2012ko uztailaren 23a, astelehena. Erromantiko hutsa ote naiz jendarte postmodernista kontsumista honetan galdurik?

2012-07-23

HITZEN KONTRABANDISTAK GARA

http://www.info7.com/2012/07/23/hitzen-kontrabandista-20/

AMAIUR

 

Eatik etxera bueltan, bi eguneko amets goxotik errealitate gordinera bueltan, Zumaia. Zuk Maia duzu izena erran dit idatzirik kartel batek, eta nik baietz egin diot begiekin, gidatzen nindoala ene aita zenaren auto barneko bakardadearen pentsamenduetan murgildurik: zer da errealitatea, zer ametsa?

            Amaiurren bihotz osoz ausart bizia eman zuten haien ametsa gurea da, eta gurea, berriz, haien ondorengo. Ametsa egia bilakatuko al da? Errealitate izanen da aske izateko nahia, independente izateko beharra, Nafarroako kateak bandera gorritik ezabatzeko garaia iritsi ote da? Kateak apurtzeko garaia iritsi ote zaigu? Erromantiko huts izatetik post-post moderno kontsumista izatera noiz pasatuko ote naiz, gainerako lurtarron gisara, zuek denok, nire garaikideok bezala?

            Erromantiko hutsa izan naiz, baina orain bihotzari ez, eta buruari soilik kasu egin behar ote diot, ez sufritzeko eta helburuak lortzeko? Bero jokatu beharrean, buru hotz dudala jokatu beharko dut hemendik aitzina, gauzak ongi pentsatuz. Izan ere, zuek lurtarrok, buruarekin hartzen dituzue erabakirik garrantzitsuenak, hala nola egunen batean ezkontza-kontratu bat sinatzea edota haurtzarotik lagun-koadrila batekin odolezko juramentua egitea. Nik bi horietako bat ere ez dut egin, eta Euskal Herri honetan koadrilarik gabe biziraun dut, eta familia bat osatzeko gogoa banuen ere, ene maiteak erran zidan duela sei urteko udan ez zuela nigatik arriskurik hartu nahi, ez zuela sufritu nahi eta bikote-harreman seguru bati ekin zion. Nik hargatik bihotza jarri nuen eta odola emateko gai ere nintzen, baina mutil kapulu gizon ustezko horrek burua hotz jokatu zuen, eta beste emakume batekin ezkondu zen gero, aseguraturik, arriskurik hartu gabe, ni konkistatu ondoren odoletan eta larriki zauriturik utziz. Bost urteko ezin bizi batean bizi izan naiz bakarrik eta maitemindurik.

            Bortzehun urtez egon da Nafarroa gurea ere bai, zazpietan lehena, bihotza zauriturik, ia odolustu zutelarik gaztelarrek Noaingo gatazkarekin 1512an hasi zen gerran, eta 1522an Amaiurren amaitu zena, Nafarroako Erreinuaren kanporatzea ondorio. Hala ere ez da amaitu ura; urak bere bidea egin du honaino, guganaino. Urak bere bidea egin du Xorroxin ur jauzietatik BiUrArteko itsaso gaziraino bidean, eta nik nire bidea egin dudan bezalaxe negarrez orain arte, halabeharrez. Bidasoa ibaian behera izokinaren bidea egin du bortz mendetako loak, eta oroitarazi dit maitasunaren ibai honetan, bizitza honetan, denok elkarrekin goazela, denok batera poesiazko eta maitasunezko ibai honetan goazela, elkarri laguntzeko gaudela eta ez nagoela bakarrik, nahiz eta lagun-koadrilarik ez eta ezkontiderik ere ez ukan, badut maiteño bat eta kuadrila magiko oiartzuar bat bihotzean, bizitzera bulkatzen nauena.  Mugak gure buruetan eta lurrean jartzen ditugun neurri berean, bihotzak ez du ulertzen lurtarron logika hori. Maitasunak ez du mugarik, eta elikatzen gaituen ura ez zen amaitu Amaiurren; bizi gara oraindik euskaraz.

            Euskaldunoi bizitzera bulkatu gaituen amets komun horrek egin du bere bidea isil-isilik, arroken aurka eta zipriztinduz ertzak. Hego-bihotzez mintzo natzaizue, herri honetan sortu bainintzen, aske izateko luxuzko nahi lortezin horrekin dantzan; horregatik ene bihotza hegoduna da. Nire herria haritz bat da, nire amaren itzala lorategian, eta gauza soil edo errazen besta goxoa dago bertan, eta lurreko bake honetan eguzkipean bihotzari kasu egiten segi nahi diot, baina seguru aski erromantiko huts izatetik burua hotz jokatzera pasa beharko dut.

Irudia

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s