hona hemen BERRIAn ateratako nire iritzi-artikulua:
http://www.berria.eus/paperekoa/1704/005/004/2011-09-07/tradizio_egiten.htm
2011-09-07
Zuzendariari
Tra(d)izio egiten
Ainara Maia. Irun.
Jakin dezagun zoriona une bat soilik dela, eta maitasuna bizitza oso bat. Aukera polit bat ematen dio Jaizkibel konpainiari Ertzaintzak bide berri bati ekiteko. Hondarribiko bestak berrasmatzeko eta denok batera bidea egin dezagun. Izan ere, tradizioa etenik gabe aldatzen eta berritzen baitoa. Ezer ez da betiko, eta Hondarribiko alardea ez da salbuespen.
Ni ez naiz sobera alardezalea, betiko irundarra izan arren (Irungo ospitale zaharrean sortu bainintzen, eta horrek betiko bihurtzen omen nau), eta nahiago dut bestaz giro onean eta lagunartean nahiz familiarekin gozatu.
Alardezalea baino gehiago, historiazalea naiz, eta tradizio eta ohitura guztiak historian ere oinarritzen direlako, historia etenik gabe traizionatzen dugula erran dezaket. Etenik gabe ari gara belaunaldiz belaunaldi tra(d)izio berriak sortzen, garaian garaikora egokitzeko. Bestela, erradazue zergatik orain emakumeok galtzak jantz ditzakegun, duela berrogeita hamar urte apenas emakume batek galtzak jartzea irrigarria eta lotsaemangarria zelarik edozein euskal herritan? Tradizioak etengabe berritzen doaz, erremediorik gabe, ala?
Ertzaintzak aukera paregabea eskaintzen dio Jaizkibel konpainiari tradizio berri bat sortzeko, eta deuseren aurka joan gabe, besten eta jaien alde zerbait berria egiteko, eta ideia bat baino gehiago bururatzen zait, hala nola 1512an Nafarroako Erreinuaren konkista oroit dezakegu Hondarribiko arma plazan, heldu den urtean konkistaren 200. urteurrena dela jakinik.
2011ko buruilaren 6a, asteartea… 15 urte zu gabe zurekin
LADY MARITXU
Azkenean argia ikusi duzu,
Maritxu, nora zoaz?
Arrosez betetako bide luze bat igarota,
Petalo gorriak bakarrik gordeko ditugu,
Eta dama baten modura gogoratuko zaitugu betiko.
Azkenean aske sentitu zara,
Gurekin utziz
Zuk zenituen asmo eta proiektu guztiak,
Maritxu, nora zoaz?
Norberak bakarrik daki
Noiz den munduaren bukaera
Azken arnasa hartu arte
Borrokatutako emakume baten modura
Gogoratu zaitugu betiko.
Izeba, ahizpa, alaba, ama, amatxi, laguna, emaztea,
Eta batez ere, denekin oso adeitsua izan zinen horri
Ikusi arte,
Ez adiorik.