AGIÑA, Nafarroa
2012ko agorrilaren 13a, ez dok malefizio!
Lurraren gainean pausatu naiz
eta zeru urdineko
eguzki zuriak berotzen nauela ohartu,
zorioneko naiz, bizi naiz, sentitzen dut oraindik
honen guztionen parte sentitzen naiz.
Lurraren gainean pausatu ditut zentzumenak
eta sentimenduak zabaldu dira
pinpilin
panpalan
pauxa
bat-batean XIMELETA agertu da!
ene arimaren koloreak erakutsi dizkizut, bihotza!
HORIA, mairubaratzeko harriaren gaineko elikadura
MARROIA, izaki hegalarien gozamenerako ardikaka-pastel lurrintsua
BERDEA, lurraren biderakusle den iratzea.
URDINA, iratzea eta harria bateginik, alkimia
Mariren ukitu magikoa
lurraren deia eta oihua
koloretako kristalak.
MOREA, ene begirada sosegatua uda betean, uda(zkenea)n
ZURIA, untxi erraldoi baten itxura duen amets hodeitsua
LARANJA, ene bihotzeko maitearen isiltasunaren Oiartzuna
bitxilore bat eskuetan banu bezala,
“deituko al dit? ez al dit deituko?”
Maitemindurik nago…