Egunkari maitea,
zorionekoa naizela pentsatu dut gaur, aspaldiko lagun batekin gosaldu ondoren Irunen: bizi naiz eta ingurukoak ongi daude orain eta hemen. Eta pentsatu dut bihotz minez egon naizelako, atera zaizkidala min fisiko eta gaixotasunak. Buru eta bihotzak elkarrekin loturik daude halabeharrez. Bihotza gelditu zaidala sentitu izan dut ene maiteak abandonatu ninduelarik, eta min handia izan dut barnean, negar asko egin dut. Erraiek ziztada mingarriak eman didate, baita hortzek ere oinaze handia eragin; eta dena gaizki nengoelako. Barkamena eskatu diet eduki ez ditudan nire seme-alabei, hilero, eta barkamena eskatu dut maitemintzeko arriskua hartzeagatik eta maitasunagatik dena emateagatik, nire bihotza zabaltzeagatik, eta maitatzeagatik. Negar egin dut ene bakardadean…
…bana irribarre egiteko arrazoi bat dut: bizi naiz eta gaurko haize leunak laztantzen nau besoa, eta muxukatu esnerik gabeko nire bularrak.
Eta pentsatu dut bihotza gehiago gelditzea nahi ez badut une batez edo betiko isiltzeko, honako hiru gauza hauek egitea garrantzitsua dela bizitzan:
1. BIHOTZEKO ORRATZAK INOLA ERE EZ UKITZEA.
2. EZ HASERRETZEA.
3. ETA BATEZ ERE, EZ MAITEMINTZEA.
Baina bestalde, HILKORRAK gara gizakiok eta ni ere bai, duintasunez hil nahi badut, MAITATUZ HIL behar dudala sentitzen dut, nahiz eta maitatzeagatik bikotekide gabe gelditu bakarrik, eta hil… hilkorrak gara, eta noizbait geldituko zaigu bihotza halabeharrez…
Beraz, zuek erabaki…
Nere ama maiteak nahiago izango luke nik liburu bat argitaratu baino, biloba bat emango banio, baina alaba tuntun hau tokatu zaio, harreman pertsonaletan eta amodioan motzegia, lotsatiegia, koldarregia…
…beti pentsatu izan dut maiteminduko nintzelarik munduko emakumerik zoriontsuena izango nintzela, baina hori gertatu zen, eta geroztik nire bizitzako gizonarekin egon ezinaren zama daramat bihotzean, eta horrekin aurrera egiten saiatzen ari naiz… ez dakit lortuko dudan, baina…