2011ko abenduaren 1a, osteguna… Kontxi lehengusinaren urtebetetzea, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperetan

Europaren bihotzetik euskara eta euskal kultura lau haizetara

 

Duela hiru urte etorri nintzen Brnora, Txekiar Errepublikako Moravia eskualdera. Mapan begiratu nuen Brno: Txekiar Errepublikaren hego-ekialdeko Moravia lurraldeko hiriburua, Vienatik iparralderantz, Pragatik ekialderantz, Bratislavatik mendebalderantz eta Berlindik nahiz Krakoviatik hegoalderantz.

Saiatzen ari naiz zorionbidean.

Begiak bustirik eta irribarrea ahoan agurtu nituen denak Hondarribiko aireportuan 2008ko irailaren 17an. Lainoen artetik ametsetan hasi nintzen deskubritzera nindoan lurralde ezezaguna irudikatzeko eta iragan hurbil mingarria gogoan. Baina, aldi berean, itxaropentsu, bakarrik. Ezin nuen bizi Euskal Herrian, eta horregatik joan nintzen, Euskal Herriko behin-behineko euskara teknikari lana utzirik. Joan nintzen ahazteko maite nuela, ahazteko maitemina. Pragara arratsaldeko lauretan iritsi nintzen, Bartzelonan eskala eginez. Lehenengo nire oztopoa aurkitu nuen: txekiera. Hizkuntza ez nekien, eta ingelesez moldatu behar izan nuen Pragatik Brnorako autobusa non hartzen ote zen jakiteko.

Abiatu nintzen behin
bizitzaren abentura honetan
negar-malkorik gabe
eta isil-isilik.
Abiatu nintzenetik hona
negar batzuk egin ditut, ordea,
eta euri pixka bat ere egin du
goitik behera;
eta lagunak ibili zaizkit
haizea bezala,
oraindik ere
neure inguruan darabilzkit
jirabueltaka…

Milesker, nigan konfiantza izan duzuen guztioi, eta eskerrik asko lagundu didazuen guztioi, gaur hazilaren 24a “eskerremate-eguna” eguna omen da Ipar Ameriketan, eta eskerrak ematen dizkizuet Europa zaharretik.  Ez naiz damutzen, baina batzuetan galdetu izan diot neure buruari zergatik demontre maitemindu ote nintzen lamien eta sorginen lurraldean. Aldatu ninduen erabat. Aldatu nau.

Egunero hasi nintzen idazten egunerokoa interneteko blog batean, paperezkoa baztertu gabe:  https://xorinokantharia.wordpress.com/. Bestalde, nire poesia sarean garatzen joan zen liburu gisa ezin argitara nuena, eta “poeta bizien kluba” blogaren bidez hedatu nuen sare poetikoa: http://www.blogak.com/gorgoinetan.

Brnoko Masaryk unibertsitatean hasi nintzen duela hiru urte euskara irakurle edo irakasle gisa, eta letren fakultatea dut lantoki: Filozofická Fakulta. http://www.muni.cz/phil/people/108505. Nire bulegoa, euskarazko irakurlegoaren bulegoa, ezagutu nuen, Petr Kylousek irribarretsuaren eta Departamendu Erromanikoko buruaren eskutik. Harekin frantsesez moldatu behar izan nuen, frantses filologiako irakaslea baita. Hark aurkeztu zizkidan gainerako fakultateko kide batzuk: Pavlina Svandova lankide eta lagun mina, David Utrera katalan irakurlea eta lankidea, Lubomir Bartos doktorea eta bulegokidea, Daniel Vazquez espainiar filologiako irakaslea, Beatrice Vicaire frantses filologiako irakaslea, Dagmar Holoubkova idazkaria, eta beste hainbat jende abegitsu.

Joan nintzen itzultzeko, jakin gabe itzultzerakoan zer eta nor aurkituko nuen nire zain. Ez nekien zer sentitzen nuen maite nuen guztia atzean uzterakoan, baina nire bihotzean zehar zihoan dena. Ez nekien zer nahi nuen, hark utzi zidan oroitzapen horretan, eta leku berri batean nengoen. Neure ametsetako bat bete nuen bederen, Praga ezagutu nuen, eta Viena ere bai. Europaren bihotzean nengoen nire bidean.

Prahatik olerkiak idazten dizkizut

neure bihotza zurekin dago.

Brnotik poezia idazten dizudanean

zurekin nagoela iruditzen zait.

Egunez Moraviako eki zuriak itsutzen dit

gauez ametsetan zure aurpegia marraz dezadan.

Gauez Bohemiako kandela argiek begiak zabaltzen dizkidate

egunez karrika hezeetan zurekin eskutik heldurik ibil nadin.

Prahatik Brnora eta noranahira doaz hitzok zuretzat

mundu hau mugagabea baita,

Neure sentimenduek oztopo guztiak gainditzen dituzte

maitasun mugagabe honetaz gozatzeko. Bizitzeko.

Lektorsky Dum-ean bizi nintzen Brnon, hizkuntza desberdinetako unibertsitate-irakasleen edo irakurleen etxean alegia. Eta handik, Hegaberen karrikatik Grohova karrikara mudatu naiz aurten, fakultatetik oso hurbil.

Urte bakar baterako etorri nintzen, urtebeteko heltze-denbora eman baikenion nire bihotzeko lagunak eta biok (Mr Big handiak niri errana 2008ko maiatzean) gure arteko maitasun-adiskidetasunari, baina gauzak eta pertsonak aldatzen dira, gara, eta berak beste neska bat ezagutu eta nik hemen segitzea erabaki nuen, ez bainuen bera gabe, bakarrik egon nahi, Euskal Herrian.

Laugarren urtez ari naiz euskara, euskal kultura, euskal literatura eta euskal zinema hedatzen unibertsitatean, eta horretarako interneta lan-tresna egokia izan dut. Euskal literaturaren eta euskal zinemaren blog bana sortu nituen ikasleentzat, eurek txekieraz osatzen laguntzeko: http://www.blogak.com/euskal_literatura/ eta http://www.blogak.com/euskalzinema.

Irakaslea izateaz gain, ameslaria eta olerkaria naizenez, nire olerkien errezitaldiak ere eskaini dizkiet txekiarrei, txekierazko itzulpenekin, 2010eko apirilean eta 2011ko maiatzean: http://es.calameo.com/books/0005049196d812c27dec4.

 

Zenbait hizlari gonbidatu ditut  Euskal Herritik euskal literaturaz hitz egin dezaten: Jon Kortazar bere emaztearekin 2009ko udaberrian etorri zitzaigun bisitan, eta gaztelaniaz EUSKAL SISTEMA LITERARIOAZ mintzo zitzaigun, Brnoko unibertsitatean eta Pragako Eusko Jaurlaritzaren merkatal ganberan-SPRI-, bertako eusko-txekiar elkarteak (Tomas Buchtele) antolaturik. Tomas Buchtele txekiarra da, Pragakoa, eta Pragako SPRIko zuzendaria izateaz gain, euskara sustatzen du hemen, eta euskara-txekiera hiztegia egiten ari da, baina denbora faltagatik mantso doa. Hala ere, beharko genuke argitaletxe interesdunen bat hemen edota han.

Laura Mintegi eta Iñaki Zubeldia idazleak 2010eko udaberrian etorri ziren gonbidaturik, eta Brnoko ( http://www.muni.cz/)  nahiz Olomouceko (http://www.upol.cz/en/) unibertsitate banatan hitzaldi bana eman zuten. Laura Mintegik euskal literaturari buruzkoa orokorrean, eta Iñaki Zubeldiak euskal haur eta gazte literaturaz.

Tomas Buchtele txekiarrak euskal kulturari buruzko hitzaldi bat eman zuen pasa den 2010eko maiatzean Brnoko unibertsitatean, txekieraz.

Aurtengo udaberrian, 2011ko apirilean, jadanik tradizio bilakatu den euskal literaturaren astean Harkaitz Cano idazlea eta Asier Serrano idazle eta kantaria etorri ziren gustura gonbidaturik hona, Brnora, poesia-errezitaldi musikatu elebiduna, euskaraz eta txekieraz eskaini genuen Sklenena Louka literatur kafetegian: http://www.cajovna-sklenenka.com/. Hona hemen euren poemak elebidun: http://es.calameo.com/books/00050491974f4c7987aa0.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s