzordura aurten ere ez naiz ni joan, baina gaur Txekiako Brno inguruko basoetan paseatzen nindoala nire omenalditxoa egin diot Xalbadorri eta honako abesti hau kantatu dut ozen eta bakarrik:

Hotza arnastu dut, bart elur edo euri pixkat egin bazuen ere, gaur ez zegoen zuri, baina hotz zegoen. Hotza arnastu dut, hartu eta bota, bihotza bizi dudala sentitzeko. Odolaren mintzoa atera zait gero, negar-malkoen ondoren etxean, zenbat min egin didaten pentsaturik. Azken batean neurea ardura (errurik ez, errurik ez baitago mundu honetan), ni utzi bainaiz min egiten, bihotza zabaldurik zaurigarriago izan zedin. Eta zauritu zidaten. Zauritu zen, larriki. Datorren nire olerki-liburu argitaratuarekin nire bizitzako etapa bat itxiko dut, eta horrekin batera zauriak itxiko ditut, josi nire eskuekin, sentimenduekin eta laztanekin. Bizitza berri bat hasiko dudala erabaki dut, beste nonbait, beste pertsona batzuekin beharbada, urtarriletik ekainera bitartean Brnon egongo naiz beharbada, baina gero ikusiko dut…

Ez dakit idatziko dudan blog honetan, baina seguru mesanotxeko nire egunerokoa idazten segituko dudala, pribatuan. Nire egiak eta benetako sentimenduak. Ene maitearen zain, benetan eta asko maite nauen horren zain…

“Zauriarekin elkarbizitzea dago. Hori da nire hipotesia. Gauza batzuk ez dira sendatzen. Denborak sendatzen du dena esaten zuen Itoizen kantuak; baina, ez, denborak ez du dena sendatzen. Eta egin behar dena da horrekin bizitzen ikasi, eta, ahal bada, horretatik ikasketak atera eta egin zaitzala gertaera horrek pertsona indartsuago, eta beste egoera batzuei aurre egiteko gaitasun handiagokoa”. Harkaitz Cano.

BATUKETA ETA KENKETA

Behin, ikasle alfer batek, Han maisuari istorioak kontatzea gustatzen zitzaiola jakinik, matematikako orduan galdera bat egin zion, ariketa batzuk saihestu nahirik.

– Han maisu. Zer da hobea, batuketa ala kenketa?
– Galdera interesgarria.

Ikasleak pentsatu bezala, maisua burutaziotan hasi zen. Ikaslea erdi lotan eta gustura zegoen, ez ikasteko aitzakia asmatu izanagatik pozarren, galdera egin zion maisuak:

– Zuk zer nahiago zenuke, batuketa ala kenketa?
– Ez dakit, umm… agian batuketa. Baina, zeren batuketa?
– Batzuk, bizitza guztian batzen aritzen dira: etxeak, autoak, dirua, boterea, lana, ezagutza… eta batuketa, kontsumo, erosketa, lan egite horretan joaten zaie bizitza. Orduan, hil ondoren, zertarako zuten hori guztia besteekin partekatu ez badute, gozate ez badute? Batze horretan, bizitzea ahaztu zaie.

– Ba, ez, horrela ez. Batuketa egingo nuke, baina partekatu ere bai.
– Orduan, kenketa gustatzen zaizu; partekatzeko, kendu egin behar da.

Beste batzuk bizitza osoan kentzen aritzen dira, husten.
Meditatzera erretiratzen dira, eta gizartea uzten dute. Horrela jarraitzen dute, eta lagunak uzten dituzte, familia, bikotea. Burua husten dute, desirak, nortasuna, eta batasuna lortu nahirik mundutik urruntze horretan igarotzen zaie bizitza. Eta, orduan, hiltzen direnean, zertarako dute kentze hori, besteekin partekatu ez badute batasun horrek ematen dien jakinduria, berekin bizi zirenekin elkartzeko gai izan ez badira?

– Baina nik ez nuke dena kenduke. Familia bat izatea gustatuko litzaidake, eta haiekin partekatzea nire bizitza.
– Azken batean, edukitzea gustatuko litzaizuke, hots, batuketa. Zer, orduan? batuketa ala kenketa gustatzen zaizu?
– Ba, biak noski!
– Orduan, berriro galdetzen dizut; zer da hobea, batuketa ala kenketa?

Irakaslearen berriketa xaloaz barre egin nahi izan zuen ikaslea nintzen. Baina, orduko hartan, burua nahasirik geratu nintzen astebeterako. Gero, pasatu egin zitzaidan.
Hogei urte eta gero, berriro etorri zitzaidan galdera, eta zerbait bizi izan eta gero, uste dut erantzuna aurkitu dudala:

Gehitu egin behar da, kendu ahal izateko: partekatu.
Kendu egin behar da, gehitu ahal izateko: partekatu.

PARTEKATZEA OREKA BILATUZ BIZITZEA DA.
BIZITZEA GEHITZEA ETA KENTZEA DA, ETENGABEKO DESOREKAN.

(Iturria: Hitzak ihesi/Palabras fugaces. Juanjo/Juan Kruz Igerabide)

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s