2012ko martxoaren 14a, asteazkena.

EMAKUME HONEK GIZON HORRI ESKUTITZA
Itxaronaldi erromantikoa da obuluek beren buruaz beste egin aurretik ernaltzeko esperantzan espermatozoide bat noiz sartuko zain egotea.
Nik “maite zaitut, Ainara” kuttunaren edo maitearen ahotik entzun nuelarik alemanez euskal azentuaz, maitemintzeko arriskua berriro ere hartu behar ote nuen zalantzan nengoen, eta bitartean gizon dohatsua lorez lore ibilki, bizitzatik bizitzara usnaka, probatzen.
Ene maitea, gauza bat eskatuko dizut lehenbiziko aldiz: ez eman niri minik bihotzean, erran ondoren ez ninduzula minik egin nahi, ez jolastu nire sentimenduekin, arren, sentiberegia bainaiz eta neurtu hitzak erran aitzin, mesedez, mutiko, heldu gabeko gizon kapulu hori.
Iruten ari nuzu kilua gerrian, oi pello, pello, ardura dudalarik nigarra begian zuk niri errandakoa gogoan iltzaturik, zure kuttun eta laztanen zain, eta urrundik dator halako ahots bat negarti mitxoleta artetik, “ai lindisima amapola, no estes tan sola, es ist nicht gut ein Mensch allein zu sein”.
Itxaronaldi erromantikoa da oraindik ere zure hitzen altxorren distiraren sugarra nigan pizturik mantentzea zure isiltasunean. Ahul, minez nago, larriki zauriturik, larriki maitemindurik, baina zer ote da mingarriagoa, itxaroten dudan honen sufrimendua, edo inoiz inor itxaron ez duen horren sufrimendua?
Maitasun inkondizionalaren izenean, baldintzapeko askatasuna eskaini zenidan pixka batean bakarrik hegan egin nezan, eta nik txintxo-txintxo kasu egin nizun, mutiko, aita zenari ere kasu egin nahiko nioke, baina nekaturik nago bakarrik ibiltzeaz, beti bilan, zoriontsu izan nahian. Beharbada ideia bat airean dabil, hutsean, ausentziaren amaiera, nire bertsoen etorrera eta zure poesiarena iragartzen duena.
Gauza bat eskatuko dizut, lehenbiziko aldiz, isil baino, txistuka publikoki: maite banauzu, maita nazazu osorik, eta ez zatika, argi-itzaletan dantzan, zurrupaka; maite banauzu, mutiko, edo heldu gabeko gizon kapulu hori, maita nazazu zuri eta beltz, eta gris, eta berde, eta ilehori, eta beltxamorena… maita nazazu egunez, goza nazazu gauez, eta goizaldean, leihoa zabal-zabalik dagoen toki honetan. Maite banauzu, ez nazazu ebaki, maita nazazu osorik, edo ez nazazu inola ere maita.
Itxaronaldi erromantiko honetan, negar-malko gazi hauek guztiak itsaso dira jadanik, eta tentazio hutsa da zuri beste maitasunezko eskutitz bat botila baten barruan bidaltzekoa. Ilargi bete zuria amodio perfektua bezala agertzen zait orain, zilarrezko forma biribilekin, eta egunero nire leihoaren ertzean hegalak zabaltzen ditut. Sua pizturik dago oraindik, orok urdin segitzen du izaten, goizero.
Badirudi enarak urtero itzultzen direla, baina berdinak izan arren, ez dira berberak, eta behin eta berriz errepikatzen zaidan ametsak nola segitzen duen jakin nahiko nuke. Zuk soilik eman diezaiokezu jarraipena nire amets errepikakorrari.
Gau izartsu honetan lo egitera noa, ohera, eta mesedez, piztu iezadazu, mutiko, argitxo bat mesanotxean, estal nazazu ohe-estalkiarekin. Utz nazazu bakarrik, eta maite dudan horrek deitzen badu telefonoz, esaiozu ez eusteko deiari, esan atera naizela.
Orain badakit erromantizismoa modaz pasata dagoela, nagoela, eta ezin dudala inoren zain egon, ezin dudala nire barruan dagoenaren zain egon. Ni naiz maitasuna bera, ni naizen maitasun hau hartu nahi baduzu, nere maitea eta kuttuna, oihartzun batez iristen bazaizu atzerri honetatik, Europaren bihotzetik, aberri horretara, etorri nire bila. Orain badakit zuganantz nindoala eta zu niganantz luzaroan. Biotako inork, baina, ez genuen elkar sentitzen ezagutu aurretik; gure ezjakintasunaren azpian alaiki kantatzen zuen ziurtasun inkontziente bat zegoen. Gure ezjakintasun horrek elkartuko gintuzke berriro… izan zaitez soilik nire lagun, nire bidaide, nire maitale…

Ainara Maia Urroz
Brno, Txekiar Errepublika

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s