2011ko hazilaren 23a, asteazkena… egunkari hau hemendik aitzina ezkutuan idatziko dut, hasi aitzin egiten nuen bezala, gauero ohean.

Kaixo, atzo Alpeetako nire lehengusinaren urtebetetzea zen, eta hark esan zidan aurten “mejor sola que mal acompañada” … zorionak, Christine!

sentitzen dut, ene irakurle maite…

…erabaki dut, erabaki dugu ene bihotzeko lagunak eta biok, aunitz sufritu eta hausnartu ondoren, ez dugula aukeran gehiago sufritu nahi, ez dugula nire penetan gehiago ito nahi, eta pozetan igeri egiten ikasi nahi duela korrontearen aurka dabilen Bidasoako izokin honek. Hegan egiten ikasi nuen, baina igeri egiten ikasi behar dela ohartu naiz mundu urdin honetan bizitzeko. Lagunduko didazu, ene bihotzeko lagun?

Erabaki dut aurrerantzean hemen ez dudala bi lagun minen arteko intimitaterik kontatuko gehiago, eta horiek bihotzean iltzatuko ditudala. Ageriko egunkari hau idatzi aurrekora, historiaurrera, itzuliko naiz: Ainararen egunkari ezkutua gauero idazten segituko dut mesanotxean, eta hemen soilik ageriko artikulu literarioak soilik idatziko dudala, idaztekotan.

Eta Leturiaren egunkari ezkutu hartaz oroitu naiz, Txillardegik 1957an idatzitako lehen euskal eleberri modernoa eta existentzialista, gaurko euskal literaturako klasea prestatzen ari naizela “euskal nobelagintza modernoa XX.mendean”:

LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA

Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”

Sekulako aurkikundea egin dut!

Lehengo egunean esaten nuen bezala, gaztetu egin nau mundu berri honetan mugiltzeak, eta berriro ere zorion-azkure biziak. Haizearen olerkia dastatzeko gai naiz bigarren aldiz, lehen baino gehiago noski: gaur bezain samurkiro ez nau itzalaren hozkirriak sekulan laztandu.

Argi ikusi dut gaur, eta bihotz-hutsunearen sustraiari igarri diot: Jainkoaren egarri da gizonaren zorion-mina. Zerbait Absolutu behar zuen nere bihotzak. Hartan atsedena eta atsegina edateko. Betetasuna behar nuen, osotasuna, gelditasun osoa, bake egiazkoa, egia hutsa, denetatik dena. Nola bete nintzake emakume gajo batek? nere egarria bera zuenak palakatuko al ninduke agian?

Nekez bete dezake mugadun sorkariak mugarik ez duen arrenkura. Ezin bete nintzake Mirenek, ezta beste edozein emakumek ere.

Erlijiozkoa da berez gizonaren hutsunea, eta ez dauka mundu honetakoaz asetzerik.

Ez naiz, bada, emakumez nahastu, ez. Ziur dakit orain.

Ederki ulertzen dut lilurarekin gertatzen dena: beti izaten da lilura lortzea baino ederragoa. Bestetan esandakoa: ametsen azpian geratu ohi dira eginak. Ez da harritzekoa: absolutuak elikatzen eta moldatzen ditu ametsak, irudimenaren bidez. Maitemintzen garenean, esate baterako, ez du ameskia andregaiak sortzen, gure Jainko-egarriak baizik. Horregatik, apaintzen dute maitemina andregaiak berak ez dituen gauzak, oharkabean, absolutuari ditxezkon gaitasunak geuk ezartzen dizkiogulako.

Eta hala izanik ere, aberatsagoa da askoz ere gure egarriari darion edertasuna (ukaeraz sortzen bada ere) , neskak edo emakumeak duena baino.

Hauxe da aldakuntza: absolutuaren irritsak bitxitzen du lehenengo maitegaia, eta nahi eta nahi ez geratzen da hau geroenean sortutako mitoa baino beherago.

Lilura sortu duena baino ederragoa da lilura bera. Horregatik, gainera, lilura hiltzen du beti edozein liluragai atzeman eta iristeak.

Gauzatze guztiak hondatzen dute ametsa; zeren ametsa Jainkoak edertzen duen, gu konturatu ez arren, eta gauzatzea sorkariak. Absolutuaz jazten da berez lilura; eta hemendik ondorea.

Ez dago betetasunik gizona guztiz bete dezakeenik: ezinbestez etorri behar du gerora etsipenak.

Ez da maitemina bakarrik gezurtaratzen duena, edozein liluragai baizik. Liluraren sustraietan datza geroko frakasoa.

Mugara iritsi ezkero, ez dago lilurarik. Beraz, ez gaitezen inoiz iritsi. Hau da askoren iritzia. Askorena esan dut, eta guztiona esango banu ere, ez nintzake oso oker ibiliko.

Iristeak oro lilura hiltzen badute, eta aberatsagoa eta ederragoa bada izanez lilura irispena baino, egokiagoa da bidea ere helburua baino.

Ibil gaitezen helbururantz; honela bizi gaitezke zoriontsu samar behintzat. Eta ibili ahal izateko, urrutira ditzagun jomugak. Honela jokatuz, betirako izango dugu nondik ibili eta norantz joan, eta amaigabeko bideetan zehar gordeko ditugu lilurak eta zorion-esperoak.

Tarteak sortu, tarteak asmatu, ibilbideak bilatu: honatx agian gizonaren salbazioa… heldu ez baina ibil gaitezen, etengabe, zorion aldera, behin ere bidea bukatzeke. Ez dago beste salbabiderik: gauzen esentziak eskatzen digu jokaera hau.

Ezinezko amodioaren erakarria konprenitzen dut orain: ezin lortu ditekeena aukera dezagun, eta horrela ez zaigu liluraren lorea behin ere zimelduko…

Bai… bai… Egia…

Baina, Jainkoa?

 

 

 

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s