2012ko apirilaren 21a, larunbata: KOMETA urdina eskuetan, hegan noa zugana, txistuka, saltoka…

http://ttipi-ttapairitzia.blogspot.com/2011/04/politikoki-zuzena-ez-banaiz-ere-uda.html

Politikoki zuzena ez banaiz ere, uda berri on denoi
Ainara Maia Urroz

Denok etorri gara mundura sufritzera eta gozatzera, eta inor ez ala denak gara biktimak. Negua eta udaberria baitira urtearen bi aldeak, eta bata gabe ez dago bestea.
Biktima hitza azken garaiotan gehiegi erabiltzen da, eta ni nekatzen hasi naiz biktimismoz joka­tzearekin. Hasteko, ni neu. Badirudi nik bakarrik sufritzen dudala mundu honetan, izan ere norberak bakarrik sentitzen baititu norbere minak, bes­teok sentitzen ez duzuen maiteminak eta ezetzak. Baina nik zuenak ere sentitzen ditut, eta aski da, ez dut gehiago sentitu nahi!
Izan ere, denok sufritzen baitugu eta norberak bere mina bakarrik sentitzen baitu benetan, ala? Hedabideetan etengabean ditugu biktimak hi­tzetik hortzera, biktimen erre­konozimendua eskatuz hainbat biktima-elkartek, baina nor da biktima? Zeren, noren biktima? Ez al gara denok biktima, denok sufritzen eta denok sufriarazten aldi berean?
Norbanako bakoitzak galerak izan ditugu eta ditugu etengabean, hori baita bizitza: etengabe galtzea. Edozein dela ere kausa, minbizia, atentatua, bor­txa­keta, gerra, lurrikara, tsunamia…
Atzo berean aitaren eguneroko besarkada jaso nahi nuen, eta gaur izeba Kontxiren albondiga goxoak jan. Bihar, berriz, amatxiren banabra gorriak. Bizitzak hiltzea du zor, eta minbizia madarikatuz ez da aita itzuliko. Alferrik da esatea estatu espainiarra nahiz frantziarra terrorista dela, edota ETA erakunde armatua are terroristagoa, eta gerra irabazten ari dela norbait.
Ez, ni ez nago inongo biktimen elkartean, eta ez naiz gehiago biktimismoan eroriko. Bizitzen segituko dut eguneroko urdin hau, eta poztu egingo naiz munduan gehien maite dudana zoriontsu delako beste emakume baten ondoan, ni bakarrik egonik ere. Pozten naiz gaur goizean txoriek kantatu didatelako eta xuxurlatu aita zenaren mezua: “amodioz gainezka bazaude, ematen segi ezazu, ainarita, erantzunik jasotzen ez duzula iruditu ar­ren; izan zoriontsu!”.

http://www.info7.com/2012/04/16/hitzen-kontrabandista-10/

2012-04-16
HITZEN KONTRABANDISTAK GARA
KOMETA

Eta banoa, jadanik dena idatzi dut. Poeta lagunak agurtu ditut bihotzez hurrengora arte, eta banoa poesiaren hatsaz elikatzen segitzera. Banoa ene maitea bihotzean beti, urrun eta banandurik egonik ere, hurbil eta elkarrekin baikaude.
Ene maite txistukari ahoskabe urdina zintzurrean trabaturik, mutu gelditu naiz udaberri gris honetan, baina Brno urdin dago, Brno Urdin beztitu da eta denek Starobrno Urdina edaten dute Kometa Urdinaren garaipenagatik topa egiteko. Izotz gaineko hockey finalean urdin jokatu du Brnok izotz-pistaren gainean, eta garagardo berdea Ostegun Sainduz edan ondoren, Bazko astea igarota, Starobrno garagardo urdina edan dugu, bentzitu ez, baina irabazi nahi baitugu bizitza honetan.
Bizitza honetan behar dut norbait begietara begiratuko didana hitz egiten diodalarik; nire penak eta isiltasunak pazientziaz entzungo dituena, ulertzen ez dituelarik ere, eta behar dut norbait nire sentimenduak errespetatuko dituena. Bizitza honetan behar dut norbait nire ondoan borrokatuko dena nik deitu gabe ere. Milan Kunderaren “Izatearen arintasun jasanezina” irakurria dut, eta Brnon sortutako hark zioen, gauza askoren artean, maitasuna gure erdi galdua aurkitzeko desioa dela.
Desio horretan galdurik, bizitza honetan behar dut norbait nigatik dena utzi eta nire ondoan egongo dena, maitemindu nintzenetik batez ere, baina hark ez zuen ausardiarik izan, batera taupaka egiten zuten bi bihotz hauengatik borrokatzeko, eta nik ez nuen indarrik izan, negar egiteko ez bazen 2008ko abuztu hartan. Ihes egin nuen Moraviara, Brnora, bi-bihotz taupaka. 2008ko uda hartako Bi Ur Artean zeruertzera begira, irribarre zuriari so, negarrez hustu nintzen eta bihotz hura ozeano urdin sakonean hondoratu zen, Kantauri itsasoan. Geroztik, bihotz bakarti honek segitzen du bizirik, eta bizirik segituko du Titanic-en gisa hondoratutako benetako maitasun horregatik, itsaso urdinaren sakoneko bihotz horregatik bizituko naiz, maitasunez. Maitasunak egiten baitu bihotza, eta nik dena bihotzez egin eta idatzi dut orain arte, eta barkatu horregatik, ene bihotz horrek, mindu bazaitut, barkatu maitasunezko hitz guztiengatik eta maitasunezko eskutitzengatik. Barkatu horregatik guztiagatik.
Bizitza honetan bakarrik eta maitemindurik egotea egokitu zait, hizki mutu gisa, bost urte eskaseko ainarita hura gogoan dut, aurre-eskolako ikasgela hartako txoko horretan geratzen zenez gero, lotsati, beldurti, bakarrik. Hura bera izaten segitzen dut, baina ez berdina noski, baina bera, ikarati bera. Udaberriak ikaratzen nau, dardarazten, astintzen, beharbada udazkenerako desagertuko, suntsituko direlako udaberrian sortutako itxaropen eta ametsak. Udaberriak ikaratzen nau bere kimu berde itxaropentsu erne berriekin eta lore zuri txiki hauskorrekin datorrelako isilik, erakargarri, ustekabean. Udaberrian sortu nintzen, behin, amaren sabeletik ateratzeko deia egin zidan udaberriak, eta ausartu nintzen munduratzera udaberriaren amaieran ia negarrik gabe eta isil-isilik.
Ez galdetu deus ere, arren, baina batzuetan galdetzen didazu, ene bihotz, zergatik diren gauzak horrelakoak hemen, mundu honetan. Zergatik batzuek diren zoriontsu eta beste batzuk zorigaitzeko. Zergatik batzuk negarrez dauden eta beste batzuk barrez. Zergatik batzuk hilzorian eta beste batzuk sagardotegietan horditzen?
Eta nahiko zenuke nik zuri erantzutea nondik datorren horrenbertze min, eta norantz dabilen bueltaka mundua. Nork saldu dituen gure sinesmenak. Nork, gure justiziak, bakeak eta askatasunak?
Bizitza hauetan, mundu honetan, horrela daude gauzak, diren bezalakoak dira, eta zuk jadanik badakizu ongi hori; badakizu ongi mundu hau antzoki handi bat baino, izotz-pista bat dela, bi aurkari egon daitezke, baina ez elkarren aurrean leihan, baizik eta elkarrekin nahasian.
Denok gabiltza irristaka izotzaren gainean, oreka mantendu nahian, batzuetan erortzen gara eta beste batzuetan gola sartzen dugu. Bidean, denok elkarrekin nahasian, erori ahala galtzen ditugu gauzak, galtzen dugu bidaidea, baina azkenean denok irabazten dugu Kometa bat airean, zeru urdinera hegan egin dezagun. Galdutakoa atzean utziz, irabazteko zeru urdin bat zurekin, ozeano urdinaren sakoneko ene bihotz horrekin.

 

BRNO.1

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s