2011ko abenduaren 28a, asteazkena: inuxenteon egunean udako negu kiskalgarri baten kronika BERRIA

ZERUA, 2010-08-15

Goizean goiz jaiki naiz Irundik  Donostiara, handik Loiura joateko autobusez.

            Orain, Bilbotik Erromara bidean nonbait nago zeru zuri-urdinean. Bi urteren ondoren, atzerrian, orain gauzak asko aldatu dira. Zu zoriontsu zara ni gabe, hori esan zenidan bederen telefonoz. Zure gogoz nago bakarrik aberrian, eta nik ere bizitza berri bat hasi behar dut, hasiko dut. Ni ere zuriz jantziko naiz eta zoriontsu izango naiz. Baina gero, astebete eta gero. Oporretara noa Erromara lagun batek gonbidaturik, eta astebetez gozatuko dut nire oporrez.

Zergatik agertu zinen duela ia bost urte Senperen? Zergatik idatzi zenidan lehenbiziko SMSa? Ni zoriontsu nintzen eta feliziana bat zu agertu aurretik. Nire bizitza hankaz gora jarri zenuen betiko, txarrerako eta onerako. Betiko maitemindu nintzen zurekin eta zure hitza jan zenuen: “ojala urtebetera elkarrekin bagaude!” eta nik sinetsi. Baina urtebetean gauza asko alda daiteke.

Nire bizitza hankaz gora jarri zenuen, eta orain zure gogoz nago, bakarrik. Maite zaitut esperantzarik gabe itxaropentsu.

Orain, banoa laino zurien artetik atzerrira, astebetez ongi pasatzera, ahaztera. Baina beharbada oroitzeko aberrian, gero?

Zergatik agertu zinen duela ia bost urte Senperen eta nire bizitza hankaz gora jarri? Ez duzu eskubiderik nahi duzunean nire bizitzan sartu eta handik ateratzeko beste neska bat agertzen den aldiro eta nitaz ahazteko! Zuk frogatu didazu gizon eta emakume arteko adiskidetasuna ezinezkoa dela, zuretzako emakumeak objektu sexual hutsa eta hitsa garela, eta nik ez dut ulertzen sexu hori, maitasunik gabe.

Zure promesa betegabearen ondoren, bi urteren ondoren, zure gogoz nago, bakarrik. Eta ez dakit zer egin. Ahaztea eta oroitzea mingarria da, baina mingarriagoa da zer egin erabakitzea zuk utzitako zulo handi honekin.

Nekatu naiz bakarrik bidaiatzeaz, eta zure gogoz nago. Baina oraingoan ere oporretan bakarrik noa lagunengana.

Lainoen artean nago ametsetan, zurekin noizbait egotearen esperantzan. Aio, ikusi arte. Banoa edo banator, nonbait, hankaz gora, bihotza zulaturik, negar-malkoen bidean behera. Oso gogorra izan baita lehenbizi aita galtzea eta gero zu. Baina bioi agur, ikusi arte, egun handira arte erran dizuet aurten. Hamarkada luze honi bukaera emateko garaia heldu da. Pasa den igandean Gorramendi kaskora igota, “gora gu ta gutarrak!” oihukatu genuen familia osoak, eta zuen bien errautsak lau haizetara hedatu nituen. Huts egin didazu, baina barkatzen dizut. Zure altxor berezia nintzen, baina botata utzi zenuen. Sentitzen dut eta eskerrik asko nire bizitzako garairik politena emateagatik. Horregatik maite zaitut esperantzarik gabe itxaropentsu.

Banoa. Zure altxor hau ez dago zure besoetan jada, nahiz eta behin ainara honek habia egin zure bihotzean. Banoa, hankaz gora bizitza, mindurik, esan zenidan arren minik eman nahi ez zenidala. Zure bikotekide berria ez da batere atsegina izan nirekin telefonoz, eta azken bi udak infernu bilakatu dizkidazu. Ni zuretzako maitasuna eta hitz politak izan ditut beti, eta orain nik behar zaitudanean pikutan zaude. Banoa, pinpilinpauxaren gisa berean, zerriaren gainetik gora airatuz. Zure besarkada hori behar nuen eta behar dut beste ezer baino gehiago, baina Olentzerok lan gehiegi du zuen guztien kapritxoekin. Banoa, Korsika gainetik Erroma aldera. Zeru urdina eta hogeita zortzi gradu! Bilbo fresko eta busti utzi dut, bihotzeko hitz hauek hemen gelditu dira, zure hitzak haizeak eraman zituen bezala.

Zer aurkituko ote dut Erroman turistez eta eguraldi eguzkitsuaz gain? Ez dut planik egin, baina badaezpada poltsan Erromako plano bat daukat.

Banoa bakarrik, zuk aurkitu ninduzun bezala. Zure eta nire maitasunarekin. Bakarrik. Lehen bezala, baina ez berdin. Zuk aldatu ninduzun, hankaz gora jarri, dena zalantzan jartzeko. Nire ordura arteko zoriona ere zalantzan jartzeko.

Banoa nire bizitzan. Nire amak uda honetan esan du “onegia” naizela mundu honetarako, zuendako. Ez dakit seguru zer esan nahi zuen, baina egia da “onegia” izatea dela besteek norberaz probextea eta norbera engainatzea. Ontasun hori profitatuz zoriontsu izatea erraza da besteontzat, ala?

Banoa, ez dut zurekin itzuli nahi min ematen baitidazu. Lurrartu dut eta agian beste planeta batera joango naiz bizitzera, Stephen Hawkins zientzialariaren aholkuz.

 

FRANCESCA  lagunaren etxea

2010-08-16

 

Gau bat pasa dut Erroman, Francesca lagunaren etxean. Atzo arratsaldean nire zain zegoen tren-geltokian eta bere etxean afaldu genuen. Gero elkarrekin joan ginen Trastevere aldera itzuli bat egitera gau giro goxoan. Aspaldian ez ginen egon elkarrekin eta gure kontuez hitz egin genuen. Tiber ibaiaren ertzean, jende artean Ferragosto egunean. Jaiegunean. Abuztuaren 15ean jaiegun handia da Italian ere bai.

Eta orain luze lo egin ondoren, hartaz ere oroitu naiz, txistuka bihotzean. Harekin egon nahiko nuke hemen ere uda-giro goxo honetan. Erroma ikaragarri xarmangarria iruditu zait gau batean, erromantikoa harekin eskutik heldurik ibiltzeko. Astebete barru itzuliko naiz aberrira eta Hura Zen hura besarkatu nahiko nuke, eta gureaz hitz egin. Behar dut. Baina orain, aste hau bizitu nahi dut. Maite zaitut itxaropentsu.

ITURRIEN HIRIA

Erroman nonahi daude iturriak. Ikusgarriak, gainera. Eta edangarriak. Xacobeo urte honetan nire erromesaldia Erroman hasi dut, promesa bakar batekin: nire burua zoriontsu izatea. Bide guztiak Erromara joaten omen dira, eta hemen agertu naiz. Orain ea zein bide hartzen dudan hemendik aurrera. Ea nora noan Erromatik.

Monte Mario. Bertara igo naiz oinez eta Erroma ikusi dut. Bertatik jaitsi naiz eta Francescarekin erosketak egin ditut. Gero, aperitivoa hartu dugu Café Mazzanin: Spritz bana. Elkarrekin hitz egin dugu gure gauzei buruz.

Gero, afaldu dugu etxean eta Trastevereko tren-geltokira joan gara: Laura, Andrej eta Monika lagunak iritsi dira Erromara Vienatik, gurekin elkartzera. Ingelesez mintzatu gara, eta biharko plana egin dugu. Pozik nago lagunak berriro ikusteaz, eta Francescak haize fresko hau oparitu dit bere etxe zoragarrian, une batez, aste batez bederen ene bihotz mina ahazteko, goxatzeko. Txistuka ari zait bihotza, pentsatzen dut gustatuko zitzaidala berarekin esku harturik hemengo kaleetan paseatzea! Berarekin egon nahi dut, bera besarkatu nahi dut. Izan ere, oporretan nago ni, baina ez maitasuna, eta maite dudana daramat noranahi noala. Maitasuna ez da inoiz oporretara joaten. Astebetera, harekin egon nahi dut ilbetearen argitan. Indarberritu eta haizeberritu egingo naiz hemen eta ausartuko naiz behingoz bihotzak esaten didana egitera maiteari begietara begiratuz.

ERROMA, 2010-08-17

Colosseum! dixit Plinio.

Harean berrehun lehoi eta hamar elefante ikustean.

            Baina odolak harearen tokia hartu zuenean, Pliniok ezin izan zuen jasan eta Circo hartatik atera zen. Plinio eskandalizaturik atera zen kolosal handitik. Duela bi mila urte-edo. Goitik behera begiratzetik nekatu zen, odol gorria itsaso gorri bilakatu baitzen Colosseumaren erdian eta goitika egiteko gogo jasanezinaz lasterka atera omen zen eta kronika hori idatzi zuen idazle erromatar horrek latinez.

Il foro romano!

Etxebizitzak eta etorbide komertzialak. Jauregiak eta tenpluak. Abuztuan bero handia egiten du eta aire egokitua ere bazuten etxeetan. Berogailua neguan eta ur korrontea…

 

                                                        ERROMA, 2010-08-18

Louvrera bezala Parisen, Vaticanora joan gara egun pasa Erroman. Nekaturik itzuli naiz arratsaldean Francesca lagunaren etxera, eta bere etxean berriro ere beste erakusketa bat, pribatua: Gianlucca Brancaleone’s gallery (Francescaren mutil-laguna arkitektoa da ogibidez).

Postal asko bidali diet ene bihotzean dauden pertsonei, horien artean ene  bihotzeko txistuari:

Oporretan nago Erroman

Baina maitasunak ez duenez

Inoiz oporrik hartzen

Bihotzeko eskuzko hitzak bidali dizkiot…

Piazza Navonara eta gero… Campo di Fiori plaza xarmangarrira! Erromantikoa, polita, maitearekin eskutik heldurik paseatzeko aproposa.

Tiber ertzean jazza entzunez birra bana edan dugu. Nekea ere erori zaigu gainera bat-batean, eta egunak eta gauak badoaz aitzina. Euskal Herrira itzultzerakoan nahiko nuke norbaitek itxarongo balit aireportuan, Loiun. Hori da bihotzak samurki desio didana, xuxurlatu didana txistuka.

Lotsa ematen dit hemen idaztea; izan ere, suposatzen zen hau bidai-kaiera edo kronika bat izan behar zuela, eta gauza batzuk idazten ditudanean, kronika hau neska nerabe txotxola baten egunkari ezkutua dirudi. Hogeita hamalau urteko neska nerabe txotxola baten kaiera dirudi, ala?

Baina ez naiz nerabea. Maitemindurik dagoen emakume bat naiz. Etxerik ez duen emakume honek gonbidatu nahiko lituzke Francesca eta Monika bere etxera, Euskal Herrira, baina ezin diet amaren etxera gonbidatu.

–          Pronto! Alla Carbonara…!

–          Gelato!

 

 

 

LARGO GIOVANNI NICOLA, 2010-08-19

Keats, Puskin…

…idazleari tokiak eragiten dio, non bizi, hala idatzi. Hala bizi, nola idatzi.

Nik neuk ere, idazle ez banaiz ere, idazle naizen aldetik, bidaiatzen dudanean idazteko gogoa izaten dut. Toki berri batean hankak finkatzean odola mugitzen zait behatzetatik hatzetara, bihotzera eta handik burura.

Fontana di Trevi turistez gainezka eta ni bat gehiago. Txanpon bat bota dut maitasunean oparo izateko, maite dudan horrekin bizi berri bat hasi nahi dudalako.

–          one coin…

Beharbada tuntuna naiz, baina oraindik maitasunean itsu-itsuan sinesten dut, garai komeniente hauetan.

Eta gero, freno e friccione, mago guarda…

 

ERROMA, 2010-08-20

Gaur egun lasaia. Lasai paseatu dugu Trastevereko karrika xarmangarrietan, eta gero, Il giardino degli aranci aldera joan gara.

Atzo Piazza dei Popolo eta Monte Parioli bisitatu ondoren, gaur Mussolini garaiko hiri arkitektoniko erraldoia bisitatu dugu.

Esloveniako ardo gorria dastatzen ari naiz Francesca lagunarekin bakarrik. Esloveniako bikote-laguna eta Monika poloniarra joan dira eta ni bihar joango naiz. Akabo Erromako oporrak! Eta orain, zer?

Zazpi muinoen hiri miragarri hau utziko dut, eta ene bihotzari kasu egingo diot; saiatuko naiz maitasunezko hasiera ematen ene bihotzari beste bihotz horrek aukera bat ematen badit bederen, eta saiatuko naiz hitz egiten, edo sentitzen, saiatuko naiz ene bihotzeko lagunak errespetatzen eta ulertzen. Zoriontsu izan daitezela! Eta ni ere bai…

…la ultima notte!

Barkatu, sentitzen dut, eskerrik asko eta maite zaitut.

 

ERROMA, 2010-08-21

L’ultimo giorno.

Amets batekin esnatu naiz negarrez, bihotzeko lagun batekin, zurekin egin dut amets, eta gero, dei bat jaso dut erdi lo eta malkoekin begietan: “enara bat airatu zaigu, ainara, zerura, joan zaigu bere gorputza baina poesia gurekin gelditzen da, bere arima eta izatea gurekin dago!”.

Eta aireporturantz abiatu naiz, Fiumicinoko aireportura trenez.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s