2012ko ekainaren 11a, astelehena. Argitaratu ez den artikulua.

HITZEN KONTRABANDISTAK GARA

PEPICI /pepitzi/ (Pragako jende harroa Brnoko jende xumearen aitzinean)

Itsu-itsuan joan ohi naiz aunitzetan, buruarekin kontziente jokatu gabe, eta horregatik aunitz sufritu du ene bihotzak. Beharbada gaur gaueko ilargi betearen aitzakian ere, zorakeriaren bat eginen dut buruz jokatu gabe, baina arrazoiaren bila segituko dut, edo hobe esanda, orekaren bila ene bakardadean. Buru-bihotzaren orekaren bila segituko dut heldu den udan, txori-buru hau sendatzeko ahalegina eginen dut, beharbada bihotzak kontsolamendua eta lasaitasuna aurki dezan, zauriak milikatuz. Nire ametsetan lili xuri bat ikusi dut, loreak okerreko garaietan loratzen baitira, eta jaikitzen naizelarik, oraindik ere lore zimelduak usaintzen ditut, ene ametsetatik errealitaterako jauzian.

            Hello. Estazio eguzkitsu batean trena hartzea gustuko dut. Goodbye. Kaixo mundu honi zu gabe, ene maitea, zu aurkitu zintudan. Hello. Eta orain agur esaten dizut. Goodbye. Ez zaitut inoiz ahaztuko, trena Brnoko estazioan TXISTUKA sartzen delarik ere.

            Estazio euritsu batean trena hartzea gustuko dut. Death and Life. Bizitza eta heriotza elkarrekin doaz, eta bata bestea gabe ez da ulertzen, ez da sentitzen eta amesteari utzi gabe, errealitatea onartu behar dugu, onartu gure ezintasunak eta beharbada maite dugun hori ez dela gehiago itzuliko gure ondora. Umil, eta ez Pragako “pepici”en gisa jende xumearen gain, harrokeriaz jokatu, hobeak direlakoan.

Haurrek ere, bere txikitasunean, haien handitasuna erakusten dute batzuetan, eta saiatzen dira  ehizatzen ahotsak sakonetik; tristea bezain alaia izan daiteke uneoro entzuten dugun hots bakoitza. Konkistatzen ditugu bata bestearen bihotzak, eta larriki zauritzen gara, hiltzen ez bagara bederen. Tristea eta alaia izan daiteke aldi berean segunduoro bizitzen dugun denbora, aldi berean giroa eguzkitsua eta euritsua izan daitekeen gisa berean. Maitasunagatik dena emateko prest nengoen ni ere eta hargatik hiltzeko ere bai, maitasuna itsua edo nire kasuan miopea delako, eta edozerengatiko edo edonorengatiko maitasunagatik bizitza emateko prest gaude, baita aberri edo lur maite horregatik ere.

Bostehun urte igaro dira Nafarroako azken gaztelua konkistatu zutela Amaiurren, gaztelar “pepici” edo arranditsuek, baina urak bere bidea egin du orain arte eta egingo du hemendik aitzina ere; ez da ura agortu, eta orain lurragatik borrokatu zuten horiengatik negar egiten dugu. Negar egiten dugu gure aberriagatik. Lurraren sakonetik entzuten ditugun oihu eta ahots isil horiengatik zerbait egin nahiko genuke umil eta handitasunez orainean etorkizun independente bat izan dezagun, inor zapaldu gabe, harrokeriarik gabe, “pepici” izan gabe.

            Begiak zabaldurik noa bizitzaren trenean, iragana ahaztu gabe, orainean biziz eta etorkizunerantz. Etorkizuna delako den gauza bakarra zoriona aurkitzeko. Gaueko zilarrezko ilargiak egunsentiko kantu goxo bat kantatuko dit, eta beharbada negar egingo dut, hunkituko naiz, gaur abesten entzungo nauzulako, ene maitea, ametsetan soilik TXISTUKA ikusten zaitudan horrek entzungo nauzu beharbada, baina errealitatea onartuko dut. Nire haurtzaroko karrikak argituko ditu berriro ere ilargiak, eta joango naiz maitagarri itxaropentsu eta bihotzez kantatzera, umil, beharbada itxaropenik gabe maite dudala kantatzera. Eta agian entzungo nauzu txistuka, muxuka, zure ondoan, ene maitea, aberri aske eta zoriontsu batean agian.

Irudia

 

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s