2012ko ilbeltzaren 30a, astelehena. Brnotik goraintziak eta mila muxu, hil arte BIZI!

Egunkari maitea,

hona hemen nire irratsaioa:

2012-01-30
HITZEN KONTRABANDISTAK GARA
BIZI!

Edonola ere, zoriontsu naiz ene bihotzean goxo zaudetelako familia osoa eta lagun guztiak. Gauza asko falta zait, eta triste nago, baina zoriontsu naiz, ene txistu isil hori; zurekin bizitzea da nahi dudan gauza bakarra, baina ez dut behar zu bortxaz nirekin bizi zaitezen. Zoriontsu izan gaitezen eta urte berri on guztioi txinatarren ez dakit zenbatgarren Herensugearen urte honetan, nire urte honetan; bihar arte, aio!
Jainkoak nahi badu, edo insha alla, noski, baina nik nahiago nuke nire bizitza nire esku soilik balego, den-dena ez baitago nire esku, ala? Gaur-gaurkoa erraten diot neure buruari, eta hil arte bizi! Iturendik Zubietara, eta Zubietatik Iturenera bihar; ematen dudana jasoko baitut, eta biziko naiz zugatik, zugandik urruntzen banaiz ere, hurbilduko naiz bihotzaren indarrez.
Lurretik airatu naiz, eta banuie ihesean-edo, itzultzeko, barkatu gaizki esaneginak eta onak oroitu, agian damu nauzu, baina ez dut damutu nahi, iraganeko erabakiak eta sentimendu zintzoak ezin ditut aldatu, eta aitzina segitu behar dut nola edo hala bakarrik, irrinegarrez, banuie hegan Biarritzetik Europaren muinerantz, gero berriro ere itzultzeko.
Nire bizitza airetik dilindan baino, airean jezarrita dago, nirea ez den bizitza neure hau hedatu dut lau haizetara, aire zuri hotzean. Errari nabil hara-hona amodio bat inon zain ez dudanetik, bihotza bizi-bizi taupaka, txistuka eta burrunbaka isil. Larrialdi egoeran airea nola hartu erran didate frantsesez eta ingelesez AIR FRANCEn, eta niri larriki zauritu zidan bihotza punteria txarra duen Cupidok.
Baina nola hats har dezakegu lasai oxigenorik ez dagoelarik eta oxigeno-apur soberakina bihotzeko arteketatik ihes egiten duelarik? Zer dea garrantzitsuago, maitatzen dugunean ala maitatzen gaituztenean? Nola bizi hil arte maite dudan hori gabe?
Hil arte bizi, bihotza taupaka, begiak itxita, amesten, ene maite txistukari isilarekin hain da erraza amestea! Banuie hodei zuri hotzen artetik, lainoturik bista, banuie ihesean-edo, itzultzeko, barkatu gaizki esaneginak eta onak oroitu, agian damu nauzu, baina ez dut damutu nahi, iraganeko erabakiak eta sentimendu zintzoak ezin ditut aldatu, eta aitzina segitu behar dut nola edo hala bakarrik, irrinegarrez, banuie hegan Biarritzetik Europaren bihotzeraino, berriro ere itzultzeko. Itzultzeko zer? Itzultzeko nor? Itzultzeko nora?

Izatekotan halabeharrezko bizilegea onartu beharko dugu, jun-jin-jan orekaren sokan gabiltzala denok egunero alegia. Deus ere ez dela kasualitatez gertatzen eta denak duela kausaren bat gerta dadin esan zidan ene bihotzeko Asier batek behin, eta segitzeko neure bidean, elkartu behar baldin badugu, elkartuko garela berriro ere bat egin arte, hil arte bizitzeko, neure barnean bizitza berri bat ernaltzeko. Elurreratu naiz Txekiako hiriburuan, hotz, eta irristaka noa gurpilen gainean Brnoraino. Elurreratu naiz Pragan, eta zure zain egonen naiz, ene maite isila, lurrean oinak ezarririk. Hurrengoan bertsotan erranen dizut begietara begira zenbat maite zaitudan, beranduegi izan gabe.

ainara-idazten-2013-urteberri-on

Kultura

Literatura

‘CHANSONS D’AMOUR, ILARGI BETERIK GABEKO GAUAK’

2013-01-27 / Berria

Egilea: Ainara Maia Urroz.

Argitaletxea: Maiatz.

Maiatz argitaletxearen Uhargi bilduman eman du argitara Ainara Maia Urrozek (Irun, Gipuzkoa, 1976) Chansons d’amour, ilargi beterik gabeko gauak bere lehen poema liburua, «amodiozko atsegin, minak eta esperantzak» islatuz ondua. Txekiako Brno hirian bizi da egun, irakaskuntza lanbide duela.

index

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s